Udal eta foru hauteskundeak

Bizikidetza. Itxiera bat hasi duen legealdia

Bozetako kanpainaurrean eztabaidagai izan da ETA, EH Bilduren zerrendak eta Aranzadiren webguneak tarteko. Azken legealdian, baina, beste tonu bat nagusitu da, eta zenbait aurrerapen egin dira biktimen eta presoen alorrean.

Torturaren inguruko txostenaren aurkezpena, Nafarroako Parlamentuan, otsailean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorrak alderdiei eta instituzioei eskerrak emanez amaitu zuen bere ibilbidea martxoan. «Ixten» ari den fase baten bukaeran izandako rolaren aitortza egin zien modu horretan, besteak beste, azken legealdian biktimen zein euskal presoen alorrean egindako aurrerapenak tarteko. Hauteskundeak gerturatu ahala, baina, beste tonu bat gailendu da. Lehenik, PSE-EEk Aranzadik garatutako memoria webguneen afera txertatu zuen eztabaida politikoan; Covitek, berriz, ETArekin lotuta espetxeratu zituzten zenbait lagunek EH Bilduren zerrendetan duten lekua nabarmendu du. Eztabaida horiei heldu diete alderdiek, gatazkaren ondorioak kanpainako agenda politikoan txertatuta.

«Memoria kritiko bat» eraikitzeko bidean, Gogora institutuak sustatutako Begiradak proiektua izan da azken legealdiko urrats esanguratsuenetako bat. Maria Jauregik, Josu Elespek eta Axun Lasak bat egin zuten, hiru historialarirekin batera, «bizikidetza demokratikoa memorian eta historian oinarrituta eraikitzen laguntzeko». Ahazturarik gabeko etorkizun baten beharra adierazi zuten txostenean, egia, biktima guztien aitortza eta memoria partekatu bat oinarri hartuta.

Azken asteetan, baina, iragana oroitzeko modua bera eztabaidaren erdian ezarri dute alderdiek. Galdakaoko Udalaren memoria webgunea jomugan jarrita, Aranzadik Gipuzkoako eta Bizkaiko zenbait udalerrirentzat egindako lanak arbuiatu dituzte, besteak beste, EAJk eta PSE-EEk, ETAren biktimak eta «ETAren terrorismoa» egin zutenak parekatzen zituztelakoan.

Horren ostean, Covitek eman zuen beste datu bat: ETArekin lotuta espetxeratutako 44 lagun daude EH Bilduren udal zerrendetan. Horien artean ageri dira erakunde hark egindako zenbait hilketetan parte hartzeagatik kartzelatutako zazpi lagun, baina baita, besteak beste, Hasier Arraiz Sortuko idazkari nagusi ohia ere; bi urte eta erdi egin zituen behin-behinean preso, Batasunako mahai nazionaleko kide izateagatik.

Eskuinak gogor egin du koalizio subiranistaren kontra, eta Dignidad y Justicia elkarteak Auzitegi Nazionaleraino eraman du gaia; fiskaltza salaketa aztertu edo ez aztertzen ari da, nahiz eta zerrendek hauteskunde batzordeen oniritzia izan. Baina, ezkerreko alderdiek ere hizpide izan dute afera. Hala nola «odol delituak» egindakoei erreferentzia eginda, Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Pilar Garridok esan zuen «saihestu beharreko min bat eragingo diela biktimei», eta beraz, ez duela laguntzen bizikidetza eraikitzen. Beste tonu batean aritu zen Nafarroako gobernuburu eta PSNren hautagai Maria Txibite, nahiz eta ez «gustatu» zenbait izen: «[ETAri] eskatzen genion armak uzteko, eta sistema demokratikoaren parte izateko eta euren ideiak hitzez balioarazteko; eta hor daude».

Hitz horiek azken eztabaidak baino gertuago daude Nafarroan bizikidetza alorrean egin diren urratsetatik. Izan ere, Foro Sozialak lurralde hartara begira hasi zuen legealdia, esanez «bizikidetza demokratikoaren legealdia» izan behar zela. Aritmetika parlamentarioak eta alderdiek erakutsitako borondateak horretarako bidea eman du, eta emaitzek plataformako kideak ere harritu eta poztu ditu, hein berean.

Nafarroako Foro Sozialeko kide izandako Xanti Begiristainen esanetan, Navarra Suma ez beste alderdi guztiak urratsak egiteko lanean aritu dira, elkarren arteko akordioak tarteko: «Esan dezaket harridurarekin ikusi dudala hainbeste lorpen egin izana urte hauetan. Ez nituen hain azkar espero». Hark bat nabarmendu du: Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako torturaren inguruko txostena, eta alderdi politikoek hari emandako erantzuna.

Nafarroako Gobernuak iazko udan esleitu zion 1979tik 2015era bitarte emandako tortura kasuak aztertzeko lana institutuari, eta urtarrilean argitaratu zuten, Hego Euskal Herriko argazki bat osatzeko: denera, 1960tik 2015era bitarte emandako 5.181 tortura kasu erregistratu dituzte; horietatik 1.068 Nafarroan. Hilabetera, parlamentuko talde guztiak mintzatu ziren txostenaren alde. Besteak beste, Inma Jurio PSNko parlamentariak adierazi zuen txostenak erakutsi zuela «erreparazioa behar duten beste pertsona batzuk badaudela» eta «zuzenbide estatuak ematen dituen tresnen erabilera ilegitimoa» egin zela.

