Ukraina

Viktor Janukovitx kargutik kentzea onartu du Ukrainako Parlamentuak

Ordu gutxian, oposizioko alderdiak nagusitu dira legebiltzarrean, praktikan Eskualdeen Alderdia bertatik at utzirikJulia Timoxenko aske utzi du legebiltzar berriak; Euromaidanera joan da zuzenean

Julia Timoxenko lehen ministro ohia, atzo, Kieveko Independentziaren plazan. Maiatzaren 25eko hauteskundeetara aurkezteko asmoa agertu du. MAXIM SHIPENKOV / EFE.
Samara Velte.
2014ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Ukrainako Parlamentuak aho batez onartu du Viktor Janukovitx presidentea kargutik kentzea, eta hauteskunde aurreratuetarako eguna ipini du: maiatzaren 25a, Europako Parlamentuko bozekin batera. Legebiltzarra gobernuaren aldeko kiderik gabe geratuz joan da azken orduotan, eta, azkenean, oposizioko alderdiak jabetu dira ganberaz: aldeko 328 botorekin eta aurkako batere ahotsik gabe onartu dute presidentea kargutik kentzea.

Haren inguruan galdera ugari haizatu dituzte Europa ekialdeko hedabideek: ebazpena onartzeko prest ote dagoen, Errusiara ihes egin ote duen... Iluntzean mugako Poliziak jakinarazi zuenez, presidente ohia eta haren alderdiko zenbait kide Errusiara igaro nahian ari zirela atzeman zituzten atzo arratsaldean, eta ordutik Donetsk eskualdeko lekuren batean daude ezkutatuta.

Janukovitxen bozeramaile batek ofizialki baieztatu duen bakarra da atzo goizaldean Kievetik Kharkhiv hirira joan zela, Ukrainako ekialdera, «laneko kontuak direla medio». Han du indargune nagusia bere Eskualdeen Alderdiak. Janukovitxek agerraldia egin zuen atzo arratsaldean. «Gure herrialdeak eta mundu osoak ikusi dituen gertakariak estatu kolpe bat dira», esan zuen aurrez grabatutako bideo batean. «Bi amnistia lege onartu ditugu; egoera politikoa egonkortzeko urrats guztiak egin ditugu, baina gertatu dena gertatu da». Parlamentuak bere oniritzirik gabe hartutako neurriek zilegitasunik ez dutela nabarmendu zuen, eta ez zeukala dimisioa emateko asmorik: «Kikildu nahi naute, kargua neure borondatez utz dezadan; baina ez dute lortuko». Alferrik: oposizioko indarrek erabat hartuta dauzkate Kiev hiriburuko kaleak eta gobernuaren egoitza nagusiak, eta neurriak euren kasa hartzeari ekin diote. Ezohiko bilkuran eta aldez aurretiko eztabaida saiorik gabe, presidenteak bere betebeharrak alde batera utzi dituela eta, beraz, kargutik kendu behar dela ebatzi zuen atzo legebiltzarrak.

Oposizioa parlamentuan

Eskualdeen Alderdia, praktikan, legebiltzarretik kanpo geratu da. Hainbat diputatuk dimisioa eman dute, «osasun arrazoiengatik», eta beste batzuk oposiziora igaro dira. Janukovitxen arabera, beldurragatik egin dute ihes: «Batzuek ezin zuten presioa jasan, eta kezkatuta zeuden euren familiengatik; baina badaude traidoreak ere». Ukrainako hedabideen arabera, 30 diputatuk baino gehiagok babestu dute oposizioa azken egunotan. Horrela, Janukovitxen aurkakoak nagusitu dira Radan (parlamentuan), eta hark gobernuaren funtzioa hartu du.

