urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Hizkuntzak enpresa pribatuetan

2017ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Ssekula gobernu abertzale edo independentistarik izan ez duen Galesek, epe luzerako erronkak ezarri dizkio bere buruari. Gobernu laboristak mahai gaineratu ditu, zehazki, hizkuntza-mugimenduak aspalditik zekarren eskariari erantzunak. Esanguratsuena, ziur aski, 2050erako milioi bat gales hiztun izateko erronka da. Titulu gisa, biribila da, ezin uka. Nahiz eta, helburua erdietsita ere, normalizazioa oso urrun izango luketen: hiru galesetatik bakarrak jakingo luke hizkuntza nazionala. Eta, ezin ahaztu, herrialdeko hizkuntza hegemonikoa ingelesa dute, munduko hizkuntza indartsuena; espainiar zein frantses hiztunen erdeinuaz badakigu zerbait, baina ezin konpara ingeles hiztun elebakarren supremazismoarekin. Berriki jatetxe bateko arduradunak zioenez, behin baino gehiagotan kexatu zaio bezero ingelesen bat, zerbitzariek galesez egiten dutelako.

Izan ere, eskolari eta administrazioari ez ezik, enpresa pribatuen eremuari ere erreparatu diote Galesen. «Udalek eta beste erakunde publiko batzuek dagoeneko galesez eman behar dituzte zerbitzuak, eta estandar berriak ezarriko zaizkie ur, energia, autobus eta tren konpainiei. Baliteke zerbitzuak galesez ematera behartzea supermerkatu eta bankuak, hizkuntzaren erabilera sustatzeko», zioen BBCk. Erreparatu konnotazio negatiboa daukan «behartu» aditza darabilela («could be forced»).

Gure inguruan ere eztabaidarik handiena piztu izan du enpresa pribatuen kasuan hizkuntzaren erabilera arautzeak. Espainiako legedia izan da horretarako oztopo sarritan —eta hura zorrotz aplikatzeko auzitara jotzeko beti prest diren politikariak, bistan da—, baina baita etxeko konplexuak ere. Ezer araututa egotekotan, hizkuntza hegemonikoen erabilera da. Umeei erositako edozein jostailu edo gozokitan, osagaiak Europako hogeitaka hizkuntzatan datoz, baina ez euskaraz. Kontsumitzaileen eskubidea betetzeko, enpresen betebeharra da osagaiak estatuko hizkuntzan idaztea: espainieraz Hegoaldean, frantsesez Iparraldean. Katalunian katalanez ere etiketatu beharra arautu zutenean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen neurria. Uztailean, beste hainbat neurri ezeztatu dizkie auzitegi berak—zinemetan filmak katalanez emateari buruz, esaterako—, baina ontzat eman dizkie, Euskal Herritik begiratuta behinik behin, urrats garrantzitsuak izan litezkeenak: saltokietako seinale eta afixa finkoek, eta produktuen prezioek, katalanez egon behar dute gutxienez —baita jatetxeetako menuek ere—. Pentsa liteke, beraz, «Menu in English» lotsagabe zabaltzen ari diren ostalarien sasoi honetan, legezkoa dela euskaraz ere izan beharra arautzea.

Oso interesgarria da, halaber, merkatariei behin ere ez diela zein hizkuntza jakin behar duten arautzen —«jakite» maila zelan neurtu, bestalde? Funtzio publikoan bezala hizkuntza-profilak ezarriz—, baina zeharka hala egiten duela: merkatariek kontsumitzaileei zerbitzatu beharko diete, horiek katalana zein espainiera erabili: «Que han de poder atendre els clients tant si parlen en català com en castellà». Estaturik izan gabe ere, gaur egungo Espainiako estatuaren barruan arautu dituzten neurriak dira, borondatea izatera. Eta produktuen etiketatzea zuzenean arautzerik izan ez badute ere, administrazioa enpresa pribatuaren lobby bihurtzen asmatu dute: administrazioaren laguntza edo zigilua nahi duenak badaki katalanez izan behar duela produktua. Bilboko kaleak espainol hutsezko kartelez beteta daude, udalaren edo Jaurlaritzaren babesez egindako ekitaldietan ere. Katalunian, tren geltokietatik hasi eta gainontzeko leku publikoetako makinetan zerbitzatzen diren edariek ere, katalanezko etiketak izan behar dituzte. Eta Coca Colak ere, neurria onartu behar izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.