Patxo Telleria. Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria

«Aste Nagusiak oso erro sakonak ditu jendearengan»

Hitzak ditu lanbide Patxo Telleria antzerkigile eta zinemagileak, eta berak irakurriko du gaur Bilboko Aste Nagusiari hasiera emango dion pregoia. Formalki berrikuntzaren bat eskaintzen saiatuko dela dio.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Maisua da hitzekin Patxo Telleria antzerkigile eta zinemagilea (Bilbo, 1960). Mikel Martinez aktorearekin egiten dituen euskarari buruzko komedietako edozein ikusi duenak badaki hainbeste. Bereziki oparoa izan du urtea, gainera. Alde Zaharreko maitaleak antzezlana estreinatu du Bilboko Arriaga antzokian, William Shakespeareren Uda gau bateko ametsa antzezlana egokitu eta euskaratu du Donostiarako, Igelak pelikula filmatu du, Vaiven konpainiaren hurrengo antzezlanaren dramaturgia eta itzulpenak egin ditu, eta arrakasta betean dabil Pankreas piezaren gaztelerazko bertsioa. Hori gutxi ez, eta bera hautatu dute, gainera, aurtengo Bilboko Aste Nagusiko pregoilari izateko. Arriaga antzokiko balkoitik irakurriko du bere pregoia, gaur, 19:00etan, eta Gisele Felli Gorritxo txupinerak piztuko du zuzia gero.

Sorpresaz hartu omen zenuen hautagai zinela esateko egin zizuten deia.

Denetarik sentitu nuen: plazera, eta susto pixka bat ere bai, zeren hasten zara pentsatzen ea zu zaren pertsona egokia rol horretarako eta halako beste mila gauza.

Hiri guztia izango duzu begira.

Bada, bai.

Ez nuen esaten estutzearren...

Lasai, mundu guztiak esaten dit. Denek galdetzen didate: «Hasi zara preparatzen? Preparatu zara?». Eta nik neure buruari egiten diot orduan galdera; zelan preparatzen da bat halako baterako? Ez dago zelan preparatu. Batez ere, jipoi fisikorako. Zeren, mundu guztiak aipatzen dit jipoi fisikoarena, eta ez bakarrik pregoilari izan direnek. Mundu guztiak omen daki pregoilari izatea kristoren jipoia dela; ni naiz, antza, jabetu ez den txotxolo bakarra.

Pregoilari izanik erabat aldatuko zaizu festetarako plana.

Festetan egongo naiz hasieratik bukaerara. Normalean, zuk aukeratzen duzu nora joan, zer egin eta noiz deskantsatu; bueno, bada, orain ja ez.

Pregoirako zerbait originala prestatu nahi zenuela esan zenuen aurkezpen egunean. Zer prestatu duzu?

Originala izaten saiatu naiz, baina formaren aldetik. Azken finean, pregoi batean edukiak zer edo zertxo alda daitezke, baina badauka protokolo eta zeremonia puntu bat, eta hor tarte txikia dago originala izateko. Ez da saiakera bat, ez da artikulu bat, ez da txosten bat... Horregatik saiatuko naiz formaren aldetik ikuspuntu berri bat eskaintzen.

Eta zein izango da mezua?

Ongi pasatzeko deia izango da, eta Bilbori buruzko nire ikuspuntua ere emango du. Gizarteari buruzko apunte txiki bat ere egingo dut. Horrelako zerbait. Baina eduki aldetik ez dut uste inor txunditzeko kontua izango denik. Muga argiak ditu pregoiak. Pregoilaria naizenez, Bilbo osoa ordezkatzen dut, eta nahiko diskurtso inklusiboa egin behar da.

Gisele Felli Gorritxo izango da aurten txupinera, eta harekin pasatuko dituzu festa guztiak. Ezagutzen duzu?

Egun hauetan ezagutu dut. Ni baino askoz ere gazteagoa da, eta oso ondo konpontzen naiz berarekin. Gure inguruan, lan anonimoa egiten duten konpartsakide asko ere egongo dira, festetan lan ikaragarria egiten dutenak. Ni nahiko harritu naiz ikustean zer militantzia gradu altua dagoen konpartsen federazioan. Zenbat jende dagoen eta zenbat lan egiten duten; denek musu truk.

Jaien herrikoitasun hori ere azpimarratu zenuten aurkezpen prentsaurrekoan.

Oso probintzianoa iruditzen zait esatea gure herriko festak munduko onenak direla, baina iruditzen zait festa hauek parte hartze eta inplikazio oso handia dutela. Esango nuke oso erro sakonak dituela jendearengan, oso errotuta dagoela. Urte gutxian lortu da hori. 40 urte baino gutxiago dauzka, eta ikaragarria da hori lortu izana.

Urte borobila izan duzu aurten: Pankreas antzezlanaren gaztelerazko bertsioa bira betean, Donostia 2016rako Uda Gau Bateko Ametsa, Alde Zaharreko maitaleak antzezlanaren estreinaldia, Igelak pelikula filmatu duzu... eta, orain, pregoilari. Datorren urtean depresioa?

Urte zoroa izan da. Gehiegizkoa. Baina lanak banan-banan oso ondo atera dira. Depresiorik ez, halere. Mikel Martinezek eta biokudaberrian estreinatu nahi dugun antzezlana ere idazten hasi naiz pixkanaka-pixkanaka.

Datorren urtean baduzu gehiago lortzerik?

Beti iruditu zait harrigarria entzutea mendebaldeko gizartea beti haztera derrigortuta dagoela, eta aurreko urtean baino gehiago egitera, beti gehiago, bestela porrot egiten duelako. Nahiko plangintza eroa iruditzen zait, porrotera kondenatua, eta, beraz, nik ere ez dut gehiago egiterik espero. Aurten gutxiago egiten badut, bada gutxiago; horrek ez nau kezkatzen. Kezkatuko naiz gutxi egiteaz gain txarto egiten badut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.