Kataluniako erreferenduma

Zigiluen aurrean, hezkuntza

Hezkuntza komunitateak rol aktiboa hartu du erreferendumaren defentsan. Hainbat irakaslek deitu dute igandean ikastetxeak zabaltzera. Unibertsitateetan, greba antolatu dute gaur-biharretarako

Ikasleak Bartzelonako Unibertsitateko atarian, herritarrei jakinarazteko zein tokitan bozkatu dezaketen datorren igandeko erreferendumean. QUIQUE GARCIA / EFE.
jon olano
Bartzelona
2017ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesu subiranistaren gatazka gune bilakatu dira ikastetxeak azken egunotan. Fiskalaren eskaera aintzat hartuta, bozkaleku gisa erabiliko dituzten ikastetxeak zigilatzeko agindu zien atzo Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak mossoei, eta, debeku horren aurrean, ikusteko dago zein jarrera hartuko duten poliziek eta neurriari nola egingo dieten izkin herritarrek. Botoa emateko espazio fisikoa bera dago jokoan, baina, aldi berean, hezkuntza komunitatearen rola nabarmena izaten ari da erreferenduma babesteko.

Debekuak debeku, hezkuntza komunitateak denbora gutxi behar izan du Escoles Obertes egitasmoa aurkezteko. Helburua, argia: igandean bozkalekuak zabaltzea. Omnium Culturalen egoitzan aurkeztu zuten, manifestu batekin batera. Webgune bat ere prestatu dute, Escolesobertes.eu, ikastetxeak zabaldu nahi dituztenek hala egiten lagun dezaten. Ordu gutxian 25.000 lagunek eman zuten izena. Prentsaurrekoan, Josep Maria Cervello Som Escola elkarteko bozeramaileak dei egin zien irakasleei ez daitezen «geldirik» egon eta parte har dezaten «eskubideen eta demokraziaren» defentsan: «Eskolak irekitzea da eman daitekeen demokrazia leziorik handiena». Manifestuan, nabarmendu dute hezkuntza «demokraziaren oinarrizko zutabeetako bat» dela, eta eskolak direla «balio horien topagune». Hortaz, «oinarrizko eskubideen urraketaren» aurrean, deitu dute «pauso bat» ematera eta «egunerokoa» egitera: alegia, eskoletako ateak zabaltzea. Hori horrela, konpromisoa hartu dute igandean eguna «erabat normal» igaro dadin.

Datozen egunetan emango dituzte xehetasun gehiago, eta prest egoteko eskatu diete parte hartu nahi dutenei. Halaber, bozkalekuetako arduradunen esanei kasu egitea galdegin dute, eta «jarrera baketsu eta lasaiari» eustea.

Irakasleek ez ezik, ikasleek ere protagonismoa hartu dute erreferendumaren aurreko egunetan, unibertsitate mailan nahiz bigarren hezkuntzan. Gaur-biharretan, greba deialdia dute unibertsitateetan, Universitats Per La Republica plataformak deituta, erreferenduma babesteko. Bartzelonan, errepide ugari itxi zituzten atzo, eta, gaur, manifestazio bat abiatuko da Universitat plazatik. Hustu ditzagun gelak, defenda dezagun erreferenduma lelopean, salatu dute «ezkutuko salbuespen estatu batean» dagoela Katalunia.

'Caputxinada' UBn

Gainera, bigarren hezkuntzan, atzo ekin zioten grebari, eta hala jarraituko dute ostiralera arte, Herrialde Katalanetako Ikasleen Sindikatuak deituta. Milaka ikaslek hartu zuten parte herrialde osoan eginiko martxetan.

Azken egunetan ikasleen protestak herrialdeko beste unibertsitate batzuetara zabaldu dira. Halaber, eskolak bertan behera utzi dituzte zenbait unibertsitatetan, Pompeu Fabran, kasurako. Hala ere, Bartzelonako Unibertsitatea izan da galdeketaren aldeko mobilizazio gune nagusi. Ostiralean, ikasleek kanpaldia abiatu zuten hango klaustroan, eta, harrezkero, kartel, mezu eta abarrez osatutako mosaiko bat dirudite unibertsitatearen eraikinaren aurrealdeak eta klaustroak. Estelada handi batek eta LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko bandera batek koloreztatzen dute klaustroa, eta han uztartzen dira erreferendumaren eta Kataluniako errepublika independentearen aldeko kartelak, besteak beste. Caputxinada esan diote mobilizazioari, gogora ekartzeko 1966ko martxoan Sarriako fraide kaputxinoen komentuan eginiko itxialdia. Orduan sortu zen Bartzelonako Unibertsitateko Ikasleen Sindikatu Demokratikoa.

Egunez egun, indarra hartzen joan da dinamika. Izan ere, ez daude geldirik; egunero dute egitarau bat prest, normalean kultur ekitaldiez eta hitzaldi politikoez osatuta. Atzo, esaterako, unibertsitate horretan egin zuten erreferendumerako kanpainaren ekitaldia, bertan zirela, besteak beste, Jordi Turull Generalitateko bozeramailea, Oriol Junqueras presidenteordea, Mireia Boya CUPeko diputatua eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea. Joan den ostegunetik, «gutxienez» igandera arte geratzeko asmoa dute ikasleek.

«Gutxienez», dio Jordi Vives mugimenduko bozeramaileak, gertakarien arabera luza litekeelako egonaldia. Haren esanetan, plataforma sortu zen «ahalik eta ikasle eta gazte gehienek parte har dezaten» urriaren 1ean, eta gaur-biharretako grebaren zergatiak azaldu ditu: «Greba egiten dugu kanpaina egin nahi dugulako. Kanpainaren normaltasunera itzuli nahi dugu, botopaperak eta kartelak banatzen ari gara, eta gure asmoa da gobernua eta gure ordezkariak amaierara arte laguntzea». Iganderako, espero dute parte hartzea handia izatea: «Ondoren, errepublika bat eraikiko dugu».

Protesta iraunkorrak ez du soilik gazteen artean izan arrakasta. Herritarrek ilarak egin dituzte azken egunotan unibertsitateko sarreran, ikasleak ordenagailu batekin eta sarearen bidez jakinarazten ari baitzaizkie herritarrei non eman behar duten botoa igandean. «Batez ere, jende nagusia dator», azaldu zuen Ariadna Benito ikasleak. Haren esanetan, oso harrera ona izan du mobilizazioak, eta mossoekin ere hartu-eman ona izaten ari dira: «Errepideak moztu ditugunean, batzuek txalotu egin gaituzte». Horrez gain, ikasleek eurek herritarren eskura jarri dituzte kanpainako kartelak eta erreferendumerako botopaperak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.