Bartzelonak gainezka eginen du gaur epaia salatzeko martxarekin

Errepresioaren aurkako manifestazioa, atzo, Bartzelonan. MARTE PEREZ / EFE.
mikel rodriguez
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Bartzelonako karrikek bertze behin gainezka eginen dute gaur Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia salatzeko. ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek deituta, Marina karrikatik hasiko dute martxa, 17:00etan, eta itsasoranzko norabidea hartuko dute. «Epaia eta errepresioa bidegabeak direla uste duten guztiak gonbidatzen ditugu, haien arbuioa erakusteko», adierazi zuen atzo Elisenda Paluzie ANCko presidenteak prentsaurreko batean. Marcel Mauri Omniumeko presidenteordearekin batera egin zuen agerraldia, eta Maurik zehaztu zuen «independentistak eta subiranistak ez direnak» ere gonbidatu dituztela, manifestazioak «borondate inklusibo eta irekia» duelako.

Paluziek azaldu zuen manifestazioaren leloa, Askatasuna, «preso guztien askatasuna defendatzen duten pertsona guztiak» elkartzeko aukeratu dutela. Zeharka edo zuzenean interpelatu dituzten eragileetako batek, Catalunya En Comu ezkerreko alderdi unionistak, ez duela manifestazioarekin bat eginen jakinarazi zuen atzo, «izaera transbertsala» ez duela iritzita.

Hilaren 14an jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak buruzagi independentisten aurkako epaia, eta ordutik Katalunia osoan egin duten mobilizazio sortaren lehen fasearen bururatzea izanen da gaurko manifestazioa. Egunero egin dituzte mobilizazioak herrialde osoan; atzo, errate baterako, milaka pertsonak manifestazio bat egin zuten iluntzean Bartzelonan Arran gazte erakundeak eta Ikasleen Sindikatuak deituta errepresioa salatzeko.

Tsunamiaren deia

Eta Tsunami Demokratikoa mugimenduak bigarren mobilizazio fase bat osa lezakeen deialdi sorta baten berri eman zuen atzo. Azaroaren 9rako, 11rako, 12rako, 13rako eta abenduaren 18rako egin ditu, hagitz xehetasun gutxi emanda. Lehenbizikoa «estatu osoan» izanen dela erran du, hurrengo hirurak «ezusteko toki batean», eta, azkena, berriz, «etxean jokatuko» dutela.

Arlo instituzionalean, berriz, Bartzelonako Udalak Auzitegi Gorenaren epaiaren aurkako adierazpen bat onartu zuen atzo, alkatetzan den Barcelona En Comu alderdi unionistaren eta ERC eta JxC independentisten botoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.