Arabak ez ditu aztertuko sindikatuen erresistentzia kutxen ordainketak

Gipuzkoak dio «edozein talde» izan daitekeela ikertua, eta ezin duela «informazioa berretsi edo baztertu», konfidentzialtasuna dela eta

Adolfo Muñoz eta Pello Igerigi, ELAko idazkari nagusia eta negoziazio kolektiboko arduraduna, atzo. ARITZ LOIOLA / ARP.
xabier martin
2018ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Arabako eta Gipuzkoako foru ogasunek jarrera desberdinak hartu dituzte sindikatuen erresistentzia kutxen jardueren auziari dagokionez. Arabak erabat baztertu du sindikatuek grebalariei egindako ordainketen inguruan inolako azterketarik egitea; ez du «beharrezkoa» ikusten. Gipuzkoak ez du argitu zein den bere ogasunaren jarrera Bizkaiak sindikatuei igorritako gutun eskaerek piztu duen egoeran. Hau da, ez du baztertu sindikatuen erresistentzia kutxak zergapetzeko asmoa, baina ez du berretsi horretan ari denik ere.

Imanol Lasa Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak denbora irabazi duela esan daiteke, sindikatuei erresistentzia kutxen inguruko informazioa eskatuko ote duten galdetu eta gero. «Ezin dut ez berretsi eta ez ukatu inolako informaziorik gai horri buruz». Konfidentzialtasunari buruzko arautegiari erreparatu dio galderari izkin egiteko, baina grebak egin ahal izateko funtsezko tresna hori darabilten sindikatuetan kezka txiki bat pizteko moduko esaldi bat gaineratu du: «Ogasunak edozein talde iker dezake».

Bizkaiko Aldundiak abiarazi duen egoera arantzaz beterikoa da, eta haren aurrean jarrera argia hartu du Arabak; gai horretan, behintzat, harmonizazio gutxi dagoela islatu dute aldundien adierazpen desberdinek. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak esan du ez dutela «arrazoirik ikusi teknikariek neurriak har ditzaten». Bizkaiko Aldundiak, berriz, iruzurraren aurkako planaren barruan kokatu du sindikatuei erresistentzia kutxen ordainketen inguruan helarazitako informazio eskaera. Elena Unzueta bozeramaileak esan du Ogasunak ez duela irizpidea aldatu ordainketa horien inguruan. «Beti PFEZaren barruan» egon direla adierazi du Elena Unzuetak.

Irizpide aldaketen inguruan

Oso bestelako argudioz azaldu zuen egoera ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek, herenegun. Esan zuen 38 urtean sindikatuak zorrotz bete dituela indarrean egon diren irizpideak, eta Bizkaiko Ogasunak behar duen informazio guztia baduela jada; bide batez, ukatu egin zuen ELAk eskaera ofizialik jaso duela, herenegun arte behintzat.

Baina gutunak jaso dituzte CCOOko eta UGTko euskal adarrek; haiek berretsi egin dute ogasunaren eskaera, baita erresistentzia kutxak ez dituztela erabili ere, 2014. eta 2017. urte arteko epean, hau da, Bizkaiko Ogasunak bere eskaeran zehaztu duen epean. CCOOk ez duela erabili beharrik izan azaldu du, eta UGTk ez duela erresistentzia kutxarik «edo antzekorik».

Hiru hilabete dira Bizkaiko zahar etxeetako langileen gatazka amaitu zela: 370 eguneko lanuzteen ondoren, euren aldarrikapenak lortu zituzten beharginek, eta erresistentzia kutxaren erabilera ezinbestekoa izan zen horretarako. Lan gatazka horren ondotik iritsi da Unai Errementeria ahaldun nagusi duen erakundeak sindikatuei eginiko eskaera, ia inoiz egin gabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.