Udal eta foru hauteskundeak. Araba. Fernando Lopez. Elkarrekin Podemoseko alkategaia

«Oinarri batzuk betez gero, akordiorako prest gaude alderdi guztiekin»

Herritarren beharrei erantzungo dien udal bat eraikitzeko prest dago Gasteizko zerrendaburua. Garbi du asmatu zutela PP kanpoan utzi zutenean, baina oraingoan gehiago eskatuko diote gobernuari.

Gasteiz
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Urte asko pasatu ditu Fernando Lopez Castillok (Gasteiz, 1953) udalean lanean. Jadanik erretiratuta dago. Hala ere, prest dago bertara lanera itzultzeko; hori bai, oraingoan zinegotzi moduan, edo, botoek emanez gero, alkate.

Duela lau urte, Podemosek babes izugarria jaso zuen Araban Espainiako Kongresurako; udalerako, ez. Arabarrak ordezkatuak sentitzen al dira zuekin estaturako, eta udalerako ez?

Kongresurako kanpaina egiten duzunean, hautagaiak estatu mailakoak dira. Askotan, beste batzuk baino nahiago dituztelako aukeratzen dituzte gure alderdikoak. Hemen, gure antzeko eskaintza daukate besteek ere, eta gertukoagoak dira; eragin zuzena du horrek.

Neurririk hartu duzue hautesleihes hori gerta ez dadin?

Hor faktore garrantzitsu bat dago kontuan hartzen ez dena. Jose Angel Cuerda izan da Gasteizen denbora gehien egin duen alkatea. EAJtik aurkeztu zen lehenengoz, baina gero EAra pasatu zen, eta ez zuen ezer utzi alderdi jeltzalean. Bi zinegotzirekin gelditu zen EAJ. Alkatearen irudiak zeukan indarra, eta ez alderdiak. Inkestetan hori ez da kontuan hartzen. Ni ez naiz oso pertsona ezaguna. baina bizi guztia daramat Gasteizen. Askok esan didate nire alderdia ez dutela gustuko, baina bozkatuko nautela.

Azken hauteskundeak duela lau urtekoekin alderatuz gero, 20.000 boto galdu zenituzten Araban, 14.000 Gasteizen. Kezkatzen al zaituzte horrek?

Noski. Lehen indarra izatetik hirugarrena bilakatzea atzerapauso handia da. Banaketa irudia eman dugu toki askotan, eta komunikabideak ere asko sartu dira alderdiarekin. Baina Pablo Iglesiasen itzulerarekin irudia berreraikitzen hasi gara.

2015ean Urtaran babestu zenuten Maroto alkate ez izateko.

Hauturik zuzenena egin genuela uste dugu oraindik. Gasteiz elkartasunez betetako hiria da: organo eta odol emaile asko daude, GKE askok jasotzen dute gasteiztarren babesa eta abar. Gasteizen ezaugarri bat da eta Marotok hautsi egin nahi zuen. Erabaki ona hartu genuen eta berriz hartuko genuke.

Zer deritzozue legegintzaldiari?

Urtaran nerabe antzeko alkate bat izan da, eta harrokeria pixka batekin jardun du. Uste zuen bakarrik goberna zezakeela 27 zinegotzitik bost izanda eta PSEren babesarekin. Hartu dituen erabakiak herriari kasurik egin gabe hartu ditu; gainera, bost zinegotzi zituen bakarrik, ez hogei, ez hamalau: bost. Umilagoa izan behar zuen, eta gainerakoei kasu gehiago egin.

Emaitzak errepikatuko balira, babestuko zenukete beste udal bat PPk ez gobernatzeko?

PPk berak galdetu digu hori jada lau aldiz. Gauza bera erantzungo dut: programan oinarritutako akordio bat lotu nahi dugu, hiru oinarri izango dituena behintzat. Batetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea bildubehar du, eta hori lortzeko mekanismoak zehaztu. Indarkeria matxista bukatzeko zerbitzu bereziak jarriko ditu martxan, eta aurrekontu batekin aurkeztu behar da. Bestetik, enplegu eta etxebizitza eskubide duinak izatea babestu behar du. Enpleguarekin lotutako neurri mordoa dauzkagu programan. Azkenik, hiri ekologikoa izateko neurriak izan behar ditu; adibidez, garraiobide publikoak elektriko bihurtuz. Hiru oinarri horien gainean adostuz gero, eta, gainera, ez bada xenofoboa, prest gaude akordiorako. Alderdiari bainoago, edukiari ematen diogu garrantzia.

Hiru alderdi ezkertiar zaudete ordezkariak lortzeko lehian. Zertan bereizten da zuen eskaintza?

Guretzat, garrantzitsuena da akordio bat lortzea hiritarrekin, eta jendearentzat lan egitea, enpleguan, etxebizitzan, berdintasunean eta tolerantzian. Hortik aurrera, inbertsioak egiteko dirurik bada, etorriko dira beste proiektu batzuk. Gasteizek aukera asko dauzka lanerako.

Zeintzuk dira orain arte aprobetxatu ez diren Gasteizen aukerak?

Gasteizen, buruko 1.500 euro inbertitzen da zerbitzu publikoetan; Donostian, berriz, 2.500. Pentsa nolako aukera daukagun hazteko. Batzuek auditorium berriak egin nahi dituzte; lehenengo konpon dezagun etxekoa, eta gero ikusiko da zer egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.