Tokio 2020

GINESEK IRABAZI DU LEHENA

Eskalada olinpiar kirola da Tokion. Alberto Gines espainiarrak irabazi du urrezko domina, abiadura probako garaipenean oinarrituta. Adam Ondra txekiarrak irabazteko aukera izan du, baina seigarren izan da.

Alberto Gines eskalatzailea, blokeko proba batean. DIMITRIS TOSIDIS / EFE.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Eskalatzaile gehienek abiadura probari zioten beldurrik handiena, oso jarduera espezializatua delako, zerikusik ez duena beste probekin —blokea eta zailtasuna—. Hartan gaizki moldatuz gero, eskaladan domina bat lortzeko aukerak oso txikiak izan zitezkeen. Tokioko Olinpiar Jokoetan eskalada lehiaketa antolatu duten moduan ezin baita proba bakar batean kale egin, hau da, azkena edo azkenetakoa sailkatu.

Adam Ondra eskalatzaile txekiarrak, munduko onenetakoak, esaterako, abiadura proba zuen dominaren bat lortzeko oztopo nagusia, finalisten artean mantsoena baitzen.

Gero, ordea, Bassa Mawen eskalatzaile frantziarraren lesioak atzoko finala goitik behera aldatu zuen. Bassa Mawen espezialista da abiadura proban. Sailkatze probetan lesionatu zen, eta ez zuen parte hartu finalean. Abiadurako lehen kanporaketa Ondraren kontra jokatu behar zuen, baina, parte hartu ezin zuenez, Ondrari eman zioten garaipena. Azkena izateko arriskua zuen, baina gutxienez laugarren izateko aukera eskuratu zuen eskalatzaile txekiarrak: irabazteko edo dominaren bat lortzeko aukera garbia.

Irabazlea erabakitzeko, proba bakoitzean lortutako postuen arteko biderketa egin zuten, eta biderketa horretatik zenbaki txikiena zutenek lortuko zituzten dominak. Abiadura proban lau puntu lortuta —espero zituen zortzi puntuen ordez—, Ondrak aukera handia zuen, ondo moldatzen baita blokean eta zailtasunean. Paradoxa bada ere, emaitza hobea lortu zuen abiaduran (laugarren), blokean baino (seigarren), eta hori zama handiegia izan zen dominaren bat lortzeko.

Zailtasunean lehena izanez gero, urrezko domina irabaziko zukeen. Aurrena zen, baina Jakob Schubert austriarrak haren lana hobetu zuen, eta Ondra bigarren postura pasatu zen. Ordura arteko 24 puntuak bider bi: 48. Seigarren.

Alberto Gines 18 urteko espainiarrak irabazi zuen urrezko domina, abiadura probako garaipenean oinarrituta. Garaipen horri esker, blokean zazpigarren —azkena— geratuta ere, ez zuelako zigortu. Tomoa Narasaki japoniarrari irabazi zion abiadurako finalean. Narasakik irrist egin zuen horman gora zihoala, eta Ginesek irabazi egin zion. Laugarren izan zen zailtasunean. Bat bider zazpi bider lau, 28 puntu.

Nathaniel Coleman estatubatuarra izan zen bigarren (30 puntu), eta Schubert hirugarren (35).

Bukatu da eskaladaren lehen esperimentua Tokioko Olinpiar Jokoetan. Gizonena. Gaur emakumeek jokatuko dute finala. Esperimentu bat izan baita. NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak kirol berriak sartzearen alde egin du, Jokoak ikusgarriago egiteko eta gazteak erakartzeko.

Parisen, 2024an, ordea, aldatu egingo dute eskaladako lehiaketa. Tokion egindako hiru probak bitan banatuko dituzte: alde batetik, abiadura, espezialisten proba; bestetik, boulderra eta zailtasuna, Tokioko Olinpiar Jokoetako planteamendua kritikatu duten hainbat eskalatzailek esan duten moduan, «benetako eskalada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.