Epaimahaiak zozketa bidez osatzeko eskatu dio Arartekoak Osakidetzari

Oposizio ereduaren inguruko eztabaida eskatu du. Jaurlaritzak esan du aintzat hartu dituela aholkuak. LAB eta EH Bilduren ustez, Arartekoak bat egin du salaketekin

LAB sindikatuaren elkarretaratzea, legebiltzarraren ateetan, oposizioetako ustezko iruzurra salatzeko. E. PORTILLO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
EAEko Arartekoak bukatu egin du Osakidetzako lan eskaintza publikoko azterketetan salatutako iruzurraren inguruko ikerketa, eta hamabi gomendioz osatutako txosten bat bidali dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari. Besteak beste, etsaminak berriz egin beharko diren kasuetan epaimahaikideak aldatzeko aholkatu dio, eta oposizioetako epaimahaikideak zozketaz hautatzeko. Hautespen probak egiteko ardura epaimahaiei eman nahi die, eta ez ditzala pertsona bakarrak egin. Era berean, «ahalik eta parte hartzerik zabalena» izango duen eztabaida prozesu bat martxan jartzeko eskatu dio, hurrengo egingo diren lan eskaintza publikoak «inpartzialtasun etagardentasun eredu» izan daitezen.

Arartekoak argitu du ikerketaren helburua ez dela izan salatutako irregulartasunak benetan gertatu diren edo ez ikertzea eta horien erantzuleak aurkitzea. Horretarako eskumena EAEko Fiskaltzak duela esan du, eta gaur egun zabalik duela ikerketa.

Osasun Sailak eta Osakidetzako Zuzendaritzak erantzun dute bat datozela Arartekoak egindako gomendioekin. «Aztertu dira, eta edukiaren gaineko balorazio positiboa egin dugu. Konpromisoa hartzen dugu hurrengo lan eskaintza publikoen prozedurak hobetzeko». Iragarri dute aurtengo lehen lauhilekoan aurkeztuko dela eredu berria, eta Arartekoak egindako proposamenak jasoko dituela edukian.

LAB sindikatuaren ustez, Arartekoaren txostenaren datuek bat egiten dute sindikatuak berak egindako salaketekin. «Adibidez, txostenean jasotzen da hainbat kategoriatako azterketak errepikatu baino lehen epaimahaiak berritu beharko liratekeela. Argi gelditu da informazio txostenak ireki behar ziren edo ez erabakitzeko irizpide ezberdinak kontuan hartu direla kategoria bakoitzean. Osakidetzako ikerketa egin dutenen arteko koordinazio falta adierazten du».

EH Bilduk ere bat egin du txostenarekin. Aldi baterako enplegu tasaz Arartekoak «agertutako kezka» azpimarratu du Rebeka Ubera legebiltzarkideak. Besteak beste, test erako azterketa bakarra nahi du koalizioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.