Komunitatea omenduko dute

Eztena antzerki jaialdiaren 10. urteurrena ospatuko dute gaur Errenterian, ekitaldi berezi batean

Eztena Jaialdia antolatzen duen Errenteriako Mikelazulo Kultur Elkarteko kideak. EZTENA JAIALDIA.
Ane Eslava.
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo Kultur Elkarteak antolatzen duen Eztena antzerki jaialdiak hamar urte beteko ditu aurten, eta modu berezian ospatukodute urtemuga: gala bat egingo dute, jaialdian parte hartu duten lagunak omentzeko. Niessen kulturgunean izango da, gaur, 19:00etan. Proiektu berri bat ere aurkeztuko dute festa horretan: taldeak argitaratu dituen sei antzerki liburu.

«Gala oso berezia izango da, eta gure estiloan guztiz», adierazi du Ainara Gurrutxaga aktore eta Mikelazuloko kideak. Azken hamar urteetan Eztenatik igaro diren guztiak sarituko dituzte: sortzaileak, ikusleak, sukaldariak, teknikariak, laguntzaileak... Antolatzaileek oso argi dituzte jaialdiaren helburuak: «Ikusezinak diren antzerki proposamenak eta arriskuak hartzen dituzten pertsonak ikusaraztea eta antzerkiaren aniztasuna ospatzea». Haren ustez, prestatu duten ekitaldiak «bete-betean jotzen du» kolektiboaren filosofiarekin.

Kulturaren munduan egin ohi dituzten gala handien parodia egingo dute, eta kritikarako tartea egongo da: «Nahi gabe ateratzen zaigu hori, halabeharrez. Ekintza ugari egongo dira, eta, horien artean, zenbait konturen inguruan dugun ikuspegiaren pintzelkada batzuk emango ditugu», esan du Gurrutxagak. Gainera, gonbidatu guztiek hitz egingo dute; hortaz, nahi dutena esan eta aldarrikatzeko tartea izango dute. Antolatzailearen hitzetan, jaialdia «perfomance erraldoi bat» izango da.

Urtebete igaro dute Mikelazuloko kideek aurtengo jaialdia prestatzen, eta, urtero bezala, kolektiboan gauzatu dute prozesua. «Batzar asko egiten ditugu, eta gogoetarako eta eztabaidatzeko abagune bat dira horiek; bada, gala hau ere horrela sortu zen», azaldu du aktoreak. Artea eta euskal antzerkia ospatzeko gogoa zutela ikusi zuten bilkura horietan, eta ekitaldia prestatzeari ekin zioten. Prozesua «oso neketsua» izan da, baina baita «gozamenez betea» ere.

Eztena jaialdiaren aurtengo proposamena berritzailea bada ere, taldeak beste pausu bat eman du: sei antzerki liburu argitaratu dituzte, hiru euskaraz eta hiru gazteleraz. Aurretik argitaratu gabeko testuak dira: Joxemari Carrereren Zapatak, Tripak Kolektiboaren Aitaren larrua, Jose Martin Urrutia Txotxe-ren Ametsen faktoria, Legaleon T-ren Ella y el: ficciones, Javi Barandiaranen Tres pedradas eta Las XL-ren Abandonate mucho.

Mikelazulo taldearen kezka baten ondorioz erabaki zuten liburuak argitaratzeari ekitea: «Euskal antzerkigintzak argitalpen munduan duen tokirik eza askotan agertu da mahai gainean gure kolektiboan. Horregatik, aspaldi sortu zitzaigun gogoa bilduma bat argitaratzeko». Hamargarren urteurrena parada egokia iruditu zaie urratsa egiteko eta sorta horren lehenengo sei atalak argitaratzeko. «Erronka handia da hori, baina oso pozik gaude».

Sei lan horiek Eztena jaialditik igarotakoak dira, eta Gurrutxagak uste du«bat egiten dutela» Mikelazuloren filosofiarekin. «Oso anitzak dira, halakoa baita euskal antzerkia». Taldeak berak egin du edizio lana, eta laguntza ere izan dute; kasurako, BERRIAko kritikari Agus Perezek euskararen egokitasunarekin lagundu die. Gaurko gala lehenengo aukera izango da argitalpenak lortzeko, eta Interneten ere eskuragai egongo dira.

Hasierako helburuei eutsiz

Kultur proposamen ausartak ikusgarri egiteko eta euskal antzerkigintzaren eskaintzari aniztasuna emateko xedez sortu zuten Eztena jaialdia, 2008an. Hamar urte igaro dira, baina kolektiboaren filosofia ez da aldatu. «Orduan ikusten genituen beharrak ez dira asko aldatu, zoritxarrez. Hortaz, helburuak berdinak dira», adierazi du Gurrutxagak.

Antzezleak uste du lorpen garrantzitsuak erdietsi dituztela azken hamarkadan egindako ibilbidean: «Batetik, sentitzen dugu Eztena erreferentziala dela jende askorentzat. Bestetik, sortzaileen topagune bat izatea ere lortu dugu; komunitate bat sortu dugu». Gaurko jaia horren erakusle izango da: «Urte hauetan, lotura emozional bat partekatu dugun 300 pertsona egongo gara».

Egun, taldea gogoeta prozesu batean murgilduta dago. Borondatezko lanak eskatzen dituen ahaleginak eta horri lotutako kontraesanak dituzte eztabaidagai: «Borondatez egiten dugu lan, eta denok ikaragarri maite dugu egiten duguna. Baina egungo errealitateak eskatzen digu aldi berean beste proiektu askotan lan egitea, eta horrek nekea sortzen digu». Ondorioz, oreka topatzea eta indarrak neurtzea da haien erronka. «Hala ere, gure abantaila da lantaldean oso ondo ulertzen dugula elkar; elkar aberasten dugula, eta ez dugula galdu egiten dugunarekiko pasioa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.