Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

HEZKUNTZA. Eskuinaren jopuntuan

Oposizioak hala iragarri arren, apokalipsia ez da heldu hezkuntzara lau urteotan. D eredua zabaldu, ratioak murriztu eta NUPen Medikuntza ezarri du laukoak

Solana kontseilaria, Aitor Lakasta eta Pilar Mayo zuzendariekin batera, Skolaeren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Honako hau ez da legealdi samurra izan Nafarroako Hezkuntza Departamentuko arduradunentzat. 2015ean agintea galdu zuenetik, UPNk ahari-buru gisa erabili du hezkuntza, lauko gobernua higatzeko eta eraisten saiatzeko. Eta fruitu batzuk jaso ditu: presioari eutsi ezinda, dimisioa aurkeztu zuen Jose Luis Mendoza kontseilari ohiak, 2017ko apirilean. UPNk, PSNk eta PPk garaipen gisa aurkeztu zuten erabakia. Maria Solanak hartu zuen Mendozaren lekukoa, baina, ordutik, oposizioaren kalapita ez da amatatu.

Legealdi hasieran, oihartzun handiko zenbait neurri hartu zituen Hezkuntza Departamentuak, agerian uzteko gobernu berriak bazuela giharra eta kontuak aldatzeko asmoa. Besteak beste, euskarazko D eredua eremu ez-euskalduneko ikastetxe publikoetan eskaintzeko aukera zabaldu zuen. Berez, Nafarroako Legebiltzarrak aurreko legealditik egina zuen eskaera hori, Euskararen Legean eginiko moldaketa bat tarteko, baina UPNren gobernuak entzungor egin zion mandatuari. Legealdi honetan, berriz, eskaintza zabaltzearekin batera, euskarazko lerro berriak ireki dira honako udalerri hauetan: Lodosa, Allo, Azkoien, Barasoain, Sesma, Erriberri, Antzin, Tafalla, Caparroso, Noain, Mutiloa, Abarzuza eta Zudaire. Castejongo ikastetxe publikoan ere D eredua eskainiko dute irailetik aurrera.

PAI ingelesez ikasteko programak ere eman du zeresana. Egitasmo hori ezartzeko moduak polemika eragin zuen hezkuntza komunitatean, eta Mendoza kontseilari ohiak iragarri zuen programa ebaluatuko zutela. Ebaluazio prozesua amaituta, baina, PAI bere horretan mantentzea erabaki zuen Hezkuntzak, zenbait moldaketa eginda; besteak beste, ingelesez eman beharreko eskola orduak arautu zituen, eta askatasuna eman zien ikastetxeei, programan sartzeko edo ateratzeko. Hala ere, apenas egon den aldaketarik, sei ikastetxe gehiagotan ezarri baitute PAI —UPNren agintaldian, 110 izan ziren—. Programa eten ez izana kritikatu dute LAB, Steilas eta ELAk.

Legealdi hasieran, bestalde, lehen urratsak egin zituen laukoak, aurreko legealdiko murrizketak irauli eta egoera leheneratzeko xedez. Ikasleen ratioa murriztea izan zen horietako bat. Hala, 2016-2017 ikasturtean, 25 ikasleko gehienezko ratioa ezarri zen sare publikoko Haur eta Lehen Hezkuntzan. Itunpeko eskoletan, berriz, beranduago heldu da ratioen murrizketa; 2018-2019 ikasturtean, hain zuzen. Hala ere, Hezkuntza Departamentuaren eta sindikatuen arteko harremanak gorabeheratsuak izan dira legealdi osoan.

Iazko uztailean, azkenik, ituna sinatu zuten departamentuak eta sindikatu gehienek, «hezkuntzaren kalitatea hobetzeko». Besteak beste, aurrez aurreko eskola orduen murrizketa ekarri zuen horrek. ELA izan zen ituna sinatu ez zuen sindikatu bakarra, «ez dituelako lehengoratzen azken urteetan ezarritako murrizketak». Steilasek ere «baiezko kritikoa» eman zion akordioari.

Inbertsio handiagoa

Inbertsioa ere handitu da lau urteotan: ikasgelak prestatzeko, gailu informatiko berriak erosteko, azpiegiturak zaharberritu eta eskola berriak eraikitzeko, bekak zabaltzeko, irakasleen formakuntza hobetzeko, programa berriak ezartzeko... NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren etorkizuna ere bermatu du gobernuak, hiru urterako finantzaketa plana onartuta. Guztira, 686,8 milioi euroren aurrekontua du Hezkuntza Departamentuak aurten, duela lau urte baino 111 milioi euro gehiago.

Eskola publikoan hezkidetza txertatzea izan da departamentuaren beste lehentasunetako bat. Horretarako, Skolae programa ezarri zuten zenbait ikastetxe publikotan. 2017-2018an abiatu zuten, proiektu pilotu gisa, 16 eskolatan, eta, komunitatearen balorazio positiboa jasota, ehundik gora ikastetxetan ezarria dago. Urteotan, 2.000 irakasleri baino gehiagori eman diote formakuntza berezia. Hainbat sari jaso ditu programa horrek, eta eredutzat jo dute hezkidetzaren alorrean aditu diren profesional askok.

Azkenik, aldarrikapen historiko bati ere erantzuna eman dio Nafarroako Gobernuak, NUPen Medikuntza ezarrita. Opus Deiren unibertsitateak zuen monopolioa apurtuta, heldu den ikasturtean abiatuko da gradu berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.