Hatortxu, musikaren herria

Antolatzaileak oso pozik daude, milaka lagun bertaratu direlako eta giro «ezin hobea» izan delako

Betagarrik ostiral gauean esan zion agur 24 urteko ibilbideari, Hatortxun. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Lakuntza
2017ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Ostiraleko rock enbataren ostean, lasai esnatu da Lakuntza. Kanpalekuetan, aurpegi lotiak nabari dira. Eguzkiak gogor jotzen du, eta, erritmo lasaian, batzuk igerilekura doaz. Bada herriko plazako itzalpean egotea nahiago duenik. Gehienek oraindik iltzatua dute herenegun gaueko kontzertu gogoangarria. Ostiralean, Betagarrik agur esan zienagertokiei. Obrint Paseko Xavi Sarria eta Miquel Gironesekin batera azken kontzertua eman zuten Hatortxu Rocken, eta hango Beriain gunea jendez lepo zegoen, hutsunerik gabe. Behin betiko agurraren ostean, arnasa hartzeko betarik gabe, Berri Txarrak taldeak bere energia guztia transmititu zuen, eta hiru orduko oturuntzari Gatibuk eman zion azken ukitua.

Hiru egunez jarraian kontzertu andana bata bestearen atzetik eman ostean, gaur itxiko ditu ateak Hatortxu Rockek. Lau egunez, Lakuntza eta haren ingurua musikaren herri bihurtu dira, eta, nahiz eta oraindik azken txanpa falta, orain arte bizitakoarekin«oso pozik» dago Aitor Agirrezabala. Alde batetik, urte oso bateko lan isilak emaitza ona izan duelako. «Sentsazioa dut herri bat sortu dugula. Azpiegiturak, kanpalekua, komunak eta dutxak, tabernak... beste herri bat sortu dugu».Aurtengoarekin, bosgarren aldia du Agirrezabalak antolamendu zereginetan, eta erantzuna oso ona izan dela deritzo. «Lehen egunetik milaka lagun etorri dira. Ostegunean, espero genuen baino gehiago, eta ostiralekoa sekulakoa izan da. Giroa ezin hobea da, eta eguraldia kontratatu egin dugula dirudi...».

Taldeen zerrenda ere nabarmentzekoa izan da. 85 taldek jo dute Hatortxu Rocken. Gustu guztientzako eskaintza izan da aurtengoa. Izendatutako taldeez gain, Governors, Esne Beltza, Jo & Swiss Knife, Vendetta, Josetxu Piperrak & The Riber Rock Band, Doctor Deseo, El Corazon del Sapo,Willis Drummond, Sorkun, Anari, Skontra, Ken Zazpi,Su ta Gar, Zartako-K,Dj Reimy, Gozategi, Liher, Juantxo Skalari & La Rude Band eta Dremen.

Lakuntzako herria

Bai Kerobiak atzo bai Doctor Deseok herenegun Lakuntzako plaza erdian jo zuten; hau da, doako eremuan. Horrekin ere, Hatortxuk keinu egin nahi izan dio Lakuntzako herriaren erantzunari. «Hasieratik azpimarratu behar da oso jarrera baikorra izan zutela, eta harrera ona egin digute bai udalak, bai herritarrek. Lagundu digute muntatze lanean eta auzolanean», esan du Agirrezabalak.

Ostiral gauean, Betagarrik protagonismo berezia hartu zuen. «Gu ekonomikoki ezin gara lehiatu jaialdi handiekin, eta saiatzen gara zerbait berezia eskaintzen. Elkartasun hori eskaintzen digute». Horregatik, Agirrezabalak berezia deritzo 24 urteren ondoren Betagarrik Hatortxu hautatzeari. Berezia izan den bezala beste 84 taldeen erantzun ona.Atzo gauean, adibidez, Ehun Kilo berragertu zen. «20 urteren ondoren lehen aldiz jo dute. Hatortxu hasi baino lehen utzi zuten, eta hemen jotzeko elkartu dira».

Presoen egoera

Aurtengoa 20. jaialdia da. Lehengoa 1999an egin zuten, Atarrabiako frontoian, baina geroztik asko handitu da Hatortxu. Dena den, ez dute ezer ospatzeko. Azken batean, helburu argia du: «Edozein musika jaialdirentzat, hogeigarrenera iristea arrakasta litzateke, baina, guretzat, urte bat pasatu eta beste bat antolatu behar izateak adierazten du ez dela konpondu euskal preso eta iheslarien arazoa». Gaur-gaurkoz, 329 preso daude Frantziako eta Espainiako espetxeetan, eta ETAk egindako urratsek ez dute aldaketa handirik elkarri ez presoen eta ez senideen egoeran.

Hatortxuk egoera hori salatzea du helburu, eta, horregatik, gaur ekitaldia egingo dute 13:00etan, Nahikoa da etxera lelopean. Egunotan, bi hitzaldi egin dituzte presoen inguruko herri ekimenez eta nazioarteko beste gatazketan gaia nola jorratu den aztertzeko. Jaialdian bildutako dirua sakabanaketa jasaten duten senideen egoera leuntzeko izango da. «Niretzat, senide bat etorri eta egindakoa eskertuta, hilabeteotako lana ordainduta geratzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.