Udal eta foru hauteskundeak. Etxebizitza

Etxebizitza. Eskubide bat bermatzea, jokoan

Etxe eskubidea aitortua dute herritarrek, baina hurrengo udal gobernuek eta Nafarroakoak beren eskuetan izango dute eskubide hori bermatzea. EAJren eta UPNren helburua etxebizitza gehiago eraikitzea da, eta EH Bilduk tentsio handiko eremuak izendatzeari eman dio garrantzia.

Etxebizitza batzuk eraikitzeko lanak, Bilbon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Etxebizitza duin, egoki eta eskuragarri batean bizitzeko eskubidea aitortua dute Hego Euskal Herriko herritarrek legez. Aitortzea gauza bat da, eta bermatzea beste bat. Etxebizitzarako eskubideak oztopo ugari ditu; asko, ekonomikoak. Horren adibide bat da metro karratuaren prezioa: 3.366 euro balio du Gipuzkoan, 2.862 Bizkaian, 2.276 Araban eta 1.602 Nafarroan. Udalerriei erreparatuta, Donostia nabarmentzen da. Gipuzkoako hiriburuan da metro karratua Euskal Herriko garestienetakoa: 5.128 euro balio du, Espainiako Erregistratzaileen Elkargoaren arabera —Miarritzen (Lapurdi) garestiagoa da metro karratua: 8.000 euro baino gehiago balio du—. Etxebizitza agentzia baten datuak ere adierazgarriak dira: nafarrek soldataren %40 erabiltzen dute alokairua ordaintzeko, eta bizkaitarrek, gipuzkoarrek eta arabarrek, berriz, soldataren erdia baino gehiago: %52. Alderdi politikoak ohartuak dira etxebizitzaren arazoaz, eta udal eta foru hauteskundeetarako kanpainaren ardatzean jarri dute.

Kanpaina hasi baino lehen ere hartua zuen protagonismoa, ordea, etxebizitzaren gaiak; bereziki, laster delako indarrean sartzekoa Espainiako Gorteek onartutako Etxebizitza Legea. PSOEren —eta, ondorioz, PSNren eta PSE-EEren—, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren babesa du legeak. EAJk eta Geroa Baik, berriz, autonomia erkidegoen eskumenak urratzen dituela salatu dute; UPNk eta PPk ere ez dute babestu legea.

Legearen helburua da «etxebizitza duin eta egoki baterako sarbidea izateko eskubidea bermatzea», eta aukera ematen du baldintza jakin batzuk betetzen dituzten lekuak tentsio handiko eremu izendatzeko. Legearen lorpenik handienetako bat da eremu horietan alokairuen prezioen igoera mugatzea: jabeek %2 garestitu ahalko dute alokairua aurten, eta %3 2024an. Legearen inguruko iritziek denetariko mezuz bete zuten kanpainaurrea, eta horien araberakoak dira kanpainakoak. Izan ere, Nafarroako Gobernuak eta udalek etxebizitza politikan dituzten eskumenak ez dira nolanahikoak. Haien esku egongo da legeek irekitzen dituzten bideak jorratzea edo ez.

NAFARROA

Nafarroako Gobernuak etxebizitza politikaren eskumena du, eta hori garatzeko arau nagusia 2018an onartu zuten: Nafarroako Etxebizitza Legea. Madrilen onartzekoa diren legeak aterki juridiko bat emango dio Nafarroakoari, eta Nafarroako Gobernuak bi lege horien esparruan hartu ahalko ditu etxebizitzaren alorreko erabakiak.

UPNk nabarmendu du etxebizitzen eskaintza falta dela «arazoa», eta, horregatik, hori bera bultzatuko duela alderdiak Javier Esparza Nafarroako presidente bihurtzen bada: etxebizitza gehiago eraikitzea. Etxeak alokatzen dituzten jabeei zergetan pizgarriak ematearen alde dago UPN, eta, azaldu duenez, alokairuaren merkatuko prezioen «esku hartzea» bertan behera uztea da alderdiaren asmoa.

PSNk «arauak behar beste egokitzea» bultzatuko du, nafar guztiei prezio eskuragarriak dituzten etxebizitza duinetarako sarbidea «bermatzeko»; ez du zehaztu, ordea, zer lege egokitzeko asmoa duen. Maria Txibite egungo Nafarroako presidentearen alderdiak adierazi du «lehentasuna» izango dela alokairu sozialeko etxebizitzen parkea handitzea, «epe ertainean eta luzean».

Geroa Baik hauteskunde programan ez du aipatzen Madrilen egindako Etxebizitza Legea, baina nabarmentzen du Nafarroako Etxebizitza Legea —2018koa— «osorik garatzea» dela haren helburua. Alokairuen prezioen igoerak arautzeko esparrua garatu asmo duela adierazi du Uxue Barkosen koalizioak. Beste proposamen bat da eraikinen behe solairuetan hutsik dauden lokaletan babes sozialeko etxebizitzak egin ditzaten sustatzea.

EH Bilduk Etxebizitza Lege berria aldarrikatu du, eta adierazi aterki juridiko horren bidez alokairuen merkatuan esku hartuko duela hauteskundeak irabazten baditu; esaterako, alokairuen prezioen igoera mugatuz. Laura Aznal presidentegaiak adierazi du etxegabetzeen biktima izan direnei «etxebizitza alternatiba duin bat» eskainiko zaiela bermatzeko lan egingo duela.