Onartu duen lehen neurria Julia Timoxenko lehen ministro ohia askatzea izan da. Janukovitxek hauteskundeetan garaitu zuenetik espetxe zigorra betetzen ari zen hura, boterea gehiegikeriaz erabiltzea eta diru publikoa desbideratzea egotzita. Mendebaldearen alaba besoetakoa ere bada, eta oposizioko Batkivtxina alderdiaren eskari nagusietako bat izan da hura aske uztea. Klinika batean ari zen zigorra betetzen; atzo arratsaldean irten zen handik, neurria onartu eta gutxira. Kievera abiatu zen zuzenean, eta Independentziaren plazan—Euromaidanen— bildutako jendetzari bertan jarraitzeko eskatu zion, «errudunak zigortu» arte: «Diktadura erori da, herrialdea gobernatzeko eskubidea duzue». Maiatzaren 25eko bozetara aurkeztuko dela ere jakinarazi zuen.

Legebiltzarreko presidentea eta Barne ministroa ere ordezkatu dituzte, eta Timoxenkoren alderdiko bi goi kargudun ipini dituzte haien tokian: Aleksandr Turtxinov eta Arsen Avakov, hurrenez hurren. Gainera, parlamentuak 2004ko konstituzioa berrezartzea onartu du, hori ere presidentearen sinadurarik gabe. Janukovitxek eta oposizioko buruek ostiralean adostu zuten trantsiziorako oinarrizko bide- orri bat; besteak beste, hauteskundeak egin bitartean batasun nazionaleko gobernu bat osatzea hitzartu zuten. Kalean kontrola hartu duten talde armatu ultraeskuindarrek, ordea, ez zuten onartu, eta kargua uzteko ultimatuma eman zioten presidenteari.

Talde armatuak, kalean

Herrialdea banatuta dago orain. Kiev oposizioaren esku dago erabat: bertako hedabideen arabera, Polizia desagertu egin da, eta azken egunotan istiluetan nahastutako talde armatuek —Maidango (plazako) Autodefentsek— hartu dute eraikin nagusien gaineko kontrola. Russia Today katearen arabera, Mendebaldeko Lviv hiritik jende gehiago heldu da haiei laguntzera.

Hego-ekialdean, berriz, Eskualdeen Alderdiaren indargunean, lasaiagoa da egoera, bertako hedabideen arabera. Probintzia horietako parlamentuko diputatuek leialtasuna adierazi diote Janukovitxi, eta «ordena konstituzionalari» eusteko eta Euromaidanekoei aurre egiteko eskatu diete herritarrei. Vadim Kolesnitxenko diputatuak atzerriko indarrei estatu kolpea eragitea egotzi die: «Urteak igaro dituzte Kieveko egoera prestatzen. Atzerriko eragileek hamar mila milioi dolar baino gehiago erabili dituzte azken urteotan kolpea prestatzeko: 'gobernuz kanpoko erakunde' deiturikoetan inbertitu dute».

Ukrainako hedabideen arabera, «izua» zabaltzen ari da hainbat hiritan. Janukovitxen aldekoak ez ezik, oposizioko indarren artean dauden ultraeskuindarren beldur diren beste hainbat komunitate ere hiriburutik hego-ekialdeko eskualdeetara ihes egiten hasi dira. Interneteko sare sozialetako dozenaka argazkitan ikus daitekeenez , ilara luzeak sortu dira elikagai dendetan, gasolindegietan eta banketxeetan, etor daitekeenari aurrea hartzeko asmoz. Errusiako Gobernuak zibilak —bereziki, Errusiako herritarrak— babesteko eskatu die Kieven eta Mendebaldeko eskualdeetan agintea duten erakundeei. Ostiralean, armatutako pertsona talde batek Bielorrusiako eta Errusiako turistak zeramatzan autobus bati eraso zion; gidaria, errusiarra bera, larri zauritu zuten. Minskek ere Ukrainarako bidaiarik ez egitea gomendatu die bere herritarrei.

Ukrainako armadak, berriz, ez dauka esku hartzeko asmorik, Defentsa Ministerioak atzo ohar baten bidez jakinarazi zuenez: «Leial izango gatzaizkio Ukrainako Konstituzioari, eta zorrotz beteko ditugu armadaren estatutuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.