Horrek aldaketa nabarmen bat erakutsi zuen PSE-EEk urte batzuk lehenago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasuen inguruko txostenaren harira esandakoekin; ez zuten ontzat jo, «gatazka baten teoria elikatzen» zuelako. Horixe leporatu diote sozialistek oraintsu Aranzadiri ere.

Torturarena ez da, ordea, Nafarroan azken legealdian egindako urrats bakarra. Urteetako ezinaren ostean, Espainiako segurtasun indarrek eta eskuin muturreko taldeek eragindako indarkeriaren biktimak aitortzeari bidea ireki diote. 2021eko maiatzean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak onetsi egin zuen parlamentuak 2019an adostutako foru legea, eta urtebete geroago hura eguneratu zuten alderdiek. Are gehiago, irailean jarri zuten martxan Aitortzaren eta Erreparazioaren Batzordea, estatuaren Nafarroako biktimen eskaerak jasotzeko eta haien aitortzarako prozedura administratiboari ekiteko.

Prozesu ia bera urrats bat aurretik doa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horren adibide da Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak 46 biktima ofizialki aitortzeko eskaera egin izana. Ez da, ordea, oztoporik gabea izan: hainbat polizia eta ETAren biktimen elkarte batzordearen lana boikoteatzen saiatu ziren, ehunka kalte-ordain eskaera eginda.

Izan ere, abiadura bestelakoa da Madrilen. Esaterako, Jose Barrionuevo eta Juan Alberto Belloch Barne ministro ohiekGALen eta torturen erabilera justifikatu dute azken hilabeteetan, eta oraintsu jakin da Barne Ministerioak Arturo Espejo, Zabalza auziarekin lotura zuzena izandakoa, Guardia Zibilaren teniente jeneral eta Sostengu Agintaritzako buru izendatu duela.

ETAren biktimen aitortzari dagokionez, berriz, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik eta Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek egindako Urriaren 18ko Adierazpena izan da mugarri nagusia. Ezker abertzaleko kideek ETAren biktimei adierazi zieten haien minak ez zuela «inoiz gertatu behar»: «Bihotzez esan nahi diegu asko sentitzen dugula jasan duten sufrimendua, eta ahal dugun neurrian arintzeko konpromisoa hartzen dugula». Besteak beste, Espainiako gobernuburu ohi Jose Luiz Rodriguez Zapaterok «garrantzi handikotzat» jo zuena. Hortaz aparte, EPPK-k presoen harrera ekitaldiak modu «pribatuan eta diskretuan» egitearen alde egin zuen, esanez «ulertzen» duela harrera publikoek«samina» eragin dezaketela.

Presoak «etxera»

Ziklo honek utzitako tituluetako bat izan da euskal presoei aplikatutako sakabanaketa politikaren amaiera. Pedro Sanchez Espainiako Gobernura iristearekin, euskal presoak Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara lekualdatzeko mugimenduak hasi ziren, eta prozesu horri martxoaren amaieran eman zitzaion bukaera, Espainiko Espetxe Erakundeek estatuan geratzen ziren azken sei presoen Euskal Herriratzea iragarrita —Alcalan dago oriandik Jaione Jauregi—.

Horrek indarrean dauden gainerako salbuespen politiketan indar egiteko aukera eman die Etxerat elkarteari eta Sare Herritarra plataformari. Horren adibide da Etxera leloa, kritiketatik babestu behar izan dutena: «Espetxe arloko legeek babesten dute eskakizun hori, ez baitute inola ere esaten zigorrak espetxeko hormen artean bete behar direnik azken egunera arte». Hori baita sakabanaketaren osteko aroan hizpidera ekarri den arazo nagusia, gradu erregresioena.

Presoen eskubideen aldeko mugimendutik soilik ez, udaletatik ere erantzun diote justiziaren jarrera horri. Esaterako, Xabier Atristain berriz espetxeratzearen aurkako bi adierazpen egin zituen Donostiako Udalak: ekainean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzitakoaren kontra espetxeratu ostean; eta urrian, hirugarren gradua atzera bota eta gero.

Aurrera begira, berriz, beste zenbait gairen artean, iheslari eta deportatuen afera mahai gainean jartzeko beharra azaldu dute eragileek. «Elkarbizitzaren gai garrantzitsu honetan lanean jarraitu behar da. Aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, ez dago zalantzarik, baina beti geratzen da zer hobetu», zehaztu du Xanti Begiristainek.

Horiek, baina, ez dira alderdien programetan ageri. Izatez, apenas tratatu duten euskal gatazkaren ondorioen kudeaketa. Nafarroako Parlamentuko hautagaitzen dokumentuak dira salbuespena. Bake eta Bizikidetza Eskolak programa garatzea hizpide izan dute egun Nafarroako Gobernuan diren alderdiek eta EH Bilduk. Horrez gain, PSNk eta Geroa Baik Bizikidetza, Memoria eta Giza Eskubideen II. Plan Estrategikoa garatzeko asmoa azaldu dute. Koalizio independentistak, berriz, Aitortzaren eta Erreparazioaren Batzordea eta Memoriaren Institutua garatzeko beharra azaldu.

UPNk, aldiz, «terrorismoaren biktimen justizia» bultzatzea jarri du helburutzat, eta «erradikalismo politikoari aurrea hartzeko» lege bat eta terrorismoaren biktimen foru legea aldatzea proposatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.