Bertol Arrieta.
Brasilgo Munduko Kopa. 'O TEMPLO DO FUTEBOL'

Bat zenbakiduna

2014ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Brasil final-zortzirenetan, festa kaleetan. Belinha noiz ikusiko nenbilen ni, Lapan aurrera eta atzera, Aldok bere matrakarekin segitzen zuen bitartean:

-Atezainak bereziak gaituk, desberdinak, deitu eroak, berdin zaidak. Zer da, ba, eroa, korronte nagusiaren aurka doana ez bada? Sekta batean bere buruaz beste egiten ez duen bakarra taldeko atezaina izango litzateke, inauterietan etxean geratzen dena, elizan belaunikatu ez den hura, manifestazioan kontrako norabidean doana, argazkian desenfokatua agertzen den bakarra, kolore desberdinetako galtzerdiak jantzita daramatzana, horixe da atezaina, taldeko bakartia eta bakarzalea, langaren itzala maite duena, hiru makilen geometria txikian gustura bizi dena, 9,32 bider 2,44 laukia bere perfil luze eta finarekin betetzen saiatzen dena, bat zenbakiduna.

-Baietz, Aldo, baietz.

-Heroi ala bilau, ez zegok erdibiderik atezain batentzat, dena edo ezer ez. Eta milisegundo batean, eskuak gurin, baloiak irrist, balantza irauli liteke!

-Garagardoa epelduko zaik!

-Bereziak gaituk, aitortu ezak. Italia bezalako zirku batean, esan, nor atezain egokiagoa, gorteko bufoia baino? Ez egin barre, hala duk! Desberdinak gaituk! Hartu Kroaziako jokalariak: Perisic, Rakitic, Vukojevic, Modric, Brozovic, Jelavic, Olic, Mandzukic, Pletikosa. Ezetz asmatu nor den atezaina? Zaila, ezta? Begira, hor zatorrek Belinha, hire maitemina...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.