Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Abiapuntua. COVID-19a, bozetan ate joka

Ordiziako agerraldiak bete-betean sartu du koronabirusa kanpainan, nahiz eta alderdi gehienek uko egin dioten gaia aipatzeari. Oraingoz, ez dago igandeko bozak atzeratzeko mezu irmorik, baina susmoak zabaltzen ari dira sare sozialetan.

Txagorritxuren aurrean egin zuen atzo EH Bilduk goizeko ekitaldia. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Mehatxuaren itzalpean hasi zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina, duela hamahiru egun: konfinamendua arintzeko faseak gainditu berritan, segurtasun neurri eta zuhurtziarako mezu artean, ospitaleetako agerraldi berriek eragindako dardara baretu nahian. COVID-19a ez da desagertu, eta bozetarako egun gutxi falta direnean, mehatxuak arreta osoa bereganatu du berriro. 35 kutsatu Ordizian (Gipuzkoa). Eta orain zer? Inor gutxi ausartu da galdera ahoskatzera, baina Goierriko agerraldia zabaltzen bada, igandean egin al daitezke hauteskundeak segurtasunez eta berme guztiekin? Zein kopurutatik aurrera piztu behar da alarma? Zer irizpideren arabera erabaki behar da bozekin aurrera jarraitu edo prozesua eten?

Aurrekaririk gabeko abagune bat da. Martxoan bezalaxe. Erantzuna, ordea, bestelakoa izan da. Koronabirusaren krisiaren hasieran pandemiaren foku nagusietan ikusi gabeko baliabideak bideratu dira Ordiziako agerraldia ikertzera eta zehaztera: ehunka PCR proba egin dira ordu gutxitan. Osasun agintariek lezioa ikasi dutelako, akaso; edo egoera kontrolpean edukitzearen irudia eman nahi dutelako. Era berean, «autokonfinamendua» ezarri du udalak; tabernak ez ezik, liburutegia, kiroldegia eta jolas parkeak zarratu ditu, gaurko azoka bertan behera utzi du, eta beharrezkoa ez bada etxetik ez ateratzeko eskatu du Adur Ezenarro alkateak. Itxialdia baztertu egin du Eusko Jaurlaritzak, baina mugak jarri ditu aisialdi jardueretan.

Martxoan bezalaxe, orain ere errealitateak eta bizimoduak alda ditzake gaitzak ordu gutxitan. Zaila da jakitea zer gertatuko den gaur, zer egoera izango den bihar, eta zer neurri hartuko den etzi. Baina ia saihetsezina da etor daitezkeen pausoetan eta haien ondorioetan pentsatzea. Hauteskundeetan parte hartzera deituta dagoen biztanleriaren zati bat itxialdira itzultzen bada, igandean botoa emateko modurik izango al dute? Konfinamendu zorrotzik ez balego ere, berrogeialdian dauden herritarrei nola bermatuko diete bozkatzeko eskubidea? Eskualde batek beranduago bozka dezake? Hala gertatzen bada, noiz emango dute hauteskundeen emaitzen berri? Herri horietako zailtasunek beldurra zabal dezakete gainerako lurraldeetan, eta botazioan eragin?

Erantzun zaila dute galderok, erantzunik badute. Logikak dio ez dela desiragarria hauteskundeak berriro atzeratzea egun seinalatutik lauzpabost egunetara, eta legez eta logistikaz ere ez dela erraza, kanpainaren makineria guztia martxan dela. Eta, gainera, albiste hori saihestu nahiko duela Iñigo Urkullu lehendakariak, bozen data ezartzean izandako polemika gogoan hartuta. Baina azken hilabeteetan, aurrez pentsaezinak ziruditen erabakiak hartu dituzte agintariek koronabirusak behartuta, herritarren osasuna babesteko eta birusaren hedapena eragozteko.

Ispilua Galizian

Inoiz gertatu gabeko egoera bat da, baina badago ispilurik. Galizian ere bozak egingo dituzte igandean, eta Lugoko A Mariña eskualdea zeresana ematen ari da. 120 positibo baino gehiago zenbatu dituzte azken egunotan, eta joan-etorriak mugatzea ebatzi du Xuntak: hango 80.000 biztanleak ez dira etxean itxi beharko, baina ezingo dira eskualdetik atera; astelehenean hartu zuten neurria, bost egunerako, baina ez dute baztertu luzatzea, ezta neurri murriztaileagorik hartzea ere. Hala, bozak atzeratzeko aukera mahai gainean jarri dute jada.

Printzipioz, Xuntak du erabaki hori hartzeko eskumena, eta aurka azaldu da Alberto Nuñez Feijoo presidentea. Galiziako Hauteskunde Batzordeak atzo adierazi zuen ez duela uste osasun egoerak «bozkatzeko baldintzetan eraginik» duenik oraingoz, «jarduera administratibo, ekonomiko eta sozialak normaltasunez egiten diren bitartean». Osasun kontseilari Jesus Vazquez Almuiña ere mintzatu zen: «Mugatu ditugun beste jarduera batzuk baino seguruagoa da bozkatzea». Eskualdeko alkateek, ordea, «ausarkeriatzat» jo dute igandean hauteskundeak egitea, eta datuak «makillatzea» egotzi diote gobernuari; BNGk eta Marea Galeguistak ere uste dute ez dagoela baldintzarik «askatasunez eta segurtasunez» bozkatzeko.

Oraingoz, kutsatzeek ez dute dimentsio hori hartu Gipuzkoan, baina herritarrak hasiak dira sare sozialetan galderak egiten eta susmoak plazaratzen. Alderdi politikoak ere aurrera doaz kanpainarekin; Ordiziako EH Bilduk bertan behera utzi zituen ekitaldiak herenegun, eta Elkarrekin Podemosek lekuz aldatu zuen herrian ostiralean egitekoa zen ekitaldia. Halere, Ordiziako agerraldiak ez du presentzia berezirik izan hautagaiek ekitaldi publikoetan emandako mezuetan.

EH Bilduk baino ez zuen aipatu, atzo, hain justu, pandemiaren foku handienetako batean eginiko agerraldian: Gasteizen, Txagorritxu ospitalearen aurrean, «osasun publikoa lehenesteko» eskatu zion Jasone Agirre Garitaonandia Bizkaiko zerrendaburuak Jaurlaritzari, «uztailaren 13ra arte itxaron gabe». Maddalen Iriarte lehendakarigaiak ere kezka adierazi zuen: Ordiziara gerturatu zen, udalari babesa adieraztera.

Gainerakoan, EAJ eta PP enpleguaz jardun ziren atzo; Elkarrekin Podemos, zoruaren erabileraz; Equo, hirigintza iraunkorraz; eta PSE-EE, hezkuntzaz. Programatutako mezuetan aldaketa gutxi. Eta gaurko agenda moldaketa handirik gabe igorri dute hedabideetara. Hauteskunde kanpaina hau hasieratik izan da ezohikoa: pandemiaren erdian, gogoa konfinamendu osteko oporretan dute herritarrek, begi batez krisi ekonomikoari so, eta besteaz koronabirusari. Kaleko martxaren bide ia paraleloa hartu dute ekitaldi politikoek, eta Ordiziako agerraldiari buruzko isiltasunak eragin dezake bi bideak are gehiago urruntzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.