Memorian gordetzeko modukoa

Luis Gardek jaso du euskal literaturaren Euskadi saria, 'Ehiztariaren isilaldia' lanagatik. Xabier Olarraren Ulises-ek lortu du itzulpenarena. Azaroaren 17an emango dituzte sariak, Donostian

Xabier Olarra, Gabriela Ibarra eta Luis Garde, saritutako liburuakeskuan dituztela. LUISLUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Donostia
2016ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Sakonean galtzen den pasabide bat dakar azalean Luis Garderen Ehiztariaren isilaldia eleberriak (Pamiela). Iruñerriko Ezkaba mendian zutik dirauen garai bateko gotorleku eta kartzelarena da irudia. Eta balio lezake irudiak metafora gisara, korridore hori itzaletan nola, hala doalako galduz ere memoria denbora igaro ahala. 1938ko maiatzean, kartzelatik ihes egin zuten 800 bat presok, baina hiruk baino ez zuten lortu Ipar Euskal Herrirako muga igarotzea. Gainerakoak, edo berriro atxilotu, edo mendi magalean bertan tirokatu zituzten. Ehizatu. Gertakari hori eraman du Gardek bere lehen eleberrira, orduko ahotsak gaurkoekin nahastuz. Genero eta ikuspegi ezberdinetako piezak lotu ditu horretarako, eta hain justu, ahalegin hori aitortu dio Euskadi sarien epaimahaiak, 2016ko euskal literaturaren saria hari emanda: «Egilea beraren antza duen narratzaile-ikerlearen eskutik helarazten zaigu [kontakizuna] eta geruza ezberdineko narrazio multipolarren egitura hartzen du, collage aberatsa sortuz, garai, leku, pertsonaia eta gertakari ezberdinen ekarpenez».

Zazpi sailetan banatzen ditu Eusko Jaurlaritzak Euskadi literatur sariak, eta hiru falta ziren iragartzeko. Atzo eman zituen hiru garaileen izenak Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak, Donostian. Euskarazko literatur itzulpengintzan, Xabier Olarrak irabazi du saria, James Joyceren Ulises ezaguna euskaratzeko egindako lanagatik. Gaztelerazko literaturaren atalean, azkenik, Gabriela Ibarraren El Comensal eleberriak jaso du epaimahaiaren aitortza. 18.000 euro jasoko dituzte hiru sarituek; Gardek eta Ibarrak, gainera, 4.000 euro gehiago ere hartuko dituzte, saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratuko balitz.

Bi planotan bereizia dago Garderen eleberria. Batetik, 1938an kokatutakoan, Ezkabako bi iheslarien ibileren berri ematen du autoreak. Bigarrenean, gaur egungoan, orduko gertakariak ikertzen ari den narratzailea mintzo da. Halako batean, kapitulu ilun horren atzean egondako senide baten berri izango du ikerlari horrek, eta hor sortuko da talka, atzoko agerraldian Gardek berak azaldu zuenez: «Hasiko da bere buruari galdezka, zein izan zitezkeen senide haren motibazioak halako sarraski batean parte hartzeko. Bere arbaso horrek bedeinkatu bazuen halako zerbait, agian berak ere bedeinkatu ditu beste sarraski edo biolentzia batzuk, edo isildu da. Hortik sortzen da memoria etikoaren kontu hori».

Izan ere, nabarmendu du Gardek kezkatzen duela memoriaren gaiak, baina ohartarazi du ez dela berea memoria historiko ariketa bat, memoriazkoa baizik, izenondorik gabe. Eta gogoratu du indarkeriarekin dutela zerikusia memoria saio askok: «Agian ez orain 80 urtekoa bezain basatia, baina bortizkeria beti dago presente gizartean. Uste dut batek egin behar dizkiola bere buruari galdera horiek, horren aurrean zer jarrera hartzen duen».

Berak, bederen, egin du galdera, eta hari ezberdinak elkar lotuz ondu du eleberri saritua. Emaitza, epaimahaiaren arabera, «liburu aberatsa da, sakona eta gogorra, irakurlearen kontzientzia astintzen duen urruneko sarraski lazgarrien memoria etiko hurbila».

Besteak beste, Anjel Lertxundiren Zu, Itxaro Bordaren Ultimes déchets eta Koldo Izagirreren Lorea Gernika, andrazko bat lanekin lehiatu da Garderen obra. Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biokiaz argitaratu zuten ere, baina lehiatik kanpo utzi dute, Euskadi sarien oinarrien arabera, ezin baita berriro lehiatu azken hiru deialdietan saritutako idazle bat. Saizarbitoriak 2013an irabazi zuen saria, Martutene-rekin.

Minaren aurkako laborategi

Euskal itzulpengintzaren mugarritzat aurkeztu zen iaz Ulises (Igela), eta hura berretsi du orain Euskadi sariak. Xabier Olarrak James Joycen klasikoa euskaratu izana goratu du epaimahaiak, eta txalotu du kalitatea: «Obra hau euskaraz edonola ematea ere, ez zen dema makala, baina auzo-erdaretako bertsioak berdintzen eta inoiz gainditzen dituen egokitasun miragarri batez emana datorkigu itzulpen honetan».

Hiru urte eman zituen Olarrak Joyceren maisulana itzultzen, baina, dioenez, agian «orain 30 urte hasitako itzulpenetan ere bilatu beharko da [Ulises] egin ahal izatearen esplikazioa». Eta paralelismo batekin jantzi du arrazoia: «Zenbat kostatzen zaio Himalayan mendizale bati mendi bat igotzea? Agian hiru aste, baina hara igo aurretik igual 25 urte aurretik egon da entrenatzen».

Epaimahaiak ebatzi duenez, «literatura-kanoneko ale gailenetariko bat du euskal irakurleak eskura, bikain ondu eta aurkeztua». Eta han eta hemen aitortua da Ulises obraren ekarpena. Baina ez zuen obraz mintzatu nahi izan atzo Olarrak. Alferrik litzateke, haren ustez. «Obra zer den argitzeko beharko nituzke lau, zortzi edo hamabi ordu, eta, hala ere, ez nuke lortuko inork irakurtzean ikusiko lukeenik urrutitik ere adieraztea. Ulises zer den jakin nahi duenak Ulises irakurri behar du».

Heriotzaz bete du Gabriela Ibarrak bere lehen nobela, El comensal (Caballo de Troya), eta lan horrek eman dio Euskadi saria. Javier Ibarra aitona, besteak beste Francorekin matxinatua, enpresaburua eta 1963tik 1969ra Bilboko alkate izan zena, ETApm-k hil zuen, 1977an. Ama, gaixotasun batek, 2011n. Bi kasuak lotu eta nobelatu ditu Ibarrak, eta «hurbileko gertakizun dramatikoei buruz idazterakoan egileak erakusten duen kontentzioa» nabarmendu du epaimahaiak.

Indarkeria dario Ibarraren lanari, Garderenari bezalaxe. Eta,hain justu, aurten saritutako lanetan biolentziak duen presentzia nabarmendu zuen atzo Joxean Muñozek. Azaldu zuenez, «biolentziak sortutako oinazea lantzeko laborategia» izan daiteke literatura. Eta horregatik bere mezua: «Literatura, ez bakarrik ederra, beharrezkoa da, eta momentu honetan bereziki»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.