Udal eta foru hauteskundeak. Miren Larrion. EH Bilduren Gasteizko alkategaia

«Gehiengo progresista bat artikulatu nahi dugu udal lidergoa hartzeko»

Larrionek ziurtatu du inbestidurara aurkeztuko dela baldin eta EAJk baino boto bat gehiago lortzen badu. Gasteizko Udalean «lidergo sendo eta partekatuak» lortzearen alde dago, eta ultraeskuina ez beste indarrekin elkarlanean aritzeko prest da.

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Baikor eta itxaropentsu dago Miren Larrion (Legazpia, Gipuzkoa, 1969) Gasteizko alkate izateko aukerarekin. Uste du hirian posible dela «aldaketaren» aldeko indarrak gehiengoa izatea.

Inkestek diote Gasteizko lehen alkate emakumea izateko benetako aukera duzula.

Hori herritarrek erabakiko dute. Ziurtasun osorik ez dut, baina posible eta egingarria da.

Azken urteotan hiriburua aldaketen paradigma bilakatu da. Zer gertatu da?

2015ean mugarri bat ezarri zen, eta, ordutik, hauteskunde deialdi ezberdinetan ikusi da gehiengo progresista bat dagoela hirian. 2015eko udal hauteskundeetan 35.000 boto izan ziren Marotoren diskurtsoaren alde, 30.000 boto EAJren eta PSEren alde, eta beste 40.000 inguru bloke progresistaren alde. Ordutik, ikusi dugu aldaketa gauzatzeko benetako aukera bat dagoenean, gehiengo aurrerakoi hori artikulatu egiten dela.

Espainiako hauteskundeetan PSEk irabazi zuen Gasteizen, eta EH Bildu bosgarren indarra izan zen. Gogoetarik?

Guk argi ikusten dugu gizarteak eredu bati baiezkoa eman diola eta beste bati, berriz, bizkarra. EH Bilduk eserlekua lortu izanak poztu egin ditu gehiengo progresista horren baitan dauden herritar asko. Eraikitzen ari den gehi- engo horri begira oso irakurketa positiboa egiten dugu emaitza horiez. Lausotzen ari dira garai bateko mugak, eta posible da norabide batean indarrak batzea. Oso abiapuntu onean gaude.

Maiatzaren 26an zure aurkari zuzena PPko Leticia Comeron da?

Guk ez dugu PP areriotzat hartzen. Maiatzaren 26ko benetako erronka da gehiengo progresista bat artikulatzea Gasteizko Udalean lidergoa hartzeko. Horretarako, noski, guk izan beharko dugu lehenengo indarra, beste indar batzuekin gobernatzeko.

Siglak ez direla akordiorako oztopo izango esan izan duzu. Norekin josi nahi dituzu konplizitateak?

Argi dugu lidergo sendoak eta partekatuak beharrezkoak direla. Uste dugu pertsona eta sigla bakar batek ez dituela erantzun guztiak, eta ezinbestekoa dela elkarlana. Akordio orotatik erabat baztertzen dugu ultraeskuina. Hortik aurrera, akordio zabalak bilatuko ditugu gobernatzeko edo proiektuak gauzatzeko.

Duela lau urteko egoera berbera gertatuko balitz, Gorka Urtaran berriro babestuko zenuke?

EH Bilduk EAJk baino bozka bat gehiago baldin badu, ni inbestidurara aurkeztuko naiz, ulertzen dugulako hori dela herritarren mandatua. Eta ez dugu aurreikusten PPk eta EAJk botoak batzea horren aurka egiteko.

Urtaranekiko zenuten konfiantza apurtu al da?

Duela lau urte Urtaran alkatetzan jarri genuen, eta aukera bat eman genion. Baina berak ez du aukera baliatu aldaketarako norabidean jartzeko. Bere hautu politikoa izan da. Politika eraldatzaileak aurrera eramateko gaitasunik ez du erakutsi, eta PPri keinu gehiago egin dizkio guri baino.

Damutu zara 2015ean babesa eman izanaz?

Ez, inoiz ez. Egia da duela lau urte aldaketarako norabidean itxaropen handiak piztu zirela hirian, eta ilusio horiek ez direla inondik inora bete, baina ez naiz sekula damutuko egindako apustuaz. Oso argi daukat egin beharrekoaegin genuela.

Gasteizek ez duela hiri proiekturik diozu. Zergatik?

Urtaran noraezean dabilelako. Hasieran hirirako zituen zutabeak herdoiltzen eta ahultzen joan zaizkio. Uste dugu ezinbestekoa dela hiriaren norabidea finkatzea; arlo materialean eta kulturalean behar handiak ditu Gasteizek, eta bere burua interpretatzeko irizpideak finkatu behar ditu. Gehiengo progresistak horrelako zerbait eskatzen du, eta hori gauzatzeko gaude gu.

Zeintzuk dira hirirako duzuen proiektuaren zutabeak?

Argi duguna da etorkizuna jasangarria izango dela edo ez dela izango. Hortik abiatuta, uste dugu etorkizuneko erabakiak modu adostuan eta lidergo partekatu batekin hartu beharko direla. Hainbat zutaberen gainean egin beharko da hori: mugikortasun eredua aldatuz, berrikuntzaren aldeko apustua eginez, gain behera doan industria eredua bultzatuz, aldaketa klimatikoari aurre eginez eta arlo sozialean eta kultur arloan hamaika proiektu martxan jarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.