Gurasoen etxetik joateko aukera gero eta urrutiago ikusten dute gazteek

Gazteen Euskal Behatokiak egindako ikerketaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteek iritzi baikorra dute etorkizunaren inguruan

Jon Redondo Gazteria zuzendaria, ikerketaren aurkezpenean. L. JAUREGIALTZO / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko martxoaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaur egun duten egoerari buruz eta etorkizunari buruz baikor dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteak. Egoera hobetuko zaien esperantza handiagoa dute duela urtebete baino, batez ere, lana lortzeari begira. Emantzipatzeko aukeraren inguruan dira ezkorren; gurasoen etxetik joateko duten nahia epe laburrean «bete ezinik» geratuko direla iruditzen zaie ia erdiei, eta gora egin du uste horrek, gainera.

Bereziki kezkatua du horrek Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendaria. Jakinarazi duenez, batez beste 30 urterekin uzten dute gurasoen etxea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek, eta horrek eragin kaltegarria du gizarte osoan: berandu joaten dira beren etxeetara, berandu sortzen dute familia, eta, ondorioz, ume gutxi izaten dituzte. Zahartzen ari den gizartean, berebiziko garrantzia eman dio pentsioak ordaindu ahal izatea bermatuko duten belaunaldi berriak izateari. Suedia eta Danimarkan, esaterako, 20 edo 21 urterekin emantzipatzen dira gazteak, eta ondorioz, ume gehiago izaten dituzte.

Hala ere, oro har, baikor daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteak, Gazteen Euskal Behatokiak egin duen ikerketaren arabera. Aurrera Begira. Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak azterketak jasotzen duenez, pozik bizi dira gazteen %78. Lanarekin eta diruarekin dute poztasunik gutxiena, baina egoera hobetuko dela uste dute.

Iazko azaroan 1.512 gazteri egindako inkestaren arabera, lana dutenek galtzeko arrisku gutxiago sumatzen dute 2013an baino, eta lana aurkituko dutela uste dutenak %60 dira —lau puntu gehiago—. Etorkizunarekiko konfiantza indizea %74koa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.