Zurekin Nafarroak ere asmoa du Madrilen ondutako Etxebizitza Legeak ematen dituen «aukera guztiak» martxan jartzeko; besteak beste, alokairu pribatua arautzeko, tentsio handiko eremuak izendatzeko eta hutsik dauden etxebizitzen jabeak zigortzeko.

Etxebizitza politika ez dagokie soilik autonomia erkidegoei; udalen eskumena da etxebizitzen planifikazioa, programazioa eta kudeaketa. Iruñeari dagokionez, UPNk eta PSNk etxebizitzak eraikitzearen alde egin dute. Bi alderdiek esan dute Donapean eta Etxabakoitzen 15.000 etxebizitza inguru eraikitzea bultzatuko dutela, eta horien erdiak babestuak izango direla —legeak ezartzen duen gutxienekoa da hori—. EH Bilduk esan du etxebizitzaren egoera «zehatz aztertuko» duela, tentsio handiko eremuak izendatzeko, eta, horrela, alokairuen prezioen igoera mugatzeko, «baldin eta baldintzak betetzen badira».

DONOSTIA

Etxebizitza politikak protagonismoa hartu du Donostian, udal hauteskundeen kanpainan. Izan ere, Gipuzkoako hiriburua da inguruko hiriekin alderatuta etxebizitzaren prezio garestiena duena eta egoera larriena duena. Udal hauteskundeak irabazi nahi dituzten alderdiek denetariko proposamenak egin dituzte egoera horri aurre egiteko.

Eneko Goiak, EAJren alkategaiak, nabarmendu du Donostian ez dagoela «etxebizitza nahikorik», eta eskaintza areagotzea izango duela helburu alkate karguari eusten badio. «Datozen urteetan» —ez du zehaztu zenbatetan— 4.000 etxebizitza eraikiko dituztela adierazi du Goiak, eta Loiolako kuartelak eraitsi eta gero eraikitzekoak diren 1.700 etxebizitzak aldarrikatu ditu. Horien %40 babestuak izango direla esan du; EAEko Etxebizitza Legeak ezartzen duen gutxienekoa, alegia.

EH Bilduk ere garrantzia eman dio etxebizitza gehiago eraikitzeari, baina harago joan da. «Nire konpromisoa da hiri osoa tentsio handiko eremu izendatzea», esan du Juan Karlos Izagirre alkategaiak. Etxebizitza Legeak irekitako bideari jarraituta, alokairuen prezioen igoera mugatzeko aukera egongo litzateke Donostian, besteak beste. Elkarrekin Podemos-IUk ere nahi du Donostia osoa izatea tentsio handiko eremu.

PSE-EEk tentsio handiko eremuak izendatzeko aukera zabaldu nahi du —zehaztu gabe Donostia osoan edo auzo batzuetan egingo luketen—, eta Loiolako kuartelen orubean eraikitzekoak diren etxeen %60 babestuak izatea. PPk gazteentzako etxeak egin nahi ditu Illunben.

BILBO

Bilboko egungo alkateak eta EAJren hautagaiak, Juan Mari Aburtok, nabarmendu izan du etxebizitzaren arazoa konpontzeko «tresna nagusia» enplegu duina izan behar dela, «ondo ordaindutakoa». Esan du alokairua bultzatu behar dela, eta etxebizitzen eraikuntza lagundu, alokairura bideratuta. Ez du zehaztu Espainiako Etxebizitza Legea erabiliko lukeen edo ez.

PSE-EEren hautagaiak, Nora Abetek, Etxebizitza Legea defendatu du, eta adierazi «tresna bat» dela etxebizitza hutsak higiezinen merkatuan sartzeko; 900 etxebizitza huts baino gehiago daude Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren arabera—beste zenbaketa batzuen arabera, baliteke 5.000 ere izatea—.

EH Bilduk ere etxe hutsetan jarri du soa, eta Etxebizitza Legea aldarrikatu. Alokairuko etxe publikoak ugaritzearen alde egin du Maria del Rio hautagaiak, eta alokairuen prezioen igoera mugatzea defendatu. Legez kanpoko etxe turistikoak arautzeko bulego bat sortuko duela ere esan du. Elkarrekin Podemos-IUk ere alokairuak arautzeari eman dio garrantzia.

GASTEIZ

Gasteizi dagokionez, EAJk adierazi du 25.000 etxebizitza eraikitzeko asmoa duela, eta horietako 2.000 inguru alokairu sozialekoak izango direla; Zabalganan eta Salburuan eraikitzea aurreikusi du. Beatriz Artolazabal alkategaiak ere jakinarazi du etxebizitzen eraberritzea sustatu asmo duela.

Gasteizen alokairuko etxebizitzaren udal parkea sortzea du xede, berriz, EH Bilduk. Rocio Vitero hautagaiak azaldu du Gasteizko Udalaren eskumenekoak diren etxebizitza guztiak alokairuko parke publiko bat hornitzeko erabiliko direla, eta nabarmendu parke horri beste administrazio publiko edo eragile pribatu batzuen etxebizitzak gehitu ahal izango zaizkiola, lankidetza hitzarmenak sinatuta.

PSE-EEk ere alokairu soziala bultzatzeko asmoa adierazi du, eta Maider Etxebarria alkategaiak nabarmendu du erregimen horretako mila etxe eraikiko dituztela.

PPk, berriz, zergetan pizgarriak ematea defendatu du, etxebizitzak erostea eta alokatzea sustatzeko. Elkarrekin Podemos-IUk, bestalde, Madrilgo Etxebizitza Legeak eskaintzen dituen «tresnak» erabiltzearen alde egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.