Tokio 2020

PAPEREZKO ZIGORRA

Dopinagatik jasotako zigorra tarteko, Errusiako kirolariak ezin dira lehiatu beren herrialdearen izenean, eta ezin dituzte hango ikurrak erabili. Bestelakoan, normaltasunez ari dira. Emaitza onak lortu dituzte orain arte.

David Beliavski, Nikita Nagorni, Artur Dalaloian, Denis Abliazin gimnastak, taldekako urrezko dominarekin. TATIANA ZENKOVITX.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak (WADA) zigor gogorra jarri zion 2019an Errusiari: lau urtez nazioarteko txapelketetan parte hartzeko debekua. Baina, praktikan, paperean geratu da zigorra, Olinpiar Joko hauetan ikusten denez. Izan ere, Errusiako kirolariek berdin-berdin segitzen dute lehiatzen.

Zigorra jartzeko orduan, WADAk Errusiako laborategietan jarri zuen arreta. Laborategi horietan Errusiako kirolarien 300 bat dopin kasu ezkutatu zirela zioen. Hala, zigorraren jakinarazpena jaso zuen Errusiako Olinpiar Batzordeak. Vladimir Putin Errusiako presidenteakherrialdearen aurkako «eraso politikotzat» jo zuen erabakia.

Grigori Rodtxekovek salatu zuen dopin auzia. Rodtxekov Dopinaren Aurkako Errusiako Agentziako burua izan zen urte luzez, eta salatu zuen gernu laginen manipulazioan oinarritzen zela dena: «Estatua jakinaren gainean zegoen, eta babestu egiten zuen». Egun, AEBetan bizi da, lekuko babestu gisa.

Dopinaren itzala ia Jokoak hasi arte egon da Errusiako atleten inguruan. Adibidez, bi kirolari kanporatu zituzten dopinagatik Tokiora joan baino bi aste lehenago: Nikita Morgatxev eta Pavel Sorin arraunlariak. Baina, behin Jokoak hasita, itzal hori leundu egin da.

Errusiaren aurkako zigorra gehiago da irudi kontuei lotutakoa. Hala, kirolariak ezin diraErrusiaren izenean lehiatu, hango olinpiar batzordearen izenean baizik. Halaber, agerraldietan ezin dute eraman Errusiaren izena eta bandera. Ezin dute ereserkia erabili urrezko domina irabaziz gero. Kantu berri bat aukeratu behar izan dute, eta Piotr Txaikovskik pianorako sortutako lehen kontzertuaren kantuetako bat entzuten da Errusiako kirolari bat podiumaren gorenera igotzen denean. Ez zen haien lehen aukera izan. Errusiako kantu herrikoi bat izatea nahi zuten: Katiuxa. Errusiak Alemaniako nazien kontra izandako borrokaren omenezko kantua da. Baina Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) ez zuen onartu, kantuak ezin baitzuen loturarik izan Errusiarekin.

Atletek aitortu dute «arraroa» egiten zaiela hori. Baina, hortik harago, adierazi dute beste kirolari guztiak bezala ari direla lehiatzen. Are gehiago: 2016ko Rio de Janeiroko (Brasil) Olinpiar Jokoetan baino kirolari gehiago ari dira Tokion: 335 guztira (285 aritu ziren duela bost urte). Inaugurazio ekitaldian normaltasunez desfilatu zuten guztiek.

Domina garrantzitsuak

Helburua 50 domina lortzea zen, eta lehen bost sailkatuen artean geratzea dominen zerrendan. «Ziur nago horretarako ahalmena dugula», nabarmendu zuen Stanislav Posdniakovek, Errusiako Olinpiar Batzordeko buruak, Olinpiar Jokoak hasi aurretik. Oraindik lau egun falta dira lehia amaitzeko, eta jada gainditu dute kopuru hori. 53 dituzte: hamalau urrezkoak, 21 zilarrezkoak eta hemezortzi brontzezkoak. Seigarrenak dira sailkapenean.

Lortu dituzten dominen artean, gainera, badira nabarmendu behar diren batzuk; adibidez, gizonezkoen gimnastika artistikoan taldeka lortutako urrezkoa. Duela 25 urte ez zuten halakorik lortu. Eugeni Rilovek eta Kliment Kolesnikovek bizkar estiloko 100 metrokoan irabazitako urrea eta zilarra ere nabarmentzekoak dira. Bi arrazoirengatik izan da garrantzitsua: AEBen nagusitasuna amaiarazi duelako, eta Errusiak ez zuelako urrerik irabazi igeriketan 1996tik, Atlantatik (AEB).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.