Concha Castells. DMD elkartea

«Inori ez dagokio erabakitzea noiz den pairaezina sufrimendua»

MONIKA DEL VALLE / ARP.
arantxa iraola
2016ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Elkartea biziberritzeko ahaleginetan ari dira hilabeteotan heriotza duinaren aldeko DMD Euskadiko kideak. Eutanasia eta suizidio lagundua delituen zerrendatik kentzea: horixe da haien asmorik behinena. Bi praktika horiek legeztatzeko bidea abiatzea: hori hurrena. Elkarteko presidente berriada Concha Castells.

Heriotza duina aldarrikatzen duzue. Eta zer gogoeta egiten duzue pazienteek, oro har, medikuen aurrean duten erabaki ahalmenaren inguruan?

DMDk, oro har, Espainiako Pazienteen Autonomiaren Legeak ontzat hartzen dituen eskubide guztiak bete ahal izatea nahi du; lege moderno bat da, eta mundu guztiak defendatzen du. Baina ezagutza falta dago oraindik lege horren inguruan, baita profesionalen artean ere. Nolanahi ere, nik uste dut medikuntzaren ikuspegi paternalista oro har gero eta atzeratuagoa dagoela. Baina lagundu egin behar zaio sistemari, eta, alde horretatik, adibidez, aurretiazko borondateen agiriak egitea lagungarria da. Laguntzen du. Demagun hilurren dagoen gaixo bat, inkontziente dagoena, erabaki ahalmenik gabe. Eta demagun haren familia ados jarri ezinik dabilela. Osasun profesionalek ez dakite zer balio zituen paziente horrek, bizitzaren zer ikuskera zuen. Kasu horietan, hartu beharreko erabakia oso zaila da sendagileentzat, eta berentzat bermerik handiena dakarren hori hautatzera jotzen dute usu. Aldiz, pazienteak aurretiazko borondateen agiria egina badu, zer nahi duen adierazia badu, eta behin autonomia galduta edo pairamendu itzulezin baten harira bere bizitza amaitzea nahi duela esana badu, eta horregatik hura osatzeko neurririk ez hartzeko esana badu, askoz ere errazagoa da sendagileek agiri horri atxikita pertsona horren autonomia aintzat hartu ahal izatea.

Esaterako, zuen ustetan, aurretiazko borondateen agiri bat izateak berekin dakar egoera horretan egiten den sedazio bat juridikoki ere seguruagoa izatea?

Bueno, hilurreneko sedazioak egunero egiten dira Osakidetzan, eta inor ez da segurtasunik gabe sentitzen horregatik. Tira, akaso egongo da baten bat informazioa falta duena, baina, oro har, ez da horrelakorik izaten. Baina, jakina, egindakoa sostengatzen duen agiri bat egiteak segurtasuna emango du, eta lasaitasuna ere bai ikuspegi etiko batetik.

Hala ere, eutanasia eta suizidio lagundua legeztatzearen alde ari zarete zuek, propio. Zein pauso eman beharko lirateke hori era egokian egiteko?

Europan indarrean dauden legeen artean edozein izan daiteke erreferente egokia. Ezinbestekoa da argi uztea eutanasia edo suizidio lagundua eskatzen duen pertsonak behin eta berriro egindako eskaera izan behar duela. Hainbat profesional beharko dira eskari hori irmoa dela egiaztatzeko, eta hainbat berme beharko dira, halaber, guztia ongi egingo dela ziurtatzeko. Ez dira batere lege arinak; justu aurkakoa.

Eta egungo legeak erabiliz, harago egin gabe, ezin al da aurrera egin jendeari hobeto hiltzen laguntzeko ahaleginetan? Ezinbestekoak dira eutanasia eta suizidio lagundua?

Zaintza aringarriak zabaltzea, esaterako, garrantzitsua da. Baina guk uste dugu heriotza duina dela norberak erabakitzen duenean egiten dena. Inori ez dagokio erabakitzea noiz den pairaezina ni jasaten ari naizen sufrimendua. Norberaren kontua da hori. Ez dugu nahi, esaterako, sedazioa indikazio mediko bat izatea, eta mediku batek hori erabaki zain geratzea. Ez da indikazio mediko bat. Pertsonari dagokion erabaki bat da. Horregatik, lehen xedea da eutanasia eta suizidio lagundua delitutzat jotzen dituen artikulua [Espainiako Zigor Kodearen 143.a] bertan behera uztea. Izugarria da artikulu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.