EHUko graduen lehen matrikulen tasak ia%5 jaitsiko dituzte irailetik

Graduetan, bigarren matrikulatik aurrera, tasak mantenduko dituzte. Gaikuntza masterren prezioa %19,5-35,9 merkeagoa izango da

Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko graduetan lehen matrikula merkeagoa izango da: %4,7 jaitsiko dituzte tasak. Gaikuntza masterrei dagokienez, are handiagoa izango da jaitsiera: lehen matrikulek %19,5etik %35,9ra arteko murrizketa izango dute. Irailetik egongo dira indarrean prezio berriak.

Hala ere, ez dituzte guztiak jaitsiko. Atzo jakinarazi zutenez, graduko bigarren matrikulen eta hurrengoen tasak mantendu egingo dituzte: «Sailak unibertsitateko matrikulak izoztuta mantendu ditu zazpi urtez jarraian, 2015- 2016ko ikasturtetik 2021-2022 ikasturtera», nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ohar bidez. Jaitsiera ere goraipatu du: «Neurri horiei gehitu behar zaie orain 2022- 2023ko ikasturterako tasen jaitsiera».

Prezioen berri emateaz gain, unibertsitateko bekak ere aipatu dituzte. Eman dituzte ikasturte honetako datuak: 14.398 ikaslek jaso dute bekaren bat Hezkuntza Sailaren unibertsitateko ikasleentzako deialdien bidez. Beka horien artean, 10.647 orokorrak izan dira, eta 28,4 milioi euro bideratu dituzte horietara. Nabarmendu dutenez, %70 ebatzita eta ordainduta zeuden abenduaren 31rako; alegia, aurreko urteetan baino %60 gehiago. Bide horri eutsi nahi diote: «2022-2023ko ikasturteari begira, Hezkuntza Sailak beken ebazpen eta ordainketa goiztiarrean aurrera egiten jarraitzea jarri du helburutzat».

Gainera, beka orokorrak ez dira Hezkuntza Sailak eman ohi dituen bakarrak. Orotara, Hezkuntza Sailak kudeatzen dituen beka eta laguntza programetara 45,6 milioi euro bideratu dituzte unibertsitatearen eta ikerketaren arloan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.