Iosu Alberdi.
BOZ GORA

Madril kanpainan

2023ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Egunkari honek gaur argitaratutako elkarrizketan, Mikel Lezama PPren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak ukatu egin du Madrilek EAEko alderdi popularraren jarrera markatzen duela, kontrakoa gertatzen delakoan. Alberto Nuñez Feijook Bilbora egindako azken bisitako adierazpenetan, baina, ez zen popularrek udal eta foru bozetarako dituzten proposamenen gaineko hitzik entzun, ezta euren programetan adierazitako kezkarik aipatu ere. Hizpide bakar bat izan zuen alderdiko buruak: EH Bilduren zerrendak.

Izan ere, udal eta erkidego hauteskundeak dira Espainian ere, eta urte bukaerako Kongresurako eta Senaturako bozen kanpainaurrea ere martxan da; berebiziko garrantzia izango dute maiatzaren 28ko emaitzek horietan. Hala, Espainiako eta PSOEko zenbait sektoretan Moncloaren eta EH Bilduren arteko akordioek sortzen duten ezinegonaren jakitun, popularrek zukua atera nahi diote gaiari, Euskal Herrira baino gehiago, Espainiako beste txoko ugaritara zuzendutako mezuekin.

Izan ere, hemeroteka begiratzea besterik ez dago bere garaian EAEko PPren hautetsiek esandakoak gogoratzeko, nahiz eta egun ez errepikatu. «Euskal gizartearen etorkizuna, leku jakin batzuetan gustatu edo ez, Bildurekin ere eraiki behar da». Hitz horiek Borja Senperrenak dira. Orduan, Gipuzkoako PPko presidente zen; egun, baina, Espainiako PPren kanpainarako eleduna da. «Hankek ez didate dar-dar egiten inorekin akordioak egiteko [...] Nahiago nuke zabalduko balitz», esan zuen Javier Marotok Bilduz, Gasteizko alkate zela; baina, orain, Feijooren albokoa da Espainiako Senatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.