Bertol Arrieta.
Brasilgo Munduko Kopa. 'O TEMPLO DO FUTEBOL'

Kapitaina

2014ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Ez zegoen sasoian, nik aspaldi nabaritu nion, fisikoki gaizki, mentalki jota, ez dakit zergatik ez dioten erretiroa lehenago eskaini, aspaldi bukatua behar zuen bere zikloak. Berak sostengatzen zuen La Roja, egia da. Kapitaina zen, kapitaina da, baina jada ez dauka behinola izan omen zuen magia, karisma, eta bere buruari eusten ere badu nahiko lan. Jendeak ez du barkatzen. Akats txiki bat aski da behin heroitzat hartutakoa gupidarik gabe gurutziltzatzeko, eta, ezin uka, berak asko egin ditu azkenaldian.

Agudo topatu diote ordezkoa. Bere dohain berdinak ei ditu, edo hobeak: azkarragoa, indartsuagoa, baiki lerdenagoa ere bada, inor baino hobeto prestatua, arerio gogorrenen aurrean ezin irmoagoa, lider-izaera tatxarik gabea omen dauka, partida askotan ondutako eskarmentua. Historia egiteko jaioa da nonbait, odolean darama, DNAn. Berak gidatuko ei du Espainia berriz ere gailurrera, arrakastaren ubidera, inoiz izan zen hura izatera. Bera —eta ez beste inor— izango da kapitain berria, gidari oldartsua.

Lasai, beraz, espainiar maiteok, ez arduratu, salbu zarete!, gainbeheraren amaiera iritsi da! Felipe VI.a prest dago dena emateko, Felipe VI.a pronto dago gorritik izena besterik ez duen La Roja-ren kapitaina izateko, kapitain jenerala, kapital jenerala. Erregegaia, azkenean, bilakatu da errege. Edo erregai?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.