Udal eta foru hauteskundeak. Denis Itxaso. PSE-EEren Gipuzkoako ahaldungai nagusia

«Adostutako programa sozialdemokrata delako gaude eroso EAJrekin»

Anbizioarekin dago Itxaso. Haren arrazoiak: uste du urte hauetan lan ona egin dutela aldundian, PSE-EE lehen baino hobeto dagoela, eta aukera izango dutela Sanchezi beste bultzada bat emateko.

enekoitz esnaola
Donostia
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Denis Itxaso (Donostia, 1975) PSE-EEren Gipuzkoako ahaldungai nagusi eta jarduneko foru diputatuak dio Pedro Sanchez (PSOE) Espainiako jarduneko gobernuburuak asteazkenean Donostiara egindako bisitak «faborea» egin diela. Sanchezen taldeak bezperan erabaki zuen etortzea, eta ez zuen denbora askorik pasatu Gipuzkoako hiriburuan. Itxasok ez zuen harekin hitz egiteko aukerarik izan. Sanchezen tiradizoaz baliatu nahi dute igandean.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen bigarren itzuli modura hartzen al ditu PSE-EEk udal eta foruetako hauek, orduko emaitza onak berresteko?

Hauteskunde desberdinak dira, baina gure hautesleak Espainiako klima politikoan gehiago mobilizatzen dira. Hauteskunde hauetan ez dago halako klimarik, baina Espainiakoak duela hiru aste pasa izan ziren, eta Sanchez presidenteari beste bultzada bat emateko aukera dugu Gipuzkoan ere.

Historikoki, PSOEk Espainian irabazi izan duenean PSE-EE Gipuzkoan aurrena izan da, edo bigarrena. Apirilean, hirugarrena.

Etsai bat zegoen: eskuina edo ultra eskuina. Ikusi zen abertzaleak ere mobilizatu zirela. Baina Gipuzkoan emaitza hobea espero genuen [77.000 boto, aulki bat]. Kanpaina amaieran, Podemosek aldatu egin zuen boto joera.

Orain zer aurreikuspen dituzue?

Elkarrekin Podemos kanpainatik kanpo bezala dago: ez du talderik, mezurik eta misiorik, eta handitu egin da gu bozkatzeko baliagarritasuna. Gainera, gure alderdia orain lau urte baino hobeto dago.

Duela lau urte zenioen bi tekla ukitu nahi zenituela: baskismo bateratzailea eta ezker posibilista. Bete al dituzu helburuak?

Baietz esango nuke, eta berdin segitu nahi dut. Herrialdeko hainbat eremu sinboliko eta euskaldunetan, PSE-EE modu naturalean aritu da politikak egiten, eta barneratze handiago bat lortu dugu. Aukera paregabea izan da gure zilegitasunerako, eta baliatu dugu. Adibidez, inork ezin digu egotzi euskal kultura eta euskara babestu ez ditugunik. Eta, ezkerrari dagokionez, legealdian ikusi da zein den gure zantzu ideologikoa: ez gara ezker dogmatiko bat, eta gure bidez eraman dira ezkerreko politikak instituzioetara. Hori ordezkatzen du PSE-EEk.

2015ean esan zenuen ez zinela fio Joseba Egibarrez EAJ-PSE akordio baterako. Egin zenuten ituna. Orain lasaiago al zaude?

Markel Olanoz behintzat fio naiz, esan baitu berriro gurekin egin nahi duela gobernua. Izan ditugu desadostasun eta tentsio batzuk, erabakitzeko eskubideaz eta Kataluniako auziaz —Araban eta Bizkaian EAJ ez da gai horiekin aritu—, baina fio naiz Olanoz.

Egintzat al duzue hurrengo legealdirako ituna EAJk eta zuek?

Hainbat instituziotan gaude; esperientzia interesgarria da, konfiantza politikoa badago, eta Gipuzkoan harreman pertsonala ona da; beraz, nik ez nioke uko egingo. Orain erabaki behar dena da koalizio gobernuko burua Olano izango den ala ni. Olanok ez du nahikoa indar herrialdeko interesei eusteko. EAJren obedientzia bizkaitarrak Gipuzkoa ahuldu egiten du. PSE-EEk aldundiari erritmo handiagoa eta ezkertiarragoa ezarriko lioke.

EAJ eskuinekotzat jo izan duzu. Eroso al zaude harekin?

Adostutako programarekin gaude eroso gu EAJrekin. Neurri handi batean, programa sozialdemokrata izan da: garraioan, migrazioan, aldaketa klimatikoan, industrian, zaharren esparruan... Kontu batzuk albora utzita, ados jarri gara arlokako politiketan.

EH Bildu baztertuta al daukazu?

Elkarrekin gobernatzeko, bai. EH Bilduk eboluzio handia izan du, baina falta zaio iraganaz jarrera kritikoagoa izatea eta akordioetarako malgutasun handiagoa edukitzea. Beraz, ez dugu geure burua ikusten harekin gobernatzen, baina bai akordio batzuk egiten; lortu izan dira. Haiek Ahal Dugu-rekin dituzte adostasun handiagoak, eta hor sakonduko dute.

Datorren legealdirako zer ardatz nagusi dauzka PSE-EEk?

Gipuzkoaren arazorik larrienak bi dira. Zahartze prozesua da bat. Neurri gehiago hartu behar dira—egoitza berriak, lanpostuak, mendekotasunean sakondu...—, baina zahartze joera gelditu egin behar dugu, bestela arazoak izango ditugu pentsioekin eta zerbitzu sozialekin. Beraz, gazteentzako neurri berriak behar ditugu: etxebizitzak, zerga sisteman onurak haurrak izaten dituztenentzako... Beste arazo larri bat laneko prekaritatea da: jaitsi egin da langabezia, baina lan baldintzak eskasak dira. Azken batean, sistema sozialak jasangarriagoa izan behar du, kolapsoa ez badugu nahi.

Donostia 2016n euskal preso batzuen artelanak zentsuratu zenituzten. Mingostasunik utzi al zizun aferak?

Ez. Donostia 2016ren apustua elkarbizitzaren aldekoa zen, eta, aldundiaren ustez, [ETAren] biktima batzuentzat iraingarria zen zenbait artelanen egileak presoak izatea. Lan batzuk haienak izatea ez zen egokia Donostia 2016ren mezurako. Ospakizunetik kanpoko beste erakusketa batzuetan egon dira horrelako lanak, eta guk ez dugu ezer esan horren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.