Egiluzen desagertzeari buruzko ikerketa itxi egin dute, susmagarririk gabe

Anberesko fiskalak ez du loturarik ikusi lapurreten eta desagertzearen artean.Ikerketa gehigarria eskatzea aztertuko du familiaren abokatuak

Egiluz desagertu eta urtebetera egindako elkarretaratzea. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Jon Rejado.
2015eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Anberesko fiskalak itxi egin du Hodei Egiluzen desagertzeari buruzko ikerketa. Ondorioen artean nabarmendu du 2013ko urriaren 19an Egiluzek bi lapurreta izan zituela; ordea, ez du antzeman lapurreten eta desagertzearen arteko lotura zantzurik. Hau da, fiskalak ez ditu susmagarritzat jo lapurreta horietan parte hartu zuten hiru pertsonak. Edonola ere, horien aurkako auzibide penala irekitzeko eskatu du; ez hilketagatik, baizik eta indarkeria erabilita egindako lapurretagatik.

Gazet van Antwerpen egunkariak jakinarazitako informazioaren arabera, gaur zortzi erabakiko du epaileak zer egin Egiluzen kasuarekin. Galdakaoko gaztearen senideen abokatuak aztertzen ari dira aurrera begira zer urrats egin behar diren, eta ez dute baztertu ikerketa gehigarria eskatzea, epailearen erabakiaren arabera. Edonola ere, fiskalak ikerketa itxi izana «logikotzat» jo dute. «Kasua ikertu ondoren noizbait hartu behar zuen ondorioak jakinarazteko erabakia», azaldu dute abokatuek.

Fiskalak ondorioak jakinarazi ditu Egiluzen desagertzearen bigarren urteurrenaren atarian. Informatika ingeniari ziharduen Anberesko enpresa batean, eta lankideekin afaltzera atera zen 2013ko urriaren 19an; etxerako bidean lapurreta egin zioten, eta, ondoren, haren arrastoa galdu zen.

Hodei Egiluzen senideak eta lagunak larunbatean, igandean eta astelehenean Anberesera eta Bruselara joango dira, zenbait ekintza egiteko. Haiekin izango da Borja Lazaro Kolonbian desagertutako gasteiztarraren ama ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.