Ikus-entzunezkoak

'Blackface' kasu bat ETBn

Bizkaiko SOS Arrazakeriak eta beste elkarte batzuek 'Barre librea' umorezko saioan azaldutako 'blackface' kasu bat salatu dute. ETBri eskatu diote eszenen arrastoa ezabatzeko.

Barre librea-n, Senegalgo andre baten rola jokatzen du aktore batek. BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Pertsona zuriak aurpegia marroiz edo beltzez margotzeko praktika da blackface-a. XIX. mendean hasi ziren erabiltzen Ameriketako Estatu Batuetan, eta askotariko aldaerak izan ditu orduz geroztik.

Bizkaiko SOS Arrazakeriak ETB1eko Barre librea umore saioko esketx batean azaldutako blackface-aren «praktika arrazista» salatu du. Gorane pertsonaia neska txiki bat da, eta haren zaintzailea Senegalgo emakume bat da —gizonezko aktore zuri batek jokatzen du rol hori, beltzez margotuta—. SOS Arrazakeriak eta beste gobernuz kanpoko erakunde batzuek —tartean Ongi Etorri Errefuxiatuak— azaldu dutenez, esketx batean neska txiki bat (Gorane) aurpegia marroiz margotzen hasten da, haren zaintzaile Korinba imitatzeko. Erakunde horien arabera, beltzak «irainduta, karikaturizatuta eta bortxatuta» sentitzen dira norbait beltzez mozorrotuta ikusten duten bakoitzean. «Inor ez da zuriz mozorrotzen, zuritasun egozentrikoak normaltasuna adierazten duelako».

Erakunde horiek salatu egin dute blackface-a haur pertsonaia batean erabiltzea. Baita pertsona heldu batean erabiltzea ere: «Pertsona hori, gainera, modu estereotipatuan eta arrazistan». SOS Arrazakeriak eta agiria sinatu dutenek diote EITBn gertatu den blackface-a «arrazakeria sistemiko eta sinbolikoa» ezkutatzen duen adierazpena dela, eta horrek ezinegona sorrarazten duela afrikarren eta afrikar-euskaldunen artean. Horregatik, EITBri eskatu diote ezabatzeko eszena horien arrastoa sareetan, aldatzeko bere jarrerak, eta debekatzeko blackface-a saio guztietan.

Bilera «aberatsa» egin dute

Auziak sortu duen ezinegonaren aurrean, umorezko saioa egiten duen ekoiztetxeak —New Digital Media— nabarmendu du berriki bilera bat egin dutela Bizkaiko SOS Arrazakeriak-eko ordezkariekin. Bi aldeek iritziak azaldu dituzte bilera horretan, eta «aberatsa» izan dela azaldu dute New Digital Mediako iturriek. Gaineratu dute ona izan dela elkar entzuteko, baita etorkizunari begira ere. EITBk ekoiztetxearen bertsioa berretsi du. Telebistak ez du jakinarazi esketxak Internetetik kenduko dituen ala ez.

EITBren nahierako zerbitzuan bere horretan daude umorezko programako atal guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.