Legea errespetatuz lortu nahi dute estatutu berria EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosek

Talde guztiak egongo dira autogobernu lantaldean. EH Bildu abstenitu egin da, proposamena ez delako «nahikoa», eta PPk aurka bozkatu du

Maddalen Iriarte eta Borja Senper, atzo, bilkuraren une batean. JUANAN RUIZ / ARP.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak autogobernu lantaldea eratuko du, aurreko legegintzaldian egindako lanetatik abiatuta eta «desberdinen arteko ahalik eta adostasun zabalena bilatuz». Hala adostu zuten atzo EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek erdibideko zuzenketa batean. Legebiltzar talde guztiek iragarri dute eztabaidan parte hartuko dutela, nahiz eta EH Bilduk ez duen bat egiten proposamenaren zenbait edukirekin eta PPk uste duen ez dela «premiazkoa» eztabaida horri heltzea. Hargatik, abstenitzea erabaki du EH Bilduk, eta testuaren kontrako botoa ematea PPk.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren autogobernua «erreformatzea eta eguneratzea» izango du helburu lantaldeak, proposamenak dioenez. Helburu hori hartuta, lantaldeak adostuko du formula edo prozedura egokiena Gernikako Estatutuaren erreformarako testu artikulaturako zirriborroa egiteko, «ordenamendu juridikoa errespetatuta». Autogobernua «zentzu zabalean» ulertzea nahi dute EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek, «aintzat harturik eskubide sozial, ekonomiko edo kulturalak finkotu eta zabaltzea; belaunaldi arteko elkartasuna; Euskadiren barne arkitektura instituzionalaren diseinua eta erakundeen eta herritarren arteko harreman modu berriak». Aurrera atera den testuaren arabera, «euskal herritarrek demokratikoki adierazitako borondate politikoa errespetatuko» dute.

Legea eta herritarren hitza

Legealdi honetan, alderdiek beste «ahalegin» bat egingo dute estatutu berri baten inguruan akordio zabala lortzen saiatzeko. Horixe esan du Joseba Egibar jeltzaleak, PPri ohartarazita ez dutela onartuko inolako «betorik». Autogobernuaren eguneraketak «Euskadiren nazio izaera» onartzea eta herritarrek «hitza eta erabakia» izatea nahiko luke EAJk, Egibarrek azaldu duenez. Gogoratu du oinarri horiek jasota daudela duela urtebete bere taldeak autogobernu lantaldeari aurkeztutako proposamenean. Besteak beste, proiektu politiko berria legebiltzarrak berrestea nahi du EAJk; ondoren egingo lieke legebiltzarrak kontsulta herritarrei, eta Espainiako Gorteek berretsi beharko lukete gero. «Legedia kontuan izan beharko da prozesua egiteko», esan du Egibarrek. «Orain ditugun zumeekin otarre txukuna egin daiteke», gaineratu du.

Jose Antonio Pastorrek (PSE), berriz, «desberdinen arteko akordio berria» bilatzea eskatu du. Sentsibilitate guztiak «eroso» egongo diren elkargune horretan eskubide sozialak eta aniztasuna errespetatu beharko direla azaldu du PSEkoak.

Lantaldea «herren jaio» dela salatu du Maddalen Iriartek (EH Bildu), egungo legediaren «muga» jartzen diolako estatus politiko berriari. «Ez dago zertan mugarik jarri euskal herritarren borondateari; ez diezaiogun beldurrik izan demokraziari». Hala ere, akordioa lortzeko «borondate irmoa» dutela ziurtatu du.

Testuak eskubide sozialen babesari eta erabakitzeko eskubideari aipamena egitea Elkarrekin Podemosen ahaleginari esker egin dela esan du, aldiz, Lander Martinezek. Pozik agertu da akordioarekin, eztabaida lurraldetasunetik harago zabaldu delako eta «gizartearen interesei» erantzun dielako. Borja Senperrek (PP), ostera, ez du beharrezko ikusten estatus berriaz eztabaidatzea, eta ohartarazi du «kale itsu» batean amai daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.