Tokio 2020. Surfa

BIZITZEKO ETA IZATEKO MODU BAT

Surfa estreinakoz izango da Olinpiar Joko batzuetan Tokion, eta euskal herritar bat arituko da lehian: Pauline Ado. Angeluko hondartzan hasi zuen bere ibilbide oparoa

Pauline Ado surflaria, uretatik ateratzen, ohola besapean duela. BOB EDME.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Hendaian (Lapurdi) jaio zen arren, Angelun (Lapurdi) bizitu izan zen txikitatik Pauline Ado. Haren sendian ez zegoen surfarekiko zaletasunik, baina Ado txikitatik geratu zen kateatuta kirol horrekin. Gurasoei surf ohol bat eskatu zien 8 urterekin. 22 urte geroago, surfak Olinpiar Jokoetan izango duen estreinakoan lehiatuko da bihartik aurrera.

Jarduerarekin ez ezik, itsasoarekin ere lotura berezia du: «Aske izateko, itsasoan sartzeko beharra dut. Haur bat nintzenetik dut sentipen hori». Hasi zenean, surfean aritzen ziren haur eta nerabe gehienak mutilak ziren: «Hori ikusita, neskato askok utzi egiten zuten. Baina niretzat ez zen sekula traba bat izan. Hori izan zen nire lehen garaipena». Beti borrokatu da emakume surflarien inguruan dauden estereotipoen aurka. Oihartzun handia izan zuen horren inguruan egin zuen bideo batek. Mezu indartsu batekin amaitzen zuen: «Zabor hau bukatzeko garaia da».

«Bizitzeko eta izateko» modu bat topatu du surfean: «Batzuetan, itsasoa bera zure kontrolpean dagoela sentitzen duzu. Handi sentitzen zara olatu artean. Baina beti dago une bat zu baino indartsuagoa dena, menderatu egiten zaituena. Umila izaten erakusten dizu». Surflari on bat izateko gakoa zein den badaki: «Helburua ez da olatu perfektua bilatzea, baizik eta prest egotea iristen den olatu bakoitzari modurik onenean heltzeko».

Hori oinarri hartuta, ibilbide oparoa egiten ari da Ado. Junior mailan Europako eta munduko Txapeldun izan zen, eta gero zirkuitu profesionalera eman zuen pausoa, 2011n. Goi mailan ere hainbat txapelketa garrantzitsu irabazi ditu; besteak beste, 2016an, 2018an eta 2019an Zarautzen (Gipuzkoa) irabazi zuen. Baina, etxean jokatuta, ilusio berezia egin zion 2017an ISAk antolatutako Munduko Txapelketa irabazteak. Miarritzeko (Lapurdi) hondartzan erakustaldia eman zuen.

2016an jakin zen Surfa Tokioko Jokoetan izango zela. Ordutik izan zuen buruan bertan egotea, baita lortu ere. Maiatzaren amaieran El Salvadorren jokatutako Munduko Txapelketan ziurtatu zuen postua, seigarren izanda. Azken hamabi lekuak zeuden jokoan: «Sinetsi ezinda nago. Konfiantzaz aritu naiz hasieratik, eta hori izan da gakoa. Teknikoki garai on batean nago, konfiantzaz eta ziurtasunez olatuei heltzen».

Olatuekin zalantzak

Baina, ikuskizun on bat emateko, surflariek gaia behar dute; hau da, olatu onak. Eta zalantzak azaldu dira horren inguruan. Tsurigasakiko hondartzan jokatuko da surfa, eta urte sasoi honetan hango olatuak «motzak, txikiak eta indarrik gabeak» direla aipatu dute askok. Batzuek olinpiar lehia olatu artifizialekin jokatzea proposatu zuten.

Baina asmo horrek bide motza izan zuen. Antolatzaileak baikor dira. Berez, txapelketa hiru egunetan jokatu behar da, bihartik hilaren 28ra bitarte. Baina beste lau egunera zabaldu dute egutegia. Uste dute epe horretan olatu aproposak izango direla txapelketak jokatzeko.

Lehiatuko diren surflariek, gainera, argi dute nahiago dutela naturak, itsasoak berak, ematen dituen olatuekin aritu, eta ahalik eta ikuskizun onena eskaini; Olinpiar Jokoen erakusleihoa baliatuz, beren kirolaren ikusgaitasuna sustatzeko.

Parte hartzea goi mailakoa izango da. 40 surflari arituko dira lehian; besteak beste, Gabriel Medina, John John Florence, Owen Right, Carissa Moore, Silvana Lima eta Sally Fitzgibbons. AEBek, Australiak eta Brasilek dituzte bikoterik indartsuenak.

Hiru egunetan surflariek saioak gaindituz joan beharko dute. Hasierakoetan lau edo bosteko multzotan banatuta egongo dira. Hasierako saio horietan, surflariek ordu erdi izango dute olatuak hartzeko, eta txanda bakoitzeko bi olaturik onenak hartuko dituzte kontuan sailkapenerako.

Onenek final-laurdenetako eta finalerdietako kanporaketak jokatuko dituzte. Kanporaketa horietan lehiak binaka izango dira, eta horietako onenak ariko dira nor baino nor gehiago dominak lortzeko borrokan. 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan ere izango da surfa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.