Xabier Olarra. Itzultzailea

«'Ulises'-ek epe eta erritmo bat behar du. Ez badiozu jartzen, zaila da»

Ander Perez Argote
Donostia
2016ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Urteetan elikatutako asmoari heldu zion azkenean, orain lau urte, Xabier Olarrak (Tolosa, Gipuzkoa, 1953), James Joyceren Ulysses euskaratuta. Onik, eta sarituta, atera da erronkatik.

Aski sari izango zenuen liburua bukatzea bera, baina apustua berretsi du orain Euskadi sariak.

Bai, behintzat batzuei taxuzkoa iruditu zaie. Epaimahai batean era askotako jendea izaten da, eta inoiz ez dakizu bere gustukoa izango den. Baina badirudi ikusi izan dizkiotela balio batzuk, eta, horretaz gain, ausardia aipatu dute, ezinbestekoa zela, eta halako gauzak. Itsaso horretan mugitu behar izan dugu, batzuetan olatu fuerteei aurre eginez eta beste batzuetan barexeago. Ez da broma izan.

«Erabaki ausartak» aitortu dizkizute. Horren kontziente al zinen liburua itzultzean?

Batzuk ezinbestekoak dira, eta beste batzuk neronek hala erabakitakoak, eta oso normalak ez direnak. Adibidez, 13. episodioan pastiche batzuk egin beharra, hasi Etxeparerekin eta Leizarragarekin segi, eta gaur egungo argotetaraino: horrelako gauzak modu askotan egin litezke, eta nik horrela egitea erabaki nuen. Horri esaten diote erabaki ausarta, eta bazen, eta, gainera, garai hartako grafiarekin emana. Hala erabaki genuen, hala ikusi genuen egokia, eta hala aitortu dute.

Aipatu duzu alferrikakoa dela Ulises-i buruz hitz egitea. Irakurri behar dela, alegia.

Bai, hitz egin nezake, eta saiatu naiteke esaten funtsezkoa hau edo bestea dela. Irakurle bati esaten badiozu zeri erreparatu behar dion, erneago egongo da, eta horrek erraztuko du. Baina horretarako egin beharko nuke beste liburu bat, esateko zeri erreparatu behar zaion. Baten batek pentsadezake: «Liburu bat irakurtzeko hori guztia jakin behar bada...». Tira, liburu batzuk ezer jakin gabe lasai aski irakur daitezke, eta beste batzuekin ez baduzu sekulako amorrazioa hartu nahi, aspertu eta bazterrera bota, komeni da gauza batzuk jakitea.

Zer harrera izan du liburuak?

Ari da saltzen, ez nik nahi nukeen adina, baina bai espero nuen neurrian. Baina, noski, gaurko bizimoduan zaila da holako liburu bati heltzea; denok dauzkagu hainbat zeregin, eta horri heltzeko... Ez da liburu bat gaur pixka bat irakurri eta hurrengoan beste pixka bat irakurtzekoa. Ez, erritmo bat eta epe bat behar du, eta hori ez badiozu jartzen zaila da.

Aurretik ere irabazia duzu Euskadi saria: 2006an, Estilo-ariketak itzulita, eta 2012an, Arantzazu Royorekin batera, Jakobian eraikina euskaratuta. Garrantzitsuak al dira halako aitortzak?

Bai, tira, saltoak dira. 2000. urtean aipamen berezia egin zidaten Deabruaren hiztegia [Ambrose Bierce] itzuli nuelako. Badirudi Deabruaren hiztegia itzultzea ziztrinkeria bat dela, baina kristoren lanak ematen ditu, eta zeresanik ez Estilo-ariketak [Raymond Queneau] bezalako bat. Jakobian eraikina [Alaa Al Aswani] beste gauza bat da, nobela estandarra da, eta ez ditu horrelako problemak planteatzen. Beharbada beste batzuk bai, kultura urruna delako eta ongi jabetu behar delako, baina besterik ez. Noski [sariak] inportanteak direla, nolabait, ikusten duzu mendixka batzuk igo dituzula, eta agian horrekin entrenatuta ikusten duzu zeure burua beste gauza batzuetarako.

Itzulpengintzan «uzta ederra» izan dela dio epaimahaiak. Seinale ona da hori?

Bai, baldin eta egia bada. Alegia, baliteke egin diren gauzak inportanteak izatea, baina hor dago itzulpenaren harrera. Epaimahai batek neurtu behar du zer ekartzen dioten, baina beste ikuspegi batetik, itzulpenak han eta hemen zer harrera duen baloratu beharko bagenu, ziurrenik beste balorazio bat egingo genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.