Parasitoen aurkako bi ikerketa saritu ditu Medikuntzako Nobel sariak

Campbellek, Omurak eta Tuk saria partekatuko dute, elefantiasiari, onkozerkosiari eta malariari aurre egiteko sendabideak lantzeagatik

Sarituak aurkezteko prentsaurrekoa, atzo, Stockholmen. FREDRIK SANDBERG / EFE.
Jon Rejado.
2015eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Parasitoek eragindako gaixotasunak «mundu osoko osasun arazotzat» jo ditu Nobel sariak ematen dituen erakundeak, Suediako Karolinska institutuak. Eremu horretan egindako bi ikerketa saritu ditu aurten Medikuntzako sailak, malariaren eta zizareek sortutako gaitzen sendabideak «goitik behera» aldatzeagatik. «Kalkulaezina da aurkikuntza horiek osasuna hobetzen eta sufrimendua apaltzen izan duten eragina».

William C. Campbell irlandarra eta Satoshi Omura japoniarra saritu dituzte elefantiasiari eta ibaietako itsutasunari aurre egiteko sendabidea lantzeagatik. Avermectina izeneko droga antzeman zuen Omurak, ezaugarri bereziko bakterio zepa zehatz batzuk ikertuta. Gai horrek mikroorganismo kaltegarriei aurre egiteko gaitasuna zuen, eta Campbellek haren eraginkortasuna ikertu zuen, baita findu ere, pertsonengan erabiltzeko.

Medikuntzako Nobel saria jaso duen beste ikerketa Youyou Tu ikertzaile txinatarrak abiarazi zuen, 1970eko hamarkadan. Malariaren aurka «oso eraginkorra» den artemisina drogaren erabilera abiarazi zuen Tuk, urteetan haren lorpena isilean mantendu zen arren. Artemisia annua izeneko landarearen osagai aktiboa eskuratu zuen Tuk, antzinako literatura aztertuta. Karolinska institutuaren arabera, Afrikara mugatuta, urtero 100.000 pertsona onik ateratzen dira malariatik botika horri esker.

Medikuntzako Nobel saria 1901ean banatzen hasi zirenetik Youyou Tu da esparru horretako aitortza jaso duen 11. emakumea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.