Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena

PSEk «itun globala» nahi du

Mendiak dio «Euskadirako akordioa» bilatuko dutela. EAJren arabera, «zabalik» dago guztia

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia, atzo, Bilbon. BERRIA.
gotzon hermosilla
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Joan den igandeko foru eta udal hauteskundeen ondoren, alderdi politikoak hasi dira mugimenduak egiten itunak lortzeko xedez. PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak esan du EAJrekin «akordio globala» izenpetzea dela haien nahia; hau da, udal eta foru erakunde guztietan ezarriko litzatekeena, tokian tokiko berezitasunen gainetik. Baina horren eragina Araba, Bizkai eta Gipuzkoara mugatu du: «Guk Euskadirako akordioak bilatuko ditugu».

Aurreko egunetan, zenbait burukide jeltzalek iradoki dutePSE-EErekin negoziatzerakoan aintzat hartu beharko liratekeela Pedro Sanchezek (PSOE) Espainian gobernua eratzeko laster abiaraziko dituen negoziazioak eta Nafarroan gehiengoa osatzeko helburua dutenak. Mendiak erabat baztertu du aukera hori: «Nik euskal herritarren interesez hitz egingo dut. EAJk Madrilez edo Nafarroaz hitz egin nahi badu, azal dezala».

Lehenak izan ez direnetan, PSEk, EAJren babesarekin, Andoain eta Pasaiako alkatetzak lortuko lituzke, eta EAJk, PSEren botoekin, Lezo, Mendaro, Soraluze, Alonsotegi, Zaldibar eta Zigoitiakoak, denetan EH Bilduren kaltetan. EH Bilduk EAJri Durango eta Galdakao kenduko lizkioke; Irunen, EAJk alkategaia aurkezteko asmoa du, nahiz eta PSE izan den gehien bozkaturiko taldea.

Mendiaren ustez, aurreko agintaldian EAJren eta PSE-EEren arteko ituna indarrean egon izanak ez du «aldez aurretik ezer ziurtatzen», baina argi utzi du aukera hori gogoko dutela. Orain arteko hitzarmenari «positiboa» iritzi dio; esan du «logikoa» dela ikertu beharreko lehenengo aukera EAJren eta PSE-EEren arteko ituna izatea, eta erantsi du «bizikidetzarako» oso desberdina dela «hitzarmenetan PSE-EE egotea edo ez egotea». «Guk akordio globala bilatuko dugu, interes orokorra aintzat hartuz eta herritarren agendan zentratuta, eta saihestuko dugu instituzioak jardutea haustura soziala ekar dezaketen kontuetan», esan zuen Mendiak atzo, agerraldi batean.

Horretan bat etorri da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria. Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak antolatutako ekitaldi batean, Urkulluk «instituzioen egonkortasuna» goretsi du, eta erantsi horren alde lanean jarraituko dutela. «Gure helburua da orain arteko ereduari eustea; hau da, estrategiak partekatzea eta elkarrekin lan egitea, emaitza onak izaten ari delako».

Antzeko mezuak

EAJren hautetsi eta bozeramaileei dagokienez, den-denak antzeko mezu bati jarraitzen ari zaizkio: oraindik ez dago ezer erabakita, eta aukera guztiak «zabalik» daude, baina gutxi-asko denek aitortzen dute PSE-EErekin ituna egitea dela aukerarik hurbilena.

Adibidez, Ramiro Gonzalez EAJren Arabako ahaldungai nagusiak esan du akordioa ez dagoela «egina» eta «guztiekin» hitz egingo dutela, baina, era berean, goraipatu egin du EAJk eta PSE-EEk orain arte izandako ituna: «Pozik gaude azken lau urteetan egindako kudeaketaz eta PSE-EErekin egindako akordioaz. Gainera, hauteskundeetan herritarrek esan dute ondo irizten diotela foru gobernuak egindakoari».

Antzera mintzatu da Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko jarduneko bozeramailea (EAJ). Haren esanetan, ez dute inongo alderdirik «baztertzen» akordioak egiteko, «Gipuzkoan ez dagoelako betorik». Baina azkeneko agintaldian EAJk eta PSE-EEk izandako lankidetzaren fruituak goraipatu ditu, eta esan du herritarrek botoen bidez «sostengua» eman diotela kolaborazioan oinarritutako eredu berri eta ireki» horri.

Edonola ere, Lasak argi du «akordio sendoak» bilatu behar dituztela instituzioen egonkortasuna bermatzeko. Baina, haren iritzian, «zabalik» dago guztia: «Akordioak askotarikoak izan daitezke. Gobernua osatzeko akordioak izan daitezke, edolegegintzaldirako itunak, oposizioko alderdiek zenbait egitasmo estrategiko babes ditzaten». Gipuzkoan ere EAJk irabazi du, eta EH Bildu izan da bigarren indarra.

Adierazpen horiek guztiak bat datoz EAJren BBBren presidente Itxaso Atutxak esandakoarekin. Atutxak ere alderdi guztiekin hitz egiteko prestasuna adierazi du, baina erantsi du «seguru asko» PSE-EErena dela mahai gainean jarriko den «lehen aukera» akordioak ixteko.

EAJren EBB Euzkadi Buru Batzarrak bilera egingo du datorren astelehenean, eta han zehaztuko du zein izango den itunei buruzko negoziazioetara eramango duen estrategia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.