Aske Gunea. Gazteen atxiloketa

Zibilen desobedientzia

Aske Gunea desegin, eta auzipetuetako sei atxilotu dituzte; ehunka ertzainek parte hartu dute operazioan, eta lau ordu iraun duAtxiloketak era baketsuan oztopatu dituzte; «elkartasun erakustalditzat» jo dute

jon olano
Donostia
2013ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
40 urte bete ziren atzo Espainiako Poliziak Eustakio Mendizabal Txikia hil zuenetik, eta urteurren egunean joan zen Ertzaintza Segiko kide izatea egotzita kondenatutako Donostiako sei gazte atxilotzera. Telesforo Monzonek kanta bat egin zion Txikia-ri. Kandido Sasetak eta Mendizabalek «herri osoa, atzo eta gaur, euren atzetik» zutela idatzi zuen Monzonek, eta, 40 urteren ondoren, Donostiako Bulebarrean eraikitako elkartasun harresiak erakutsi zuen Oier Lorentek, Mikel Arretxek, Aitor Olaizolak, Egoi Alberdik, Adur Fernandezek, Ekaitz Ezkerrak, Nahikari Otaegik eta Imanol Vicentek ere herri bat dutela haien atzetik.

Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen oldarralditik lezioa ikasi duela erakutsi nahi izan zuen atzo Ertzaintzak. Poliziaren jardueran ere garai berriak direla adierazi nahian, gazteak babestu eta haien atxiloketak saihesteko asmoz elkarri lotuta zeudenak banaka-banaka aterarazi zituzten poliziek, pilotak jaurtitzeko eskopetarik ez eta borrak ahalik eta gutxien erabiltzeko asmoz. Protestan ari zirenek ere gogoan izan zuten Athleticeko zalea, eta ertzainei «zuek hil zenuten Iñigo Cabacas» aurpegiratu zieten.

Oro ez zen urre izan, ordea. 30 furgonetatik gora eta 300 polizia inguru joan ziren sei gazte atxilotzera —Vicentek eta Otaegik ez dute ekitzan parte hartu— , eta Aske Gunea desegitera eta garai zaharretako ohitura bati jarraituz agertu ziren: gauez, ilunpean. 06:00etan heldu ziren. Argi faltak lausotu zituen harresia apurtzeko ahaleginetan hainbat poliziak emandako ostikadak eta ukabilkadak, baina protestan ari ziren deiadarrek ez zituzten entzunezin egin neska ugarik salatutako irain eta mehatxu sexistak. Kazetari agiria eskuan bazuen ere, Lander Arbelaitz Argia-ko kazetariari ere eraso egin zioten, ertzainek esandako eremutik kanpo kazetari lanak egiteagatik.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindua obeditu egin zuen Ertzaintzak, herritarrak aterarazten hasi aurretik eginiko ohartarazpenetan esan zutenez: «Auzitegi Nazionalaren agindua betearazteko, zigortutako pertsonak atxilotzeari ekingo diogu». Poliziek Auzitegi Nazionalari obeditu, baina ehunka zibilek desobeditu. Inor ez zen zutitu. Entzungor egin zieten ertzainei, eta «ez diegu eramaten utziko» oihukatu zuten. Protestak ondorio penalak izan zitzakeela ere ohartarazi zuen ertzainak, eserialdian jarraitzen zutenek «ardura penalak» izan zitzaketela. Garaiagoa izan da elkartasunaren murrua.

Elkarri heltzeko besoak eta oihukatzeko eztarriak izan ziren Aske Gunean batutakoen arma bakarrak. Erresistentzia baketsuarekin ihardetsi zieten poliziei; erantzunik eza izan zen erantzuna. Kostata heldu ziren ertzainak gunean zeuden sei auzipetuengana, eta operazioa hasi eta bi ordura sartu zituzten furgonetan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, beste bi pertsona ere atxilotu zituzten. Ordea, ez dute ezagutarazi zenbat zauritu izan ziren.

Gero eta gutxiago Aske Gunean, baina gero eta pertsona gehiago batuz joan ziren Bulebar inguruetako kale guztietan. Auzipetuek iragarria zuten ertzainek zail izango zutela haiek atzematea, eta, sei gazteak atxilo hartuta ere, lanak izan zituzten poliziek hara eramateko; Bulebarretik desagertu zen Aske Gunea, baina inguruko kaleetan berriro sortu zen. Tentsioak gora egin zuen ertzainak furgonetetatik atera eta pilotak botatzeko eskopetak atera zituztenean. Giroa baretu, eta oihu artean joan ziren 35 furgonetak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, 16:00 aldera espetxeratu zituzten Martutenen. Handik, ordea, Basauriko kartzelara eraman zituzten Arretxe eta Lorente, eta Zaballakora Alberdi, Olaizola, Ezkerra eta Fernandez.

Manifestazioak arratsean

Jendetza elkartu zen 19:15ean Donostian, atxiloketak gaitzesteko. Gazteak libre uzteko eskatu zuten, eta babesa azaldu zieten haien senideei. Iruñean, berriz, elkarretaratzea egin zuten, eta liskarrak izan ziren polizien eta protestan ari zirenen artean. Bartzelonan ere ehun bat pertsona elkartu ziren.

Gaur, berriz, Martuteneko espetxera joango dira, Bulebarretik 11:00etan abiatuta. Atxiloketen gaziaren aurrean, egunotako «elkartasun erakustaldi izugarriaren» gozoa nabarmendu zuten Aske Gunearen sustatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.