Krisia Nafarroako Gobernuan. Idoia Nievesen agerraldia

Defizitaren 2012ko xedea betetzeko, Barcinak «kalte handia» eragin du

Iaz BEZ zergan 148 milioi euro gutxiago bildu ziren, eta Nievesek berretsi du gehiena ordainketak atzeratzeagatik izan zelaHilaren 11ko salaketa osoa berretsi du, eta bere lekukoen izenak eman ditu

Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari gerente ohia, atzoko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2014ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Yolanda Barcinak defizitaren helburua betetzea jarri zuen lehentasun moduan beste ezeren gainetik. Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari gerenteak atzo emandako azalpenetan argi geratu zen Nafarroako lehendakariak kosta ahala kosta nahi zuela 2012an defizitaren %1,5eko helburua betetzea. Lortu zuenean, duela urtebete pozarren azaldu zen. Garaipen horren atzean, ordea, porrot handi bat zegoen. Barcinak hilabete batzuk lehenago enpresei BEZ zergaren ordainketak atzeratzeko erabakia hartu zuen. Ondorioez ohartarazi zioten, baina aurrera egin zuen: «2013. urtean hamabi hilabeteko BEZa itzuli ordez, hamalau hilabetekoa ordaindu behar izan genuen», azaldu zuen atzo Nievesek. Hala, BEZaren bilketa 148 milioi euro gutxitu zen iaz, eta horren zati handiena Barcinaren erabakiari zegokion.

Hamabost minutu lehenago iritsi zen atzo Idoia Nieves agerraldira. Oraindik parlamentariak iristeke zeuden, eta kamerari zein argazkilari guztiak hari begira zeuden. Geldi, zutik, Ana del Pozo abokatua alboan zuela, erronka bota nahiko balu bezala itxaron zuen. Urduritasun aztarnarik gabe, sei orduz jardun zuen banan-banan talde bakoitzaren galderei erantzunez eta neke aztarnarik erakutsi gabe. Bere gain sumatu behar duen presioa eta tentsioa ere ez zitzaion nabaritu.

Zertzelada pertsonal batzuk eman zituen. Adibidez, 2011n, Volkswagenek Landabenen autoen komertzializazio sistemaren aldaketak Nafarroaren bideragarritasuna kolokan utz zezakeenez dimisioa aurkeztu ziola Alvaro Miranda kontseilariari. «Lo egiteari utzia nion. Kontseilariari azaldu nion ez zuela nahikoa sendotasunik. Jarraitzeko eskatu zidan. Biharamunean lore sorta bat utzi zidan». 2014ko urtarrilean eman zuen dimisioa. Gerora gobernuak esan du bi egun lehenago esan ziotela kargutik kenduko zutela. «Ez nekien. Dimititu eta bi ordura jakin nuen zein zen ordezkoa. Harritu nintzen», esan zuen esanahi ugariko irribarrez. Otsailaren 11ko agerraldiaren ostean, UPNko bi kidek «abegikor» ondorioez ohartarazi zioten: Alvaro Mirandak eta Pruden Indurainek.

Atzoko agerraldian kontu ekonomikoen gaineko datu ugari eman zituen Nievesek, eta iradoki zuen Barcinak zein Goikoetxeak ez dutela irizpide argirik. Presidenteordearen aurkako salaketen inguruan, berriz, ez zuen sakondu. Orain parlamentariek munizio gehiago dute hurrengo asteko Barcinaren eta Goikoetxearen agerraldiari begira.

1. Kalte ekonomikoa

2012ko urriaren 10ean, Barcina, Goikoetxea eta gobernuko goi kargudun batzuek bilera bat egin zuten defizitaren helburua aztertzeko, tartean Idoia Nieves bera. Bileran Barcinari ondorioez ohartarazi zion Nievesek, eta oraindik horren inguruko azterketarik egin gabe, Barcinak erabaki zuen apirilean eta maiatzean BEZ zerga itzuli beharreko enpresei (tartean Volkswagen) ordainketa hori atzeratzea. «Haren helburu nagusia defizita betetzea zen». Azaroaren 8an, lau hipotesi azaldu zizkioten Goikoetxeari: zenbat eta gehiago atzeratu, orduan eta okerrago. «Hipotesi okerrena hartu zuten». Guztira 67 milioi euro atzeratzea, 24,7 milioi euro VWi. Barcinak aurretik hitzeman zuen autogilearekin hitz egingo zuela. Ez zuen egin. «Azkenik, nik hitz egin nuen Volkswageneko finantza buruarekin», esan zuen Nievesen.

Barcinaren erabakiak enpresei BEZa itzultzeko epea urratu zuen (sei hilabeteko epean itzuli behar zaie). UPNk galdetu zion ea hori legea urratzea den, eta Nievesek esan zuen ondorioak duela garrantzia, interes tasa gehigarriak ordaindu behar izan zirelako: 226.000 euro.

Alabaina, Nafarroako enpresei zein Ogasunari eta zerbitzu publikoei eragindako kalte ekonomikoa askoz handiagoa da. Nievesek ez zuen zifrarik eman, baina esan zuen 2012ko urrian 100 eta 112 milioi euro arteko kalkulua zegoela. Hots, orduan gobernuak bazekien zer kalte eragingo zuen. Ondoren, urtarrilaren 15ean bigarren kalkulua egin zuten: 120 eta 140 milioi euro artekoa zela. Irailean beste kalkulu bat egin zen, eta 251 milioi euroraino igo zen kaltearen kalkulua. Egoera gehiago nahasteko, iazko martxoan doikuntza bidez estatuari 166 milio ordaindu zitzaizkion, baina Nievesek ezin izan du argitu zenbat zen BEZaren eraginez. Abenduan, arazo handi horren aurrean, Nafarroaren alde 200 milioi euro hitzartu ziren, horietatik 140 milioi BEZari zegozkion.

Zifra dantza handia da, edozein galtzeko modua, bai. Baina Nievesek atzoko agerraldian zehaztu zuen estatuko doikuntzen ondoren izandako 148 milioi euroko galeraren zati handiena Barcinaren erabakiari zegokiola. Ironikoena Eurostatek BEZa atzeratzeko erabakia 2012ra konputatzeko agindua eman izanda da, eta Barcina defizitaren helburua bete gabe geratu zitekeela. Hori negoziatzen hilabeteak eman zituen. Dirua ez ezik, denbora ugari galdu zuen Nafarroako Gobernuak Espainiarekin gai hori konpontzen.

2. Fabore tratuak

2011ko irailaren 27an Merca'o jatetxera gonbidatu zuen Lourdes Goikoetxea orduko Industria kontseilariak Idoia Nieves. Beste kontseilari bat zenez, Alvaro Mirandari jakinarazi zion: «Ez zuen gustuko izan», azaldu zuen atzo Nievesek. Bazkalostean beste gairik aipatu gabe Goikoetxeak eskatu zion inspekzio planen berri emateko, Nievesen arabera. Bere zuzendaritza taldeko hiru kideri esan zien gero: «Bizi izandakoa kontatu dut. Ez dut zertan asmatu, horrek garrantzia zuelako». Goikoetxeak 2012ko uztailean kargua hartzean, beste hiru goi karguduni esan zien, baita Mirandari berari ere: «Harrituta geratu zen». UPNk salaketa horren inguruko frogarik baduen galdetu zion: «Ez, ez dut jendearekin solasaldiak grabatzeko ohiturarik», erantzun zuen.

2012ko uztailean eta 2013ko ekainean Nafarroako Unibertsitateak bere kide batzuen senideei matrikulazioetan eskainitako abantailak Ogasunaren jomugan sartu ziren, eta horren harira Goikoetxeak Nievesengana jo zuen. Patxi Zabaletak galdetu zion zehazteko «zer presio mota» jaso zuen: «Iradokizuna edo agindua».Nievesen arabera, «iradokizuna izan zen, baina buruzagi hierarkiko batek egiten dizun modukoa». Zabaletaren irudiko, erantzun hori «argigarria da». Aurrerago ere Nievesek hauxe esan zuen: «Kontseilari batek iritzia ematen badu behin eta berriz, eta buruzagi hierarkikoa bada, iritzia baino zerbait gehiago da». Kontuan hartu behar da inspekzio horietanmaila batean Goikoetxeak esan zuela Barcinarengana joko zuela, Nafarroako Unibertsitatea «zergadun garrantzitsua» delako.

Conservas Almanaque enpresak iaz lan istripu larri bat izan zuen. Goikoetxearen arabera, enpresaburuak hitzordua zuen inspekzioarekin, eta bezero ohi moduan, Goikoetxeari eskatu zion inspekzioa atzeratzeko. Egunotan, kasu, Barcinak arrazoitu zuen «arrazoi humanitarioengatik» izan zela. Patxi Zabaletak esan zuen juridikoki kontzeptu hori ez dagoela, eta Nievesek gaineratu zuen Goikoetxearen prozedura tokiz kanpokoa zela: «Araudiak inspekzioa atzeratzeko aukera ematen du. Inspektoreak gizakiak gara, eta baditugu moduak hori egiteko». Hots, enpresaburuak Ogasunean bazuen modua hori egiteko, eta Goikoetxeak hori bazekien. Bere oharretan hauxe jarri zuen kontseilari buruz: «Emakume honek ez daki non dagoen».

Ostalaritza sektoreko tabernei eta enpresei egindako inspekzioak ere hauts ugari harrotu zituen. Inspektoreek in situ egin zituzten ikuskaritzak, eta kexu ugari eragin. Nievesen arabera, ez zen lehen aldia halako inspekzioak egiten zirela, baina bai ostalaritzan. Zuzendari gerente ohiak «ohikotzat eta normaltzat» jotzen ditu protestak; ez, ordea, Goikoetxeak «esku hartu nahi izatea. Geroa Baiko Manu Aierdik galdetu zion ea inspekzio plan osoa eskatzea bezala izan zen presio hura. Nievesek erantzun zion baietz: «Hala ikusten dut nik, bai».

3. Nafarroako Kutxa

Datu berriak eman zituen Idoia Nievesek. Barcinak interesa zuelako Goikoetxeak 2013ko apirilaren 15ean Nafarroako Kutxari buruz bi aitorpen eredu eskatu zizkion: zerrendan kontseilari eta zuzendarien sariak agertzen dira zerrendatuta eta 3.005 eurotik gora fakturatu duten enpresak. Barcinak egunotan esan du bere datu pertsonalerako zela: «Datu pertsonalerako bada, norberaren datuak sar daitezke Ogasunaren webgunean, eta datu oro lor daitezke, eta hori Goikoetxeak badaki». Zabaletak galdetu zion Nievesi ea zergatik izan zitekeen informazio eskea: «Uste bat baino ez da. Nire ustez Auzitegi Gorenean defentsa juridikoa prestatzeko nahi zuen presidenteak».

4. Kontzertu ekonomikoa

Aurten kontzertu ekonomikoaren negoziazioa hasiko da. Hurrengo lauzpabost urteetarako zerga fluxuak eta zergak biltzeko irizpideak zehaztuko dituzte Nafarroak eta Espainiako Estatuak. Negoziazio horiei ekiteko orduan, oso kezkatuta azaldu zen Idoia Nieves. «Kontzertu ekonomikoarena etsigarria izan zen. Ez genuen estrategiarik, ez taktikarik. Behar nuen argi eduki norantz gindoazen». Eta ez zuen.

Iaz Barcinak mitin politiko batean iragarritako zerga erreforma ere aipatu zuen: «Erreforma lantzeko orduan, ez zidaten inongo irizpiderik pasatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.