Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa

ALARDEAK. Sukalde lanek janik ez

Lau urteotan, erakundeek urrats gutxi egin dituzte gatazka bideratzeko, berdintasuna ahotan izan arren. Tarteka, andreen aurkako jazarpena gordindu egin da.

Jaizkibel konpainiako kideak, iragan irailaren 8ko desfilean, erakunde publikoetako ordezkarien aurretik igarotzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun

Olatu feminista lehertu den urteetan, alderdi guztiek berdintasun aldarriak egin dituzten legegintzaldian, Gipuzkoan bere horretan dirau emakumeen eskubideak gauzatzeak dakartzan zailtasunak biluzik uzten dituen gatazkak: Irungo eta Hondarribiko alardeetan andreek ezin dute normaltasunez soldadu gisa parte hartu. Bi udaletan ez da jarrera aldaketarik izan: alkateek ez diete harrerarik egiten desfile parekideei. Aldundiak, ordea, bai, moldatu du bere jokabidea: alarde mistoak txalotzeari utzi dio. Markel Olanok ahaldun kargua hartu berritan esan zuen «sukalde lanean» aritzea nahiago zuela, keinu publikoetatik urrun, baina, agintaldia amaituta, janik ez du eman lan horrek.

Aurreko legegintzaldian pauso batzuk emanak zituen diputazioak, lehen aldiz, Bilduren eskutik: batetik, desfile parekideei harrera egiten hasi zitzaien, eta, bestetik, gatazka konpontzeko prozesu bat abiatu zuen. Lau urtean, diagnostiko bat landu zuen, eta bide orri bat taxutu. Horrez gain, erakunde arteko mahai bat abiatu zuen, Emakunderekin eta Arartekoarekin batera. EAJ aldundira itzuli zenean, ordea, aurreko taldearen lana tiraderan gorde zuen, eta gaia lekualdatu egin zuen: Berdintasun Zuzendaritzatik Bizikidetzara.

Mugimendu hark estrategia aldaketa bat ekarri zuen: diputazioarentzat, alardeen gatazka ez da emakumeen giza eskubideekin lotutako auzi bat, baizik eta bizikidetza arazo bat; ondorioz, «tentsioa jaistea» lehenetsi du, berdintasun eskubidearen aurretik. Hala azaldu zion Olanok kazeta honi urtarrilean: «Ikuspegi diferenteak daude. Nire ustez, bizikidetzaren auzia inportantea da, kolektibo batzuek ez diotelako elkarri begiratu ere egiten. [...] Orain dugun arazo inportanteena harreman etena da». Aldundiak horretan oinarritu du bere diskurtsoa: «festa ulertzeko bi modu» daudela, eta biak direla «errespetagarriak». Beraz, Hondarribira mugatu du bere jarduna, Irunen bizikidetza arazorik ez dagoelakoan —ia istilurik gabe desfilatzen du alarde mistoak—.

Baina zertan datza aldundiaren sukalde lana? Iazko neguan telefonoz inkesta batzuk egin zituzten Hondarribian, beste diagnostiko bat osatzeko, baina horien emaitzak ez dituzte aurkeztu, nahiz eta urrirako prest zituzten.

Halere, horrek ez du ekarri giroa guztiz baretzea Hondarribian. Iaz, Jaizkibel konpainia parekideak aspaldiko desfilerik gogorrena izan zuen: txistu, irain eta plastiko beltz artean igaro zuen Kale Nagusia. Erakunde publikoekiko eskaerak berriro ozendu ziren: lan egin zezatela gatazka konpontzeko. Horren harira bildu zen Olano Jaizkibeleko kideekin: behin, agintaldi osoan. Aurrera begira, aldundiak «tentsioa murrizteko» elkarrizketa prozesu bat abiatu du herrian aurten. Diskrezioz jardun nahi zuten, baina desfile baztertzailearen antolatzaileak berak desestali zuen: Alarde fundazioak beste espazio bat proposatu zuen, eta Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuri (EAJ) eskatu zion bitartekari aritzeko; onartu egin zuen udalak. Diputazioak ez du adierazpenik egin haustura horren inguruan.

Oihartzunik ez kanpainan

Dena den, ez da aldundian agertu den kontraesan bakarra. Denis Itxaso Kultura diputatuak (PSE) alardeetara ez agertzeko irizpidea hautsi zuen 2016an, Irunen: mistoa eta baztertzailea ikustera joan zen, nahiz eta bere alderdiko alkate Jose Antonio Santanok soilik gizonena txalotzen duen. Hurrengo urtean, Hondarribian ere berdin jokatu zuen. Azaldu zuen bere kabuz joan zela, diputazioaren estrategiatik at. Iaz, berriz, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak agerian utzi zuen EAJren barruko eztabaida: Irunen eta Hondarribian bi desfileei egin zien harrera. «Batari edo besteari bizkarra emateak bizikidetza eragozten du», esan zuen.

Irunen ekainaren 30a eta Hondarribian irailaren 8a hurbildu ahala giroa berotzen den arren, alderdiek auzia saihestera jotzen dute gainerakoan. Udal bozetan pisu handia izan dezakete, baina kanpainako debateetatik kanpo geratu dira alardeak; soilik Irungo Elkarrekin Podemosek eta Hondarribiko EH Bilduk eta Abotsanitzek aipatu dute gaia programan. Agerraldietan, berriz, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko kideen ahotan izan da behin baino gehiagotan. Olanok ez du aipatu auzia, kanpainan Irunen bi aldiz izan den arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.