Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa. Juan Karlos Izagirre. EH Bilduko ahaldungai nagusia

«Kontua da herritarrei erantzunez edo bizkarra emanez gobernatzen den»

Zortzi urte dira EH Bildu instituzioetara iritsi zenetik, eta harrezkero «sendotu eta egituratu» egin da, Izagirreren ustez: koalizioa «prest» ikusten du «bere estilo eta ideologiarekin» gobernatzeko.

JON URBE / FOKU.
jon olano
Donostia
2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
2011-2015 artean Donostiako alkate izan ondoren, politikagintzaren lehen lerroa utzi zuen Juan Karlos Izagirrek (Igeldo, Gipuzkoa, 1963). Ahaldun nagusi izateko asmoz itzuli da, baina argituta instituzioetan egotea «guztiz zirkustantziala» dela bere kasuan.

Lehen lerrora itzuli zara. Emaitza edozein dela ere, lau urterako?

Bai. Irabazten badugu, gobernatzera goaz, eta, bestela, ikastera.

2011n, irabazi zenuten; 2015ean, zein izan zen ikasgaia?

Asko. Ikasi zen helburua dela instituzioek eta herritarrek egiten dutena uztartzea, ez dela erraza, baina posible dela. Gauza batzuk ondo egin ziren, gaizki egindakoak ere egon ziren. 2019ko EH Bilduk ez du zerikusirik duela zortzi edo lau urtekoarekin; herritarrek ikusten dute sendotu eta egituratu dela, gobernatzeko prest dagoela, bere estilo eta ideologiarekin.

Zeintzuk izan ziren ondo eta gaizki egindako horiek?

Orokorrean, herritarrak konturatu ziren gauzak beste modu batera egin daitezkeela eta horrela eginda ere atera egiten direla.

Izutzen du EH Bilduk agintzeak?

Ez dut ulertzen diskurtso hori. Ez da egia eta jendeak ez du sinesten.

EAJk dio bi eredu daudela: berea eta EH Bildurena. Hala da?

Ez; asko daude. Kontua da gobernuek herritarren esku edo elite batzuen nahietara egon behar duten. Diogunean EH Bilduk erabakien erdigunean egon behar duela, diogu horrela bermatzen dela eredu guztiek beren lekua izatea. Argi dugu ezkerrekoak garela, baina herritarren esku utzi nahi baditugu instituzioak, horrek esan nahi du adostu behar duzula beste modu batera pentsatzen dutenekin. Inportanteena da herritarrei erantzunez gobernatzen den, ala horiei bizkarra emanez. Gure eredua zintzotasuna, gertutasuna eta gardentasuna dira.

Nola agintzen da herritarrekin?

Haiekin egonda. Egon behar da enpresekin, unibertsitatearekin,udalekin, garapen agentziekin... eta herritarrekin. Sistema parte hartzaile batek behar ditu, batetik, feedback jarrai bat, eta horretarako kalean egon behar zara etengabe; bestetik, galdeketak.

2011-2015 artean, Igeldoko galdeketa egin zen soilik.

[Donostian] Lege bat egin zen galdeketak errazteko, eta gauza guztiek beren denbora behar dute. Tresna ezarri behar da egunerokoan. Gure konpromisoa da kontsultatzea. Ez da soilik aldundiak kontsulta bat egitea, baizik eta herritarrek eskatzea eta hori ahalbidetzea, derrigor. Legeak oztopoak jarri arren, zirrikituak dituzu herri borondatea ezagutzeko.

Merkatuaren legeekin, zein ahal dauka aldundi batek, adibidez, etxeen prezioan eragiteko?

Ikasi genuen erabaki ez dituzun lege batzuek joko zelaia markatzen dizutela, baina badaudela aukerak ere. Etxebizitzan, proposatu dugu prezio estandar bat jartzea herri bakoitzean; balio dezake diputazioak fiskalitatean eragiteko, prezio horretatik gora karga bat ezarrita. Zirrikituak daude.

Aberastasun handien zerga berreskuratuko duzue. 2011-2015 aldian gatazka iturri izan zen.

Milioi asko dauzkatenei eragiten die; ez dute ordaintzen denon onurarako litzatekeen dirua. Denak ados gaude gehiago duenak gehiago ordaindu behar duela, baina EAJk eta PSEk muga jartzen diote. Guk ez. 38 pertsona hamabost milioi gutxiago ordaintzen ari dira. Sozietateen zergan, progresibitatea behar da, enpresek ez luketeelako berdin pagatu behar milioi bat edo ehun irabazita.

Nola saihestu bazterketa alardeetan?

Alkatetzatik erraza da erabaki bat hartzea da. Gai batzuen aurrean, hauteskunde kostuak bigarren mailan geratu behar dira; pertsonen eskubideak gainetik jarri.

Matxismoa gizartean eta gizonon barruan errotuta dago; asko dugu geure buruan aztertzeko.

Zer egin eraikita dagoen errauste planta batekin?

Europako irizpideak jarraituz, Gipuzkoan ez da behar halako azpiegitura bat. Prozesu bat ireki behar da, eta oinarria izan behar da informazio guztia herritarren esku jartzea.

Eustaten arabera, 4.500 euroren aldea dago Oiartzualdeko eta Debagoieneko errenten artean. Nola orekatu?

Konpromisoa da 40 milioi jartzea, eragileek zehaztu dezaten estrategikoki zein diren eskualdeko lehentasunak.

Zahar etxeetako langileez, EAJk egotzi dizue 2011-15 legealdian auzia konpontzea, baina eurek pagatu behar izatea.

Ez da egia. Ordaindu genuen, eta bideratuta utzi genuen ordainketa. Pagatzeari utzi diote, horregatik dago gatazka. Zaintza feminizatutako sektore bat da; prekarioa ez, hurrengoa. Benetako apustua egin behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.