Madrilek EAEko Etxebizitza Legeari helegitea jarri izana gaitzetsi du Jaurlaritzak

Araua Auzitegi Konstituzionalera eramatea erabaki du Espainiako Gobernuak. «Autogobernuaren aurkako erasotzat» hartu du Toñak

Legeak ezarritakoa arautzea Jaurlaritzari dagokiola esan du Toñak. J. RUIZ / ARP.
Maite Asensio Lozano.
2016ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
«Nekatuta» agertu da Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernuak EAEko Etxebizitza Legearen kontra aurkeztuko duen helegitearen harira. «Autogobernuaren aurkako beste eraso bat» dela adierazi zuen atzo Angel Toña Gizarte Politiketarako sailburuak, gogora ekarrita funtzionarioen 35 orduko lan asteari ere asteon jarri diotela errekurtsoa: «Ez da egokia kongresuan azalpenak eman nahi ez dituen jarduneko gobernu batek obsesio birzentralizatzaile bati ekitea».

Ostiraleko Ministroen Kontseiluan erabaki zuen gobernuak legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramatea, estatuaren eskumenak urratzen dituelakoan. Etxebizitza bat hutsik edukitzea zigortzea dakar arauak; zigor horiek ezartzeko irizpideak desegokiak direla argudiatu du gobernuak, «susmoetan» oinarrituta daudelako. Etxe hutsetan norbait bizitzea bultzatzea ere ez dagokio Jaurlaritzari, Madrilen ustez: argudiatu du Espainiako Gobernuaren egitekoa dela «oinarrizko baldintzak arautzea eskubideak erabiltzean espainiar guztien berdintasuna bermatzeko».

Legean ezarririko beste neurri batzuen aurka —desjabetzeak, adibidez— agertu dira ministroak, bankuetan eta etxebizitza merkatuan «eragin esanguratsua» izango luketelakoan. Toñak berretsi du Jaurlaritzaren eskumena dela auzi horiek arautzea.

Iazko ekainean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak legea, EH Bilduren eta PSE-EEren ekimenez. Sozialistek «gehiegikeriatzat» hartu dute helegitea. «Jabetza pribatua sakralizatzeko asmoa» antzeman diote gobernuari, eta «eskumenak defendatzea» galdegin diote Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.