Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA
Premiak ere handi Bilbon
Kalea Guztiona Da izeneko plataforma sortu zen Bilbon 2010 aldera, espazio publikoaren inguruko ordenantza eztabaidagai zela, hiri ereduari buruzko gogoeta sustatzeko asmoz, eta ohartarazteko Guggenheim efektuaren itzaletara garatzen ari zen hiria ez zela iraunkorra izango bertako herritarren bizi baldintzei begira.
«Postaleko hiri bihurtu dute Bilbo», zioen plataformak duela hamarkada bat. Haien iragarpena gauzatu dela berretsi du Juan Mari Aburto alkate eta EAJren hautagaiak kanpainan: «kontzertu eta ekitaldi handiak» programatu nahi ditu, turismoa erakartzeko eta Bilbo «nazioarteko hirien mapan» jartzeko. Izan ere, bilbotarren inguruko klixeak betetzeko-edo, Bilbon dena da handia eta garaikidea: musika jaialdiak, kirol ekitaldiak, arte egitasmoak, nazioarteko bilkurak...
Distira horrek, ordea, ez ditu soilik erakartzen egun bakarrean diru pila bat uzteko prest dauden turistak, baizik eta baita Bilbon —eta Euskal Herrian, edo Europan— bizibide bat izan nahi duten pertsonak ere; eta batzuk pobreak dira. Horientzat, ordea, mugak eta buruak ez daude hain zabalik. Asteon jakin da Bilbon bizi zen gizon bat Marokora itzularazi dutela, hain justu, udal aterpetxe batetik ateratzean atzeman zutelako, paperik gabe. Gizarteko behartsuenentzako baliabide apurrak, tranpa bihurtuta.
Errealitatea gordina da Bilbon: 250 lagun bizi dira kalean, eta urtero hiltzen da baten bat. Hiriaren handitasunaren pareko izenbururik ez dute izaten albiste horiek, baina hedabideetan maiz esaten da heriotza naturalak direla. Naturala balitz bezala asteburu batez milaka txirrindularitzazale jasotzeko gai den hiri batek ezin bermatzea 250 lagunentzako aterpe seguru eta duin bat.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.