Gerta dakiekeenaz ohartarazi die Salvinik beste bi itsasontziri

Igor Susaeta.
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Open Arms GKE gobernuz kanpokoko erakundearen izen bereko itsasontziak, eta Sea-Eyeren Alan Kurdi-k Mediterraneo itsasoko erdialderanzko bidea hartu dute, migranteak erreskatatzeko asmoarekin. Horregatik, eta Sea Watch 3 ontziari gertatutakoa adibide gisa jarriz, Matteo Salvini Italiako Barne ministroak mehatxatu egin ditu. «GKEak abisatuta daude. Isunak, ontzien bahiketak, gure uretan sartzeko debekua, eta desobedituz gero, atxilotzea», ohartarazi zuen, Facebook bidez egindako zuzeneko batean. Gainera, azken urtean ezarritako politikak defendatu zituen: «Open Arms eta Alan Kurdi Libiara hurbiltzen ari direla dirudi. Uste dut ulertu duzuela nola jokatzen duen Italiak, non, azkenean, badagoen legeak errespetarazten dituen gobernu bat. Jada ez gaituzte tontotzat hartzen».

Oscar Camps Open Armsen buruak Carola Rackete Sea Watch 3-ren kapitainak hartutako erabakia babestu zuen. «Gauza bera egingo nuen nik. Edozein gizakik, ez politikarik batek, egingo zuen. Edozeinek», adierazi zion Efe berria agentziari. Siziliara (Italia) bidean zen Camps, Open Armsen ontzira igo eta handik Libiarantz abiatzeko. Rackete atxilotua izan ondoren, Campsek badaki zer gerta daitekeen bere ontziko kapitainarekin. «Nire kapitaina babestu beharra daukat. Kapitaina edozein erantzukizunetik salbuesteko agindua eman dut». Ondorioei aurre egiteko prest dago GKEaren burua: «Kartzelatik atera egiten da; itsas hondotik, ez».

IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak herenegun argitaratutako txostenaren arabera, 2014 eta iaz artean 17.900 migratzaile baino gehiago hil ziren Mediterraneoan, Europara iristeko ahaleginean. Horietako ia 12.000ren gorpuak erreskatatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.