Bertol Arrieta.
Brasilgo Munduko Kopa. 'O TEMPLO DO FUTEBOL'

Mendeku txikiak

2014ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Benitok deitu dit: -Hi, baina zer arraio egin duk? Orain arteko lan guztia pikutara bidali nahi al duk, edo? Ederki ari hintzen, eta derrepente, zer, serio jarri?! Burutik al hago? Ezta okurritu ere berriz halakorik, e! Ba al dakik hire atzoko artikuluarekin zenbat irakurle galduko hituen egun batetik bestera? Motel!, jendeak hire desgraz... hire abenturak irakurri nahi dizkik! Futbolari eta politikari buruz idazteko bazeuzkaagu kazetariak! Zer hago, deprimituta? Atera hadi, atera hadi kalera! Dibertitu hadi! Ezagutu jendea! Ikusiko duk! Begiradak bitan gurutzatzea nahikoa duk, ia segidan ezpainak gurutzatzeko, zangoak gero, eta abar, eta abar. Ez diat dena esplikatuko, ezta? Diru gehiago nahi al duk? Gauza bat egingo diagu, hik heuk atera txartelarekin, eta gero moldatuko gaituk...

Orain arte okurritu ere ez, gaur hondartzan izan naiz, Copacabanan. Goizeko 9etan esnatu naiz, zintzo demonio, eta, joño, pentsatu dut, honaino etorri eta Rio ezagutu beharko dut, pixka bat bada ere! Etorri nintzenetik ez naiz-eta ia Lapatik atera...

On egin dit bainuak, eta kementsuago nago jada. Parrandarik gabe, burua lepo gainean, gauzak beste era batera ikusten dira. Halaxe nengoen, lasai asko eguzkitan etzanda, gaurko partidarekin gogoratu naizenean! Ziztuan puskak bildu eta Laparantz gerturatu naiz: Bruxo Marcelorengana bueltatu behar nuen! Hau izan da nire gaurko eskaera, Espainiako III. errepublikaren zaleen omenez: I — II, Txile irabazle. Argi ibili!, magia beltzarekin fin jarduten da-eta Bruxo Marcelo.

Zer uste huen, Philip, herbehereen aurkakoa V-I galtzea kasualitatea izan zela, ala?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.