Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

Autogobernua. Arerioa, etxe barruan

UPNk Ciudadanosekin batera aurkeztuta, atea parez pare ireki dio autogobernuaren aurkako dialektikari, eta agerian utzi bere proiektuaren ahuldadea.

Carlos Perez Nievas, Ines Arrimadas eta Javier Esparza, asteartean, Iruñean. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Gauza bat da behin-behineko lehia politikoa, eta bestea, borroka ideologikoa. Hauteskundeotan, datozen lau urtetan Nafarroan nork aginduko duen eta zer proiektu nagusituko den dago jokoan; auzi hori oso garrantzitsua izanik ere, gertatzen dena gertatzen dela, epe luzerako lehian, UPNk akats estrategikoa egin du. Ciudadanosekin aliantza eginda, bere proiektuaren zutarri nagusian pitzadura handi bat azaleratu da. Aliantza epe motzekoa izan daiteke, baina foru hauteskundeetan kosta ahala kosta irabazteko irrikak agerian utzi du bere proiektuaren ahuldadea. Abertzaletasunaren aurkako mezuarekin dena ezkutatu nahi badute ere, foraltasunaren etsairik handienari ateak parez pare ireki dizkiote. Duela lau urteko hemeroteketara jo besterik ez dago. Nori sinetsi: orduan Ciudadanosen aurka gogor jotzen zuen Esparzari ala orain Ines Arrimadasen eskutik doanari? Izan ere, aldatu dena ez da Ciudadanos, UPN baizik. Boteretik urrun, etsiak hartu du, eta argi utzi hainbeste urtez defenditu zutena, egiazki, ez zaiela inporta.

Martxoan, Albert Riverak eta Javier Esparzak hauteskunde ituna sinatu zutenean azpimarratu zuten Ciudadanosek hitzarmen ekonomikoa «errespetatuko» zuela, baina, aldi berean, UPNk onartu zuen itunaren gardentasuna bultzatuko zuela. Errespetu eta gardentasun hitzekin norberaren kontraesanak estali nahi izan zituzten.

Apirilaren 28ko bozetarako egitarau politikoan, Ciudadanosek dio Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak estatuari kupo bidez ordaintzen dioten zenbatekoa ez dela bi aldeko akordio bidez zehaztuko: Espainiako Airef erakundearen eskuetan utzi nahi du. Bi aldekotasun ospetsua bete-betean suntsituko litzateke baldin eta proposamena aurrera aterako balitz, Espainiako erakundeen menpe geratuko litzatekeelako zenbat pagatu behar den.

Asteon, Ines Arrimadas Ciudadanoseko burua Iruñean izan da Jose Javier Esparza UPNko presidentearekin. Diario de Navarra-ri emandako elkarrizketan Arrimadasek honako hau erantzun du: «Arazoa da ez dela bermatzen kalitatezko zerbitzurik eta gardentasunik euskal kupoa kalkulatzean». Esanahi argirik gabeko esaldi horren ondoren, gaineratu du Ciudadanosen jomuga ez dela Nafarroako hitzarmen ekonomikoa, kontzertu ekonomikoa baizik. Ñabardurak ñabardura, Hego Euskal Herriko finantza eta zerga autonomiaren bi ereduok eskema bera dute, baina Ciudadanosek ez du zehazten zer irizpide politikoren arabera bereizten dituen.

Azalpen gehiago emateko aukera bahitu dute. Navarra Sumak herritarren aurrean azalpenak emateari izkin egin dio, hainbat egunkariri —ezta BERRIAri ere— ez baitie elkarrizketarik emango.

Bitartean, Esparzak nazionalismoaren mamua astintzen jarraitzen du, baina amaitu den legealdian argi utzi du Nafarroako interes orokorraren eta foraltasunaren aurretik bestelako interesak lehenetsi dituela. 2016an, ekarpenaren negoziazioak bi urteko atzerapena zeramanean, Madrilek gero eta diru gehiago erreklamatzen ziola ikusita, Nafarroako Gobernuak urte hartako azken ordainketa eten zuen. Une hura eraso politikorako baliatu zuen UPNk, eta Madrilen posizioa babestu zuen lehenik diru hura ordaindu eta ondoren negoziatu behar zela argudiatuz.

Gobernuak ez zuen jaramonik egin, eta mahaian emandako kolpe hura eraginkorra izan zen, negoziazioak abiarazi zituelako. Urtebete geroago etorri zen akordioa: 590 milioi euroko odolustea eten ahal izan zen, eta, 2015ean zein 2016an gehiegi pagatu izanaren ondorioz, Madrilek foru ogasunari 215 milioi euro itzuli behar izan zizkion. Dena den, diru hura batik bat zorraren amortizaziora bideratu behar izan zen, eta PSOEren gobernuaren erabakiz, soilik 35 milioi euro erabili ziren inbertsiorako. Agerian geratu zen, ustezko finantza autonomia oso baldintzatuta dagoela, eta Ciudadanosen eraso zuzenen atzean, bestelako muga sotilagoak daudela.

Azenarioa eta makila

Herenegun, Pedro Sanchezek Iruñean aldarrikatu zuen PSOE dela «autogobernua babesten duen alderdi nazional bakarra». PSNk ere mezu hori erabiltzen du kanpainan Navarra Sumarieraso egiteko. Hala ere, azken hilabeteetan, azenarioaren eta makilakadaren taktika erabili dute sozialistek. Batetik, urriaren 30ean legealdi amaierarako trafiko eskumenak itzuliko zituela zin egin zuen Sanchezek, baina oraindik ez da halakorik gauzatu. Bestetik, Hondakinen Legeari errekurtsoa jarri dio, eta beste hainbat lege mehatxupean daude.

Laukoak autogobernuaren defentsan urratsak egitea aldarrikatzen du: Geroa Baik dio parlamentuan adostasunak bilatu behar direla, eta EH Bilduk, adibidez, irmoago jokatu behar dela. Datorren legealdian, gaia nafar politikaren erdigunean egongo dela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.