Urrengoetxea hiltzeagatik epaitutako adingabeari sei urteko zigorra ezarri diote

Iazko abenduan hil zuten Ibon Urrengoetxea, Bilbon. Kasu hartan identifikatutako adingabea ez dute epaitu, 13 urte izateagatik

Urrengoetxearen hilketa salatzeko, Zornotzan eginiko protesta. M. RAMIREZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Bilbo
2018ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Sei urteko erregimen itxia eta hiru urteko zaintzapeko askatasuna ezarri diote Ibon Urrengoetxea Urren zornotzarraren hilketarengatik epaitu duten 16 urteko adingabeari, El Correo egunkariak jakinarazi duenez —auzitegietako iturriek ez dute egiaztatu, akusatuak adingabeak izaki, haiei buruzko informaziorik ezin dutelako eman—. Iazko abenduaren 23an izan zen jazoera, Bilbon: bi adingabek eraso egin zioten Urrengoetxeari; lapurreta baten biktima izan zen, Nafarroa kalean. Aurre egin zien erasotzaileei, eta haiekiko liskarrean, lurrera erori, eta hil egin zen, buruan kolpe bat hartuta.

13 urte besterik ez du gertaera horren ondorioz identifikatu zuten beste gazteak, eta, horregatik, ezin izan dute epaitu. Hala ere, uztailaren 19an Bilboko Adingabeen Epaitegian egin zen ahozko ikustaldian egon zen.

Urrengoetxearen hilketak kezka handia eragin zuen Bilboko gizartean, eta sentipen hori areagotu egin zen handik egun batzuetara, Otxarkoaga auzoan 87 urteko senar-emazte batzuk hil zituztenean. Hain zuzen, krimen horretaz akusatutako hiru adingabeen aurkako epaiketa bihar hasiko da.

Urtarrilaren 18an hil zituzten senar-emazteak, etxean lapurtzera sartu zirenean. Ertzaintzak azaldu zuenez, gorpuek indarkeria zantzuak zituzten. Hiru gazte atxilotu zituzten hilketekin lotuta, hirurak adingabeak. Fiskalak seina urteko zigorra eskatu du 14 urteko bi gazteentzat, bi hilketak eta lapurreta leporatuta; 16 urteko gaztearentzat, berriz, hamalau urteko zigorra eskatu du, hilketen bultzatzailea izatea egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.