Pasaportea berritzen saiatu zen erasotzaileak aske jarraituko du

Nafarroako auzitegiko hiru epaileetatik bik babestu dute erabakia. Iruñeko Udalak helegitea jarriko du; gobernua aztertzen ari da

Erredakzioa
Iruñea
2018ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Antonio Manuel Guerrerok, 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren auzian zigortu zuten guardia zibilak, aske jarraituko du. Hala erabaki zuen atzo Nafarroako Probintzia Auzitegiko bigarren salak. Hiru epaileetatik bik aske mantentzearen alde egin dute; hirugarrena aurka agertu da, eta boto partikularra eman du: esan du espetxera itzuli beharko lukeela, epaitegiak ezarritako kautela neurriak urratu dituelako. Besteak beste, pasaportea epaitegian utzi behar zuenbaldintzapean aske irteteko, eta debekatua zuen Espainiako Estatutik irtetea. Astean hirutan epaitegira joan behar du.

Joan den ekainaren 22an atera ziren espetxetik «abusuengatik» zigortutako bost gizonak. Guardia zibila pasaportea berritzen saiatu zen ekainaren 25ean, kartzelatik irten eta hurrengo lan egunean. Fiskaltzaren ustez, haren asmoa Espainiatik irtetea zen. Horregatik, hura berriz espetxean sartzeko eskatu zuten fiskalak berak, akusazio partikularrak eta herri akusazioek. Uztailaren 5ean egin zuten auzi saioa, eta atzo iritsi zen epaileen erantzuna.

Iruñeko Udalak iragarri du helegitea aurkeztuko duela. Izan ere, uste du pasaportea berritzeko ahaleginak «ihes egiteko arriskua» berretsi duela. Nafarroako Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok adierazi du Nafarroako Gobernua ere helegitea jartzea aztertzen ari dela. «Uste dugu behin-behinean aske uzteko ezarri zizkioten baldintzetako bat urratu duela pasaportea berritzen saiatu denean». Auzitegiaren erabakiak «harritu» egin du Ollo. Eta ziurtatu du beste behin ere gizartea ez datorrela bat auzitegiak erakutsi duen ikuspegiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.