Balluerka: «Medikuntzako matrikulazio eredu berriak kudeaketa erraztuko du»

2019-2020tik aurrera, tokien %40 B2 maila duten ikasleentzat izango dira. Baldintzapeko matrikulak urrituko dira, EHUko errektorearen iritziz

Balluerka, atzo Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. E. PORTILLO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Nekane Balluerka EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak Medikuntzako graduko matrikulazio eredu berria defendatu du. Hamar tokitik lau euskarazko ikasleentzat izango dira, datorren ikasturtetik aurrera. Horrekin, batetik, baliabideak «hobeto» kudeatu nahi ditu EHUk, eta, bestetik, baldintzatutako matrikulak gutxiagotu. «Matrikula horiek zailtzen dute gure erkidegoko ikasleen sarbidea, bai euskaldunena, bai euskaldunak ez direnena ere».

Urriaren 25ean onartu zuen EHUk matrikulazio eredu berria, eta Balluerkak aldaketaren nondik norakoak azaldu zituen Eusko Legebiltzarrean, atzo. Ohartarazi zuen egungo ereduak baldintzatutako matrikula asko ahalbidetzen dituela: beste unibertsitate batean behin betiko onespena jaso bitartean, EHUn behin-behinean matrikulatzen direnak. Ikasle horiek kanpokoak direla azaldu du errektoreak, eta abendura arteko epea izaten dutela egoera argitzeko. Horrek arazoak eragiten dituela azaldu du errektoreak. «Matrikulazio eredu berriak kudeaketa erraztuko du».

Batetik, abendura arte ez denez argitzen behin betiko ikasle taldea, «zailtasunak» daude baliabideak antolatzeko: irakasleak, azpiegiturak... «Euskaraz irakasteko ditugun irakasleen kudeaketa eraginkorra zailtzen digu egungo ereduak». Bestetik, baldintzatutako matrikulazio eskaerak gaztelaniaz ikasteko izan ohi dira, eta horrek euskaraz ikasi nahi duten ikasleen eskarietan eragiten du. Balluerkak argitu du horrek zuzenean eragiten duela Eusko Jaurlaritzak helarazi dion mezu batean: «Ez da bermatzen behar beste graduatu daudenik sendagile elebidunen beharra asetzeko». Halaber, horrek halaber eragiten du gaztelerazko taldeak «handiegiak» izatea.

Eredu berria datorren ikasturtetik aurrera egongo da martxan. Unea heltzean eredu berriaren berri emango diete Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeei, ikasleei helaraz diezaieten. Matrikulazioa egiterakoan, euskarazko edo gaztelerazkoa aukeratu ahal izango dute, baita biak ere, lehentasunak zehaztuta. Euskarazkoaren alde eginez gero, B2 maila egiaztatu beharko dute. «Batxilergoa euskaraz ikasi duten ikasleek ezagutza maila hori aitortua dute».

«Diskriminaziorik ez»

PPko legebiltzarkide Juana Bengoetxearen galderei erantzunez eman zituen azalpen horiek Balluerkak atzo. Bengoetxeak argudiatu zuen matrikulazio eredu hori diskriminatzailea dela ikasle gazteleradunentzat. Ezetz erantzun zion errektoreak, hori ez dela diskriminazioa egitea. «Ohiko neurria da unibertsitateetan; Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean ingeleseko B2 maila eskatzen zaie Ingelesezko Ingeniaritza Informatiko gradua ikasi nahi dutenei».

Gainontzeko legebiltzar taldeek azaldu zuten ez dutela diskriminaziorik ikusten EHUko Medikuntzako matrikulazio eredu berrian, eta gehienek uko egin zioten eztabaidan sartzeari. Areago jotzeko eskatu zuen, ordea, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak. Matrikulazioetan hartutako erabakia Medikuntza graduko beste eremuetara eramateko eskatuz: barruko mediku egoiliarrak, praktikaldiak egiterakoan tutore euskaldunak bermatzea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.