TOKIO 2020

BURUAK AGINTZEN DUENEAN

Simone Biles gimnasta estatubatuarra erretiratu egin zen taldekako finaletik, eta banakakoan ere ez du parte hartuko. Presioaren ondorioz utzi du. «Nire osasun mentalean zentratu behar dut».

Simone Biles, atzo, gizonezkoen banakako finala ikusten. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Ikurra eta izarra da Simone Biles gimnasta estatubatuarra, eta, egunotan, haren legatua indartu baino ez du egin, erabaki ausart batekin. Ohikoa duen irribarrea ezpainetan egin zen ospetsu, eta haren erakustaldiek mundu osoa txunditu zuten, historiako gimnastarik onenen pare jartzeraino. Tokioko Olinpiar Jokoetako izarra izatera deituta zegoen Biles, eta denek espero zuten gimnastak bere onena ematea. Baina kontua ez da hain sinplea, eta irribarrea ez da betiko. Biles, puntako kirolaria izateaz gain, pertsona arrunt bat ere bada, eta, oraingo honetan, presioak gain hartu dio.

AEBetako selekzioaren izarrak utzi egin zuen herenegun emakumezkoen gimnastika artistikoko taldekako finala, lehen ariketa,jauzikoa, egin eta gero, eta atzo jakinarazi zuen ez duela parte hartuko gaur jokatuko den bakarkako lehiaketa nagusian. Antsietatea duelako utzi zuen lehia. «Nire osasun mentalean zentratu behar dut. Gure burua eta gorputza babestu behar ditugu, eta ez dugu mugatu behar munduak nahi duena egitera», adierazi zuen 24 urteko gimnasta estatubatuarrak.

Amaia Ramirez kirol psikologoak azaldu du presioa eliteko kirolean dagoen osagaietako bat dela: «Eta nola eragiten duen? Askotan pentsamendu mailan antsietatea sortuta. Kirolariak uste du oso zaila izango dela lortzea, edo ezingo duela egin. Emaitza on bat ez lortzeko beldur horiek aurreratzen ditu. Hori existitzen da goi mailako lehiaketetan». Eta nola ez, zaku horretan sartzen dira Olinpiar Jokoak.

Hasieran, esan zuten agian Biles banakako finalean arituko zela, baina atzo komunikatu zuten ezezkoa. Osasun azterketa bat egin ostean hartu zuten erabakia. AEBetako gimnastika taldeak adierazi zuen Bilesen erabakia babesten duela, eta «bere ongizateari lehentasuna ematearen erabaki ausarta» txalotzen duela: «Bilesen adoreak beste behin gogorarazi digu zergatik den eredu askorentzat». Bakarkako finalean Jade Carey estatubatuarrak hartuko du haren tokia. Astelehenean, taldekako finalaren bezperan, eman zituen Bilesek pairatzen duen presioaren zantzuak: «Batzuetan munduaren pisua sorbalda gainean dudala sentitzen dut», idatzi zuen sare sozialetan.

Ramirezen arabera, presioak eragina du kirolariaren errendimenduan: «Txapelketetan presioa kontrolatzea elementu gakoetako bat da. Ez bakarrik teknika ondo egitea, baizik ikastea presiopean lehiatzen. Hori entrenatu egin behar da». Ramirezek dio beharrezkoa dela «psikologikoki prestatzea eta lanketa bat egitea» horrelako egoerei aurre egiteko. Atentzioak emaitza ona lortzen lagunduko dizun horretan ardaztuta egon behar duela argitu du, eta horretarako «ondo planifikatutako programa» bat behar dela.

«Garrantzitsua da osasun mentala zaintzea; gainera, oso ausarta da Bilesek hartutako erabakia», azpimarratu du kirol psikologoak: «Kirolariak gero eta gehiago atrebitzen dira esatera egoerak gainditzen dituela. Eta hori oso ondo dago. Inportantea da».

Tokion hamaika begi zituen kolkoan gimnasta estatubatuarrak; haren erretiroak sortutako zalaparta ikusi besterik ez dago. Proba ia guztietan urrerako faboritoa zen, eta ezin izan du zama jasan. Denek espero zuten Bilesen onena, eta Ramirezek azaldu du zaila dela hori kudeatzea: «Mundu guztiak espektatibak jarri ditu zugan, eta konplitu behar duzula sentitzen duzu». Eta nabarmendu du: «Presioak kirolariei eragiten die».

Abuztuko lehen hiru egunetan jokatuko diren aparatuetako lau finaletarako ere sailkatuta dago Biles, baina ikusi beharko da horietan parte hartzeko moduan dagoen. Atzo, gizonezkoen banakako finala ikusten izan zen. Daiki Hashimoto japoniarrak irabazi zuen, eta gizonezkoetan gimnastikako inoizko txapeldun gazteena bilakatu zen. Laster 20 urte beteko ditu.

Onena izan behar

Gimnastikako azken urteotako izar nagusia da Biles. 2013az geroztik egindako Munduko Txapelketetan urrezko hemeretzi domina irabazi ditu, eta azkeneko Olinpiar Jokoetan, Rion, urrezko lau domina eta brontzezko bat kolkoratu zituen, Jokoetako bere debutean. Bilesek baditu bere izena daramaten lau ariketa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.