Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Abiapuntua. Azken aulkiari eustea dute erronka

Azken hauteskunde inkestek Eusko Legebiltzarreko atea ireki diote Vox alderdiari. Arabako azken eserlekua lortzeko lehian sar daiteke alderdi ultraeskuindarra, eta aukera hori botoa mobilizatzeko baliatzen ari dira gainerako hautagaiak.

Voxeko kideak, atzo, Barakaldon, protestariak agurtzen. MIGUEL TOÑA / EFE.
Edurne Begiristain.
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Inkestak aurreikuspenak dira, kalkuluak, eta ez dira gertatuko denaren iragarpen bat. Baina joera bat marrazten dute, mugimendu bat,eta gerta daitekeenari arrastoa hartzen laguntzen dute. Astelehenean amaitu zen epea hauteskunde inkestak argitaratzeko, eta ordura arte ezagutarazitako gehienek Eusko Legebiltzarreko ateak ireki dizkiote Vox alderdi ultraeskuindarrari. EiTB Focusek, NC Reporrek (La Razón egunkariarentzat) eta Vocento Taldeak egindako inkestek aukera hori jaso dute. Araban lortuko luke eserlekua Voxek, aurreikuspen horien arabera.

Astelehenean EiTB Focusek argitaratutako inkestaren arabera, eskuin muturreko alderdiak botoen %3,4 lortuko lituzke Araban, eta legebiltzarrean ordezkari bat izateko aukera izango luke. Vocento Taldeak igandean kaleratu zuen inkesta zuhurragoa izan zen, eta EH Bilduren eta Voxen artean kokatu zuen azken eserlekua lortzeko lehia: 300 botora baino gutxiagora egon liteke aldea, inkestaren arabera.

Azken emaitzei erreparatuta, Voxek badauka nahikoa boto legebiltzarrean tokia egiteko. Apirileko bozetan, 5.608 boto eskuratu zituen Araban (%3,16) eta azarokoetan6.421 boto (%3,76). Eusko Legebiltzarreko aulkien lehian sartzeko lurralde bakoitzean gutxienez botoen %3 jaso behar dira. Gutxieneko portzentaje hori lortzea ezinbestekoa da ordezkari bat lortzeko, nahiz eta beti ez den nahikoa izaten. Legebiltzarreko atea irekitzen du botoen %3 erdiesteak, baina boto apur batzuk baldintzatu dezakete lehian den azken eserlekua alderdi batek edo beste batek eskuratzea.

Araban askotan gertatu da hori, bereziki estua baita alderdien arteko lehia, eta oso banatuta egoten direlako botoak. Azken urtean Espainiako Gorteetarako izan diren bi hauteskunde deialdiak dira horren erakusgarri. Iazko apirilaren 28an, gauerdira arte egon zen dantzan azken eserlekua EH Bilduren eta PPren artean, eta,azkenean, 400 boto gutxiren arabera makurtu zen balantza EH Bilduren alde, eta Javier Maroto PPko hautagaia eserlekurik gabe geratu zen. Azaroaren 10ean antzeko egoera bat errepikatu zen, eta EH Bilduko Iñaki Ruiz de Pinedok eskuratu zuen berriro laugarren eserlekua, PPko Mari Mar Blancoren kaltetan.

Igandean, bestelakoa da lehia. Vox Eusko Legebiltzarrean sartzea da, alderdi gehienen ustez, uxatu beharreko arriskua. Gainera, alderdi ultraeskuindarrak egin du bere tokia kanpainan: han eta hemen hainbat ekitalditara deitu du, eta giroa nahastu eta liskarrak eragin. Atzo, Bizkaian egin zituen ekitaldiak Voxek: goizean, Algortan izan zen, eta arratsaldean, Barakaldon —Ertzaintza protestan ari zirenei oldartu zitzaien, berriro, eta bost manifestari atxilotu zitzuten—. Asteazkenean, Oñatira (Gipuzkoa) joan ziren alderdiko buruzagi batzuk, Guardia Zibilari omenaldia egitera. Ertzaintzak babestuta egin zuten ekitaldi hura ere, aurrean izan zituzten ehunka herritar protestan, baina ez zen istilurik egon han. Gaur, berriz, Gasteizen egongo dira Santiago Abascal alderdiko presidentea eta alderdiko zerrendaburuak.

Diskurtso aldaketa

Indarrak neurtzeko plaza izan ohi da Araba hauteskundeetan, eta igandekoak ez dira salbuespen bat izango. Ohiko lehia itxiaz landa, inkestek Voxi ematen dioten aulkiak are gehiago estutu dezake azken eserlekua erdiesteko lasterketa. Araban asko dute jokoan alderdiek, eta atzo horren lekuko izan zen hiriburua. Kanpainaren azken-aurreko ekitaldi nagusia Gasteizen egin zuen Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak, eta hiriburua aukeratu zuen, halaber, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Idoia Mendia PSEren lehendakarigaiari babesa agertzeko. EH Bilduk ere Gasteizen egin zuen arratsaldeko ekitaldi nagusia: Maddalen Iriarte lehendakarigaiarekin batera izan ziren Mikel Otero Arabako zerrendaburua eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia.

Vox kanpainan agertzearekin batera —edo horren ondorioz— alderdiek aldatu egin dute euren diskurtso politikoa. Inkestek Araban irudikatzen duten mapa politikoak urduritu egin ditu hautagaiak, eta ultraeskuinaren mehatxuari aurre egiteko beharra aldarrikatzen ari dira batzuk eta besteak. Hein batean, botoa mobilizatzeko amua bilakatu da alderdi ultraeskuindarra. EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Equo egunotan ohartarazten ari dira haiei botoa ematea dela ultraeskuinari eta «faxismoari» atea ixteko modu bakarra, ezinbestekoa dela «blokeatzea» eskuin muturreko alderdiak legebiltzarrean sartzea, eta «horma bat» eraikibehar dela haiek hauteskunde lehiatik at uzteko.

Voxen arriskuaz ohartarazi zuen atzo Mikel Otero EH Bilduko Arabako zerrendaburuak. Haren ustez, Araban azken eserlekua lortzeko lehia EH Bilduren eta Voxen artean izango da, eta «oso boto gutxigatik» erabakiko da. Oterok «boto antifaxista guztiak» EH Bilduri emateko eskatu zuen, «faxismoari horma bat» ezartzeko: «Arabak memoria du, eta eskarmentua dugu eskuin xenofoboari atea ixten».

Elkarrekin Podemosek, berriz, «boto berdea» eskatu zuen «faxismoari» ateak ixteko. Atzo Bastidan (Araba) egindako ekitaldian, Juantxo Lopez Uralde Arabako diputatuak ohartarazi zuen «faxistak» legebiltzarra sartzear daudela eta «aurre egin behar zaiela». Equoko lehendakarigai Joserra Becerrak, bestalde, kanpainako azken ekitaldia baliatu zuen botoa eskatzeko, bi arrazoi argudiatuta: krisialditik «hobeto» irteteko eta eskuin muturrak legebiltzarrean tokirik izan ez dezan bermatzeko.

Carlos Iturgaiz PP eta Ciudadanos koalizioaren lehendakarigaiak ere hizpide izan zuen Vox, aipatu gabe: «Zentro-eskuinaren botoa» ez sakabanatzeko eta koalizioan biltzeko deia egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.