Sustrai Colina.
KONTRAKANPAINA

Epilogo bat

2023ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Jaten dudana ala irensten dudana naiz? Noiz egingo dut oka? Kanpaina jasaten dut ala kanpainak jazartzen nau? Nolakoak lirateke hauteskunde hauek, mitinetan zein hedabideetan, hautagaiek soilik hitz egingo balute? Ez nuke botoa nori eman asmatuko Ortuzarren, Otegiren, Sanchezen edo Feijooren aitapontekotzarik gabe? Irene Montero eta Yolanda Diaz ere etorri ziren, ala? Ni naiz testosterona-gaindosi honek gogaituta daukan bakarra? EHUk frogatuko ote du inoiz hauteskunde-kanpainan murgiltzeak buru-osasuna kaltetzen duela? Horregatik ez da Urruñako okindegian hauteskunde hauei buruzko ezer entzuten? Hain urruti gaude? Hain urrun nago? Nik bakarrik ikusi nuen BorgenHouse of Cards baino gusturago? Zer gertatuko litzateke, azken uneko bulkadari segiz, Barkosek Asironen alde egin duela aitortuko balu? Eta, presidente izendatu berritan, Chivitek euskara ikasteko eszedentzia eskatuz gero? Zergatik dute gurean hainbesteko pisua Frantzian ia desagertzeraino arrakalatu diren alderdi tradizionalek? Boto bat baizik ez naiz eurentzat? Zergatik uste dute nire bozka eurena dela? Ez da? ETAkide ohiek oraindik bozkatu dezakete, ezta? Eta botoa nire aurrekari penalen arabera emango banu? Egunerokoaren apologia da ene ideologia? Inkestak egiten ditut edo inkestek egiten naute? %-koen ikurra goitik behera erdibitutako gizarte baten isla da? Ziur nago? Segurtasuna da benetan euskal herritarrok gehien kezkatzen gaituena? Segurtasunaz ari direnean, zergatik ez dira gauez etxera lasai itzultzeaz, lan-baldintza duinak izateaz ala etxe-bizitzaren eskuragarritasunaz mintzo? Nolakoa da maite dugun herria? Alkateak, ahaldun nagusiak eta legebiltzarkideak hautatzeaz gain, EVE edo Endesako presidenteak ere aukeratu behar genituzke, ezta? Prest gaude? Zertarako? Udalgintza ez al da herrigintza? Uholdeen osteko elkartasun-indarra politikara bideratuko balitz? Egingo dugu? Berriz ere epika? Berriz erre etika? Politika ez al zen literatura? Zenbat hautagaik irakurri du Joan Mari Irigoienen liburu bat? Oilarraren promesak egiten dizkidate ala ni naiz Babilonian bizi dena? Guri buruzko zer iritzi dute lur bat haratagokoek? Zer da hauteskunde-kanpaina honetatik geldituko dena? Zer ahaztu behar nuke? Udazkenean berriro? Eta hurrengo urtean? Abstentzioak gehiengo osoa lortu arte? Zein da alternatiba? Zergatik nahasten dira zinismoa eta inteligentzia? Boterea eta ardura nahasten direlako? Babesten nauenak mendean hartzen nauelako? Infoxikazioak araztasuna hil zuelako? Nola kontatu aro hau? Nori? Garai nahasiak direla diot baina ez al naiz ni nahasita dabilena? Hautagaiak ez dakitela ala ez daudela ziur onartzen entzun nahi ditut? Gai izango ote naiz, hausnarketa-egunean, denak kirola egiten ala txakurrarekin paseatzen ikusteko? Igandean dena argituko da, ezta? Ala astelehenean? Hauteskunde-kanpainak jarraituko duela eta Jagoba Arrasate ez dela Nafarroako presidente izango?

Nik politikaz idatzi nahi nuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.