Krisia Nafarroako Gobernuan. Lourdes Goikoetxearen agerraldia

Goikoetxeak Barcina babestu du, eta fabore tratuak ukatu ditu

Nievesen agerraldia ondo aztertu eta esan beharrekoa ondo neurtu arren, memoria arazoak agertu eta kontraesanetan erori daNafarroako Unibertsitatearen alde egitea eta CANen datuak eskatzea ukatu du

Hiru ordutik gora aritu zen atzo arratsaldez Lourdes Goikoetxea ikerketa batzordean azalpenak ematen, eta gaur jarraitu beharko du, 10:00etan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2014ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Ez dut gogoan». Ostiraleko Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari gerente ohiaren ostiraleko agerraldia ondo ikasia zeraman atzo arratsaldean Lourdes Goikoetxea presidenteordeak, eta haren gain zer esatea komeni zitzaion ondo zekien. Haatik, Ikerketa Batzordeko parlamentu taldeetako eledunak galderak egiten hasi eta bere kontraesanetan murgildu ahala, presidenteordeari memoria selektiboa azaleratu zitzaion. Ahanztura, batez ere, Barcina kolokan utz zezaketen edo bere jarrera auzitan gera zitekeen uneetan agertu zitzaion. Nievesek sei orduz jardun zuen eta galdera denak erantzun zituen, dena oroitzen zuen. Aldiz, Goikoetxeak bere ahulguneak ezkutatu nahi zituen. Defentsiban zegoen. Barcina babestu eta fabore traturik egin izana ukatu zuen.

Nievesek egin bezala, Goikoetxea ordu laurden lehenago ailegatu zen batzordera, Raquel Perez departamenduko kabineteburua alboan zuela. Lehen txanda UPNko Carlos Garcia Adanerorentzat izan. Bere lehen bi galderak izan ziren ea fabore traturik egin duen eta legez kanpo jardun duen. «Ez», erantzun zuen bietan. UPNren ordu laurdeneko txanda amaituta, Pedro Rascon PSNko parlamentariak bi orduz jardun zuen. Bere galderak amaitzean, Lizarbe batzordeko buruari eskatu zion Goikoetxearen agerraldia fiskaltzara bidaltzeko «influentzia trafiko» delituaren nahikoa zantzu atzeman dituztelako.

Goikoetxeari, Ekonomia kontseilari gisa egotzitako fabore tratuetan hiru kasu nabarmen daude. Bata, Nafarroako Unibertsitateari dagokiona da. Goikoetxeak atzo onartu zuen unibertsitateko irakasle eta langileek betidanik, «55 urtez», euren senideen matrikula doan egin zietela. 2012an zein araudi aldaketa bat egon zen, eta Ogasunak inspekzioak egin zizkion unibertsitateari enplegatuei errenta aitorpenean egindako atxikipenak ikuskatzeko. Goikoetxeak atzo onartu zuen unibertsitatearen ordezkari batek jakinarazi ziola inspekzioari buruz. Irizpideekin ezadostasuna azalduta, Nievesi mezu bidez adierazi zion «jokaldi txarra» zela, «izugarria» zeritzola inspekzio horri, eta Barcinarengana joko zuela. Atzo, Goikoetxeak azpimarratu zuen iritzia baino ez zela berea. «Izugarria neritzon, 55 urtez ez delako aintzat hartu unibertsitateak hori egiten zuela, eta araudi aldaketa bat egon zelako. Inkoherentea neritzon araudi aldaketatik lau urte atzera egin nahi izatea inspekzioak». Fiskalitatean, bost urteko epemuga dute Ogasunarekiko zorrek eta gehienez lau urte atzera jo zezaketen inspekzioan.

Pedro Rasconek galdetu zion «buruzagi hierarkiko batek emandako iritzia» ez ote den iritzia baino zerbait gehiago. Goikoetxeak ukatu egin zuen. «Nire iritzia ematera mugatu nintzen baina hori ez da esku hartze bat». Rasconek berretsi zuen bere iritzia «hiruzpalau aldiz» eman izana, Nievesi zein Ogasuneko goi karguei, ez al zen agindu bat. Ukatu zuen. Ezadostasun horrek inspektoreen lana auzitan jartzen al duen galdetuta, ukatu zuen. Barcinarekin gaiaz hitz egin al zuen galdetuta, ez zen oroitzen. Auzi horretan Barcinaren bitartekari al zen galdetuta ukatu zuen: «Inondik inora». 2013ko irailaren 11n unibertsitate pribatuko ordezkariekin bildu al zen galdetuta, bost segunduko isilune luzea egin zuen Goikoetxeak. «Ez dut gogoan», erantzun zuen jarraian.

Egotzitako bigarren fabore tratua ostalaritzako enpresen inspekzioak ziren. Iaz, Ogasunak in situ inspekzioak egin zituen ostalaritza sektoreko jatetxe eta tabernatan. Inspektoreek ordenagailuak tokian bertan miatzan zituztenez eta foruzainekin batera joan zirenez, hauts ugari harrotu zituen eta kexu ugari egin zituzten ostalarien artean. Nievesek ostiraleannormaltzat jo zituen protestak; ez, ordea, kontseilariak kezka adierazi izana. Goikoetxeak inspekzioburuari galdetu zion ea legearen arabera jarduten ari ziren, inspekzioaren funtzioak egoki betetzen ari al diren eta ez al zen enpresen segurtasuna auzitan jartzen ari. PSNk galdetu zion ea zergadunen arabera jarrera bat edo bestea duen eta irudi duela kontseilari beharrean zerga aholkulari gisa jarduten jarraitzen duela. Goikoetxeak salaketa hori ukatu zuen. «Posizioa soilik hartu dut bi kasuetan, ostalaritza eta Nafarroako Unibertsitatearen kasuan. Ez dut uste hori kontuan hartzeko modukoa denik».

Azken kasua, Conservas Almanaquerena izan zen eta Goikoetxeak berretsi zuen oso egoera zailean zegoen enpresa txikia izaki, bere alde egiten saiatu zela. Jarrera horrek lotsarik eragiten al dion galdetu, ezezkoa eman zuen. «Egoera kontuan hartzea baino ez dut eskatzen. Jarraitzen dut pentsatzen ez dudala inongo fabore traturik egin. Bezero txikia zen, eta oso arazo larrietan zegoen».

Galdetegian, Goikoetxeak azaldu zuen 23 urtez lan egin duela enpresen aholkulari moduan eta politikara jauzi ematea erabaki zuela «UPNren bazkide delako» eta «gizarteari zerbitzua eskaini asmoz». Yolanda Barcina Iruñeko alkate denetik ezagutzen duela eta 2011ko UPNren hauteskunde programan parte hartu zuela onartu du.

Bilduk galdetu zion ea Talleres Ezkerrako kontseilari edo bazkide izan den, hala agertzen delako Merkataritza Erregistroan. Goikoetxeak esan zuen enpresatik atera zela 2011ko ekainean gobernura sartzean. Maiorga Ramirezek galdetu zion ea badakien zenbat diru laguntza jaso dituen enpresak. «Ez, ez dakit». Ramirezek gaineratu zuen Europako Batasuneko funtsetatik dirua jaso duela bere enpresa ohiak.

Ramirezek galdetu zion ez al zaion bitxia iruditzen kontseilari batek inspekzioetan esku hartu nahi izatea eta ahalik eta diru gutxien bildu nahi izatea. Hori ere ukatu zuen: «Legearen arabera jardun dut eta Ogasunarentzat ahalik eta diru gehien biltzea bilatu dut».

Nievesen arabera, Goikoetxeak Nafarroako Kutxari buruzko bi aitorpen eredu eskatu zizkion Barcinak interesa duelako. Goikoetxeak uneoro ukatu zuen. Barcina babestu zuen, eta soilik onartu zuen presidenteak bere informazio pertsonala nahi zuela. Goikoetxeak esan zuen ez zuela eredu horiek nahi, baizik eta ea nori zegokion informazio hori edukitzea. Parlamentutik informazio eskaera oldeazegoela esan zion. Bilduk eta PSNk agerian utzi zuten Parlamentuaren eskaerei iskin nahi egin ziela iaz, eta bere motibazioa bestelakoa dela.

Lizarbek batzordearen saioa eten zuen eta gaur jarraituko du 10:00etan. Barcinak 16:00etan egin du bere agerraldia.

Lekukoen adierazpenak

Aurretik, departamenduko goi karguek agerraldia egin zuten. Goizean, Juan Franco Aurrekontuaren zuzendari nagusiak, Maria Jesus Valdemoros Politika Ekonomikoko zuzendari nagusiak, Pedro Ugalde ogasuneko idazkari teknikariak eta Manuel Arana Ogasuneko Planifikazio eta Kontroleko buru ohiak.

Francok onartu du, Nievesek egindako salaketa «oso larria» dela eta «eragin handia» duela. Aranak, onartu du 2011ko irailaren 27ko Merca'o-ko jatetxeko bazkariaren ostean, Nievesek ohartarazi ziola Ogasuneko inspekzio planen informazioa jasotzeko saiakerak egon zitezkeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.