Albistea entzun

TOKIO 2020. Arrauna

AHALEGIN SENDOA ETA NEURTUA

Lemazainik gabeko biko ontzian lehiatuko da Virginia Diaz arraunlaria bihar, Aina Cidekin batera. Emaitza onak lortu dituzte aurten nazioarteko lehiaketetan, eta gogotsu daude.
Virginia Diaz, Legution. Han egin dituzte Tokiora joan aurreko entrenamenduak.
Virginia Diaz, Legution. Han egin dituzte Tokiora joan aurreko entrenamenduak. RAUL BOGAJO Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea - Berriemaile berezia

2021eko uztailak 23

Ahalegina neurtzea da gakoa. Ontzi bakoitzak badaki zer erritmotan egin ditzakeen bi mila metroak, eta noiz eta nolakoak izango diren erritmo aldaketak. Hasieran azkarregi ateraz gero, indarrak faltako dira sendo bukatzeko; mantsoegi hasiz bero, ordea, aurrekoek ateratako tartea handiegia izan daiteke. Indartsu abiatu behar da, aurrekoek tarte erabakigarririk ez ateratzeko; baina, era berean, indarrak gorde behar dira, bukaeran guztia emateko. Zazpi minutu pasatxo irauten du estropadak.

Lemazainik gabeko bi arraunlariko ontzian lehiatuko da Virginia Diaz (Astillero, Espainia, 1991) Tokioko Olinpiar jokoetan. Arraunlari bakoitzak arraun bakarrarekin egiten du arraun. Bihar izango dute lehen estropada (02:50). Diazek denbora darama Getxoko (Bizkaia) Raspas klubean arraunean.

Aina Cid du taldekide Espainiako selekzioan. Diazen lehen Olinpiar Jokoak dira; Ciden bigarrenak, Riokoetan ere parte hartu baitzuen.

Sasoiz ondo eta azken emaitzen babesarekin iritsi dira Tokiora: apirilean hirugarren izan ziren Europako Txapelketan —urrea 2019an eta zilarra 2020an— eta maiatzean, berriz, garaile Munduko Kopan, Lucernan (Suitza). Seinale ona olinpiar urte batean.

Aitzakia bat jarri dio Diazek: «Gurekin lehiatu ez diren taldeak egongo dira Olinpiar Jokoetan». AEB, Kanada, Australia eta Zeelanda Berria, esaterako.

Dominaren bat lortzeko gaitasuna badute, baina saiatzen dira horri buruz ez hitz egiten: «Aurrena gure lana egin behar dugu, entrenamenduetan egiten ari garena lehiaketan islatu».

Erritmoa ezartzen

Diazek ezartzen du erritmoa. Arraunkadak zenbatzeko kontagailua eramaten du ontziaren aurreko aldean: «Estropadaren hasieran arraunkada kopuru handi bati eusteko», estropadaren erdi aldera erritmo iraunkor bat ezartzeko... Batez beste minutuko 36 arraunkada izaten dira estropadaren erdian.

Ez zuten Tokioko Sea Forest arrauneko pista ezagutzen. Joan aurretik esan zieten haizetsua zela. Hori ikusita, inguruan eguraldi nahasia edo kaskarra zenean, entrenatzera ateratzen ziren, Tokioko baldintzen antzekoetan aritzeko. «Tokion, orain arte, ez dugu izan arraun egiteko baldintza kaskarreko egunik», azaldu du Diazek. «Hori bai, haizeak albotik jotzen du eta, horren eraginez, lema dezente erabili behar izaten dugu».

Lehiaketan beroari aurre egin beharko diote. Uztailaren erdian iritsi ziren Tokiora —ontziak maiatzean bidali zituzten, kontainerretan—, eta bero saparekin entrenatu behar izan dute. «Hala ere», zehaztu du, «hobeto gaude ontziaren barruan, lehorrean baino». Jaka berezi batzuk erabiltzen ari dira, entrenatu aurretik gorputza hozteko: «Izugarri nabaritzen da».

Hasiera hobetzen

Tokioko Olinpiar Jokoak prestatzeko, Robin Williamsen aholkularitza jaso zuten bolada batean, 2019 aurretik. Londresko eta Rioko Olinpiar Jokoetako lemazainik gabeko biko garailea zuzendu zuen entrenatzaile ingelesak. Galdera asko egin zizkioten.

Estropadaren hasiera hobetzea izan da haien erronka, herrialde indartsuenen ontzietatik gertu samar joateko, «zenbait estropadatan atzean geratu baikara, eta gero oso zaila baita galdutako tarte guztia berreskuratzea». Hasiera hobetzeko lanean aritu dira, baina estropadaren bigarren erdiko sendotasuna galdu gabe. Mila metrotik aurrera moldatzen dira ondoen.

Arraun gosez iritsi dira Tokiora. Diazek gogoan ditu itxialdi garaian amaren etxeko egongelan egindako entrenamenduak. Ohikoa zen amaren etxean ergometroaren doinu haizetsua entzutea.

Tokio eta gero zer? Atseden hartuko dute. Hortik aurrera ez daki zer egingo duen. «Arrauna ez dut utziko, jarraituko dut».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Santurtzik lidertza sendotu du

Paulo Ostolaza

Denboraldiko bigarren bandera eskuratu dute bizkaitarrek, eta jada sei puntuko aldea dute Hondarribiarekiko. Gaur, Urdaibai izan da bigarren.

Jon Rahm, Erresuma Batuko The Open txapelketan. ©Niel Hall / EFE

Jon Rahmek positibo eman du, eta Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu da

Paulo Ostolaza

Barrikako golf jokalariak hiru PCR proba egin behar izan ditu duela gutxi Erresuma Batuan egon zelako lehiatzen. Duela hilabete ere eman zuen positibo.

Finalerdietan dira Elosegi eta Chourraut

Finalerdietan dira Elosegi eta Chourraut

Ainara Arratibel Gascon

Irungo piraguistak laugarren denbora onena egin du, akatsi gabeko bigarren jaitsiera baten ostean. 101.51eko denbora egin du. Chourrautek ere amaitu du bere jarduna,105.13ko denborarekin .Bosgarren izan da.

Pauline Ado, Olinpiar Jokoetan darabilen elastikoetako batekin. ©Pauline Ado

Pauline Adok final zortzirenak jokatuko ditu

Paulo Ostolaza

Angeluko surflariak gainditu du lehen kanporaketa, eta bihar Sally Fitzgibbons australiarra izango du parean, 04:12etan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.