jakes goikoetxea
ERAZTUN MOREA. Ewa Koblukowska

1967. urtea

2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
IAAF Munduko Atletismo Federazioak eta NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak gizonen eta emakumeen lehiaketak bereizten dituzte, eta aspalditik saiatu dira gizonen eta emakumeen arteko muga biologikoak ezartzen, kirolariak umiliatuz, errudun bihurtuz eta baita zigortuz ere.

Hegoafrikako Caster Semenya korrikalariarena da azken urteetako kasurik ezagunena (ezingo du Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartu). Hala ere, badira beste kasu batzuk ere, mingarriak bezain ezezagunak. Ewa Koblukowska korrikalari poloniarrarena, esaterako.

Abiadura probetan lehiatzen zen. 1964ko Tokioko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen ehun metroko txandakako lasterketan —AEBetako taldearen aurretik—, eta brontzezkoa ehun metrokoan. 18 urte baino ez zituen. 43 segundo eta sei hamarreneko denbora egin zuen Poloniak, munduko marka berria (Poloniak berak ezarri zuen aurrekoa, 44.2koa, hilabete lehenago). 1965ean Koblukowskak berak ehun metroko munduko marka berria ezarri zuen: 11.1 segundo. 1966an urrezko bi domina eta zilarrezko bat irabazi zituen Europako Atletismo Txapelketan.

1967an, IAAFek sexua baieztatzeko proba biologikoak egin zizkien atletei, Europako Koparen aurretik. Ohikoa zen nazioarteko txapelketetan parte hartzen zuten emakumeei genitalak aztertzea. Koblukowskak ez zituen IAAFen probak gainditu. IAAFentzat ez zen emakumea, XX eta XY kromosomak zeuzkalako. Gizonen sexu kromosomatzat hartzen da XY.

Koblukowskak ez zuen parte hartu txapelketa hartan, ezta 1968ko Mexikoko Olinpiar Jokoetan ere. Umiliatuta, abailduta, goi mailako kirola utzi zuen, 21 urterekin. IAAFentzat emakume ez zen hura ama izan zen olinpiar urtean. Urte horretan bertan, IAAFek aldatu egin zituen sexua baieztatzeko probak.

Beranduegi zen. IAAFek ez zizkien urrezko dominak kendu Koblukowskari eta taldekideei; bai, ordea, munduko markak, bai taldean lortutakoak, bai Koblukowskak ezarritakoa. Bidegabekeria egin zuela jakinda ere, IAAFek ez zuen barkamenik eskatu, eta ez zuen atzera egